NAIZ

GOe lehen erabilerako lizentziarik gabe zabaldu dela salatu du EH Bilduk

Gros auzoko GOe zentroa lehen erabilerako lizentziarik gabe zabaldu dela salatu du Donostiako EH Bildu udal taldeak. Hirigintza arduradun Nekane Arzallusek batzorde batean hala onartu duela nabarmendu du EH Bilduk.

GOeren irekiera ofiziala zela eta elkarretaratzea egin zen Donostiako Gros auzoan.
GOeren irekiera ofiziala zela eta elkarretaratzea egin zen Donostiako Gros auzoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«GOe-ren [Gastronomy Open Economy] lehen erabilerarako eta jarduerarako lizentziari buruz astelehen honetan batzordeetan galdetuta, Hirigintza ordezkariak adierazi du gaur egun eraikin horrek ez duela legez eskatutako lizentziarik irekitzeko eta martxan jartzeko», nabarmendu du EH Bilduren Donostiako udal taldeak.

«Hala adierazi du Lurralde Garapen eta Planifikazio batzordean Nekane Arzallusek. Eta hala eta guztiz ere, urriaren 20an egin zen irekiera ofizialaren aurretik ate irekien jardunaldiak antolatu ziren herritarrentzat. Harrezkero ere hainbat ekitaldi antolatu dira: hurrengo egunetarako programatutako egutegia, hainbat jarduerekin, horren froga da», gaineratu du EH Bilduk.

Jarduera-lizentzia maiz eskatu baldin badu ere oraindik ez duela jaso azpimarratu du EH Bilduk. «Eta agian izango da gaur egun espedienteek ebazpenaren zain jarraitzen dutelako».

«Obra teknikoki amaitu gabea»

Arzallusek onartu zuenez, «Okendo kultur etxearen ondoko eskaileran eta espaloian akatsak daude eta zenbait konponketa egin behar dira; horrek esan nahi du obra teknikoki ez dagoela amaituta».

«Testuinguru horretan, ez dugu ulertzen zergatik gonbidatu ziren herritarrak instalazioak ezagutzera, ezta zergatik antolatu zen irekiera ofiziala ere, beharrezko lizentziak ez bazeuden eta ez badaude behar bezala. Era berean, ez dugu ulertzen gaur egun tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzen jarraitzea. Honi buruz interpelatuta, Hirigintza ordezkariak ukatu egin du gaur egun GOek programaziorik duenik, baina hori horrela ez dela egiaztatzea erraza da: nahikoa da erakundearen webgunean begiratzea», adierazi du EH Bilduk.