NAIZ

Torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikak jakinarazi duenez, torturatutako beste zazpi pertsona ofizialki aitortuak izan dira. 94 pertsona dira jada orain arte indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutakoak. 

Egiaren Garaia Da dinamikatik emandako ebazpenak «positiboki» baloratu dute.
Egiaren Garaia Da dinamikatik emandako ebazpenak «positiboki» baloratu dute. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi aitortza berri eman ditu azken astean. Ebazpen hauekin 94 pertsona dira jada orain arte 16/2019 Foru Legearen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. 

Batzordeak aitortutako tortura kasuak honako hauek dira: Polentzi Goikoetxea Barandiaran, bi aldiz torturatua Guardia Zibila eta Brigada Politiko Sozialarengatik 1980an; Jose Maria Aleman Zabaleta, Guardia Zibilak torturatua 1982an; Jon Patxi Arratibel Garziandia, Guardia Zibilak torturatua 1997an eta 2011n («Aztnugal» hitza tortura salaketarekin betirako lotuko zuena); Leire Markina Rey, Polizia jipoitua 1999an eta Guardia Zibilak torturatua 2001ean; Luis Goñi Lara, Guardia Zibilak torturatua 2008an; Araitz Amatria Jimenez, Espainiako Polizia torturatua 2008an; eta Ainara Bakedano Cuaresma, Guardia Zibilak torturatua 2009.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren Garaia Da dinamikatik emandako ebazpenak «positiboki» baloratu dute, «Estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina azalarazteko baliogarriak diren heinean». 

«Elkarbizitza benetan demokratiko bat eraikitzeko zeregin kolektiboan gizarte bezala aurrera egiteko eta memoria inklusibo batekin konprometituko diren politika publikoak garatu nahi baditugu, ezinbestekoa dela uste dugu Nafarroa Garaian motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan gertatutako guztia salbuespenik gabe ezagutaraztea», adierazi dute ohar batean. 

«Zentzu horretan, uste dugu nafar Gobernuak azken bost urteetan hasitako bidea baliogarria izaten ari dela. Beraz, hemendik, eskaera egiten diogu ildo horretan sakontzen segitzeko, bide horretan aurrera jarraitzea ezinbestekoa baita Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatu-indarkeriari lotutako inpunitatea amaitzeko», gaineratu dute.

Diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria

Halaber, azpimarratu dute Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak ofizialki aitorturiko zazpi pertsonak torturak jasateagatik aitortu direla «giza eskubideen urraketen biktima» modura, eta Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte betetzen direnean, «argi geratzen ari da torturaren aplikazioak diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria dela». 

«Ebatzitako kasu berri hauek adierazten dute konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuela Euskal Herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte», diote. 

«Horregatik guztiagatik, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela hausnartzea zergatik bihurtu zen tortura poliziaren praktika sistematiko bat, diktaduratik hasita eta mende honetako bigarren hamarkadara arte. Eta garrantzitsua da, halaber, aztertzea zein arrazoi izan ziren hainbat pertsonen giza eskubideen urraketa larrien aurrean erabateko inpunitatea egotea ahalbidetu zutenak», nabarmendu dute.

Ohartarazi dutenez, «benetan nahi badugu halako gertaerak berriro ez gertatzea, eten egin behar ditugu horiek posible izan dituzten mekanismoak. Ez errepikapenaren bermea funtsezko zutabea da elkarbizitza demokratiko sendo bat eraikitzeko. Gai hau ezin da gehiago atzeratu, halako praktikek berriro lekurik izan ez dezaten gure gizartean».

Azkenik, Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak animatu dituzte aitortza eskaerak aurkeztera: «Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, eta, berriro ere, izapideak egiteko hala eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 948307715 telefono zenbakira deitzea».