Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Aitaren galeraren doluan, haren benetako nortasunaren bila aritu da Hedoi Etxarte lehen nobelan

Lehen nobela ondu du Hedoi Etxartek. Bilaketa baten emaitza da. Ustez ondo ezagutzen zuen aita. Haren heriotzaren ondoren benetan nor izan zen jakin nahiak bultzatu du idaztera. 70eko borroka politikoaren protagonistei jasotako testigantzak eta lehengo pertsonan idatzitako dolua uztartu ditu.

Hedoi Etxarte, bere liburua eskuan, Donostian.
Hedoi Etxarte, bere liburua eskuan, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Akats bat du abiapuntu ‘Izen baten promesa’ (Susa) liburuak edo zehazkiago esanda akats batek eman dio azkenean hartu duen forma. Aitaren hiletan, ‘Gora Liga Komunista iraultzailea’ oihua entzun ostean, haren gaztetako lagun batek Hedoi Etxarteri esan zion ezetz, Aitor Etxarte ez zela LKI-ko militantea izan, baizik eta Komunisten Ligakoa. Aitaren bizitzaren zati bat ezagutzen ez duela ikusteak eraman zuen idazlea Aitor gazteari buruz gehiago jakin nahi izatera, oinordetzaz hausnartzera eta Aitorren gaztaroko ahotsak biltzera». Modu honetan hasi du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak Hedoi Etxarteren lehen nobelaren aurkezpena.

Txandaka harilkatutako 27 atalez osatua da ‘Izen baten promesa’ liburua. «Atal bakoitietan, aitaren heriotzaren doluak ekarritako pentsamenduak dira nagusi, nahiz eta beti ez dauden doluarekin zuzenean lotuta. Atal bikoitietan, Aitorren gaztetako lagunak, militantzia kideak eta maitaleak mintzo dira lehen pertsonan», kontatu du Lopez Ziluagak.

«Frankismoa, militantzia politikoa, artea, sexu desira eta harreman askeak, gurasoen munduarekin apurtzeko nahia, poliziaren indarkeria, emakumeen greba ahaztuak... Iraultza iristear zela pentsatzen zuen belaunaldi batek hitz egiten du. Irakurri, eztabaidatu, greba basatiak egin, sexuaz gozatu… nahi zuen belaunaldi batek» editorearen esanetan.

Liburua zeharkatzen duen ideia da oinordetzarena. «Zer jasotzen dugu egun, gure familiakoengandik, eta zer jasotzen dugun aurreko belaunaldietatik, eta kideetatik? Bereziki, borroka politikoan aritu diren aurreko aurreko belaunaldi eta kideetatik. Eta zer egiten dugun oinordetza horrekin. Alde horretatik, elkarrizketa politiko moduko bat dago hilda hildakoekin liburuan zehar», egin du hausnarketa editoreak.

«Liburuaren hasieran, Aitorren hileta egunean, mendira joan eta gandua baino ez zegoela aipatzen du haren lagunetako batek. Esango nuke liburu hau batean dela gandu artean ikusteko saiakera bat. Ustez, ezagutzen genuen pertsona bat ezagutzeko saiakera bat, ezinezkoa dela jakin arren. Izan ere, ezagutu dezakegu erabat ondo ondokoa?», jarraitu du.

«Gaurko egunez duela 50 urte, hil zen ohean, Eliza Katolikoaren bedeikapen guztiekin, Francisco Franco Bahamonde, Espainiako Gobernuko presidentea, Espainiako kaudilloa, eta Falangeko burua. Ohean, gazak azalean, orratzak zainetan, kotoizko izara zurien artean, arnasgailuari lotuta eta ñir-ñir egiten duten makinek zelatatuta. Hodiz eta kablez inguratuta hil zen intubatuta Madrilgo La Paz hospitalean», gogoratu du Hedoi Etxartek.

«Gaurko egunez duela bost urte, Aitor Etxarte Berezibarrek 18 egun zeramatzan ohean sedatuta. Gazak azalean, orratzak zainetan, kotoizko izara zurien artean, arnasgailuari lotua eta ñir-ñir egiten duten makinek zelatatuta. Hodiz eta kablez inguratuta hil zen, intubatuta, Iruñeko Bideko Amaren Ospitaleko ZIUan. Gaurko egunez, hilabete barru izango litzateke Aitorren hileta Iruñeko Hilerriko errauskailura sartu aurretik. Bi garai horiek kontatzen ditu ‘Izen baten promesa’-k. 1970eko politika iraultzailearenak Iruñerrian eta istripuz Covid 19arekin hil osteko doluarenak», esan du Etxartek.

«Nobela hau ez da gaurko borrokei buruzko liburu bat eta tamalez ez du partekatzen 1919an Clara Zetkinek masa proletarioekiko zuen itxaropena. Baina bada, Zetkinek aipatzen dituen arimei buruzko liburu bat, badelako Marxen mamuei buruzko liburu bat. Gauaren mamua, itxaropenarena, angustiarena, bakardadearena, talde baten parte izateko grinaren inguruko liburu bat. Eta liburua oso zehatza da. Liburuan nire ahotsak hitz egiten du doluaz hitz egiteko. Eta nire ahotsa da funtsean aurretik egon zirenen ahotsa: Aitorren ahotsa, amatxi Pilarren ahotsa, aitatxi Emilianoren ahotsa. Da 1936ko Gerraren ahotsa, 1934ko iraultzarena. Eta da nik nire ahotsa osatzeko erabiltzen ditudan erraldoien ahotsa. Nik ez dut Jainkoan sinisten. Nik ez dut uste liburu batean bakarrik dagoenik egia. Baina uste dut liburuetan dagoela egia. Eta nik liburuetatik eta liburuez hitz egitetik ikasi dut. Eta nobelan hori dago».

Liburua ontze bidean lagun izan dituenak gogoan izan ditu gaurko hitzartzean. «Ezinbestekoa zen Aitorrek gure ama ezagutu aurretik ze itxura zuen jakitea. Eta hala elkartu naiz, bere txikitako lagunekin, Gaztaroko ikaskideekin, bikotekide eta maitale izan zirenekin, militantziako kideekin... 70eko hamarkadaz, maitasunaz, haiek gerora egin duten bizitzaz, iraultzaz... hitz egin dugu. Liburura ekarri ditudan pertsonaiek ezaugarri batzuk partekatzen dituzte. 70eko hamarkadan gazteak ziren eta erakunde iraultzaileetan egon ziren. Horietako bakar bat ez da 80ko hamarkada erditik aurrera politikara dedikatu, baina politikaz pasioarekin hitz egiten jarraitzen dute, gaur egunera arte. Guztiek partekatzen duten beste ezaugarri bat da euren burua ez dutela protagonista gisa ulertzen, ez politikaz ari direnean, ez arteaz ari direnean, ez eta bizitzaz ari direnean ere. Haiek egindakoari balio gutxi ematen diote. Eta ordea, gaurtik irakurrita, determinazio handiko jendea zirudien», kontatu du idazle iruindarrak.

Liburua barne solasaldia da. «Bizitzei buruzkoa, bizitzaren zentzuari buruzkoa, zuztarreko aldaketen ostean iragana berrirakurtzeko ariketa bat da. Iragana idatzi, berridatzi eta asmatzeari buruzkoa», adierazi du Etxartek.