
Sektore publikoan euskaraz lan egin eta euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko mobilizazioak iragarri dituzte ostegun honetan ELA eta LAB sindikatuek. Abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo dira, ‘Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez’ leloa duen kanpainaren barne.
Bi oharretan azaldu dutenez, euskararen kontrako epaiak salatu nahi dituzte kanpaina honekin, baita ere Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzeko aldarrikatu.
Nafarroaren kasuan, euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzeko eskatuko dute, eta «lege berria egon bitartean, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea euskara ofiziala den eremuetan. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea».
EAEn, berriz, lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izateko exijitu dute, eta, «lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan».
«Hego Euskal Herriko administrazioak eratu zirela 40 urte igarota, sektore publikoko langileek eta herritarrek ez dute hautazko hizkuntzan zerbitzua bermaturik; soilik gaztelaniazko zerbitzua bermatzen da. Egun indarrean dagoen araudiarekin langile eta herritar euskaldunak bigarren mailako herritarrak dira», kritikatu du ELAk, eta neurriak eskatu ditu «euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion».
Izan ere, LAB sindikatuaren esanetan, «azken urteetan Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoak euskaraz eskaintzearen eta lantokietan euskaraz lan egin ahal izateko eskubideen oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu», eta «euskararentzat berme juridikoak lortzeko ofentsibara pasatzeko garaia da». «Aldaketa legalak egiteko garaia da. Administrazio publikoa euskalduntzearen aldeko lege bermeek mobilizazio soziala eta euskal langileen aktibazioa eskatzen dute, eta, horregatik, mobilizazioak areagotzeko garaia da, bestelako borroka moldeak baztertu gabe», gaineratu du.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
