«Gure herria defendatu ahal izatea ez da edonolako gauza; ilusioz beteta nago»
Enara Gamindek (Laukiz, 2007) Euskal Selekzioa ordezkatuko du igandean hasiko den Nazioen Ligan. Aurten 10 txapela pilatu duen pilotariari «ilusio» berezia egiten dio txapelketak. Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Madalen Etxegarai eta Naroa Agirrek osatuko dute esku huskako emakumezkoen taldea.

Esku huska, pala motza, paleta larruz, zesta-punta, pilota egokitua... Modalitate anitz bilduko ditu igande honetan hasiko den Nazioen Ligak, Bilbo eta Barakaldon jokatuko dena, eta Euskal Selekzioa ordezkatuta egongo da –Kirolaren Arbitraje Auzitegiak hil honen bukaeran ebatsiko du Espainiako Federazioaren helegieta–. Txapelketa hasi bezperan izaera ofizialaren auzia ziurgabea da baina, hala eta guztiz ere, «ilusioz beteta» dago Enara Gaminde.
Sekulako urtea osatu du bizkaitarrak eta garaipen gosez jarraitzen du. 18 urte besterik ez ditu baina erabat egonkortuta dago goi mailan –14 urterekin hasi zen nagusiekin jokatzen–. NAIZek berarekin egin du hitzordua, txapelketa berezi honi begira jarri eta urtearen balorazioa egiteko.
Aipatzen zenuen udara ez ezik, urtea izan dela ona.
Urte oso ona izan da. Bizitzako urterik onena dela esango nuke, emaitzak kontuan hartuta. Txapela nahiko lortu ditut (10, guztira) eta txapela garrantzitsuak ere bai. Master Cup zirkuitoan garrantzitsutzat jotzen ditudanak lortu ditut aurten: Binakakoa, Plazandreak eta Hiru Hiriburuak. Orain Lau eta Erdia geratzen da soilik.
Master Cup zirkuitoko hiru txapelketa nagusienak irabazi eta laugarrenaren bila zoaz?
Hori da, bai. Ahal bada hor egongo gara lehiatzeko (barrezka).
Gaztea zara baina badaramatzazu urteak goi mailan jokatzen, 14 urteetatik. Atzelari bezala nabarmentzen bai eta banaka. Hasieratik dominatzen egotea ez da izaten ohikoena.
Uste dut zortea eduki dudala. Zaharragoak direnak geldialdi bat izan zuten, palara pasa behar izan ziren. Nik ez dut hori sufritu behar izan. Lehen mutilekin ibiltzen nintzen eta segituan pasa nintzen neskekin lehiatzera, eta horrek lagundu dit maila ona ematen. 14 urte daukadanetik ibili naiz hor goian eta txapelak lortzen. Zortedun pertsona naizela uste dut.
Esperotako bilakaera eduki duzu?
Esango nuke urtetik urtera hoberantza joan naizela. Bai egon zen covid garaian urte pare bat geldialdi gehiago eduki genuela eta nire maila ez zela asko hobeto. Baina gainontzean, urtetik urtera, gutxika gutxika, denok egin dugula gorantza.
Igande honetan Nazioen Liga hasten da, Euskal Selekzioarekin arituko zara. Zein sentipen dituzu?
Ilusio handia sortzen didan txapelketa da. Oraindik ez dakigu ea ofiziala izango den edo ez. Hala ere, aurre hautaketatik oso ilusionatuta egon naiz. Entrenamenduetara motibatuta joaten. Azkenean hautatua izan naizenean poz handia ze gure herria defendatu ahal izatea ez da edonolako gauza, orain arte ez dugu aukerarik izan.
Nola izan da hautaketa prozesua?
Hasieran sei egon ginen aurre hautaketan, ze printzipioz Lau eta Erdiko txapelketa soilik jokatu behar zen. Gero, lau geratu ginen eta azkenean bost goaz –Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Madalen Etxegarai eta Naroa Agirre–, ze bikoteka eta banaka jokatuko da eta jendea behar da.
Zein helburu jartzen duzue? Igandean hasten duzue txapelketa, Binaka, Espainiaren aurka.
Hautatuak gauden bost pilotarion aurreikuspena irabaztea da. Aukerak dauzkagula sinetsita gaude. Aurkaririk gogorrenak, printzipioz, Espainiako selekzioa izango da eta ezagutzen ditugun pilotariak dira. Master Cupen aurkari eta lagun moduan ditugu. Irabazteko aukerak ditugu eta horretara joango gara.
Nolakoa da beste aurkarien maila? Bolivia, Mexiko, Frantzia...
Mexiko badakit zerbait jokatzen dutela baina Frantzian eta Bolivian ez dago txapelketarik eta beraz, ez dakit zer nolako maila edukiko duten. Dakigunagatik, aurkari gogorrena Espainia izango da.
Ekainean Gernikan zesta-punta jokatu zen eta oraingoan polita izango da modalitate ezberdinak elkarrekin ikusteko aukera egongo dela. Zuentzat, pilotarientzat, ere polita izango da hainbeste egun modalitate ezberdinetako pilotariekin elkarbizitzea.
Bai, guztiz ados. Beste modalitateak ezagutzeko aukera edukiko dugu. Ezagutzen ditugu, noski, baina ez hainbeste. Multzo handia izango gara eta giro ona sortuko da gure arten. Horrek ere politago egiten du esperientzia.
Txapelketa honek ere ematen du aukera hurrengo urteko Munduko txapelketara begira jartzeko, dena ondo bidean Euskal Selekzioa han egon daitekeelako. Hasi zara horrekin pentsatzen?
Lehendabizi, oraingoa. Ez dakigu ondo zer gertatuko den. Badakigu hurrengo urtean Munduko txapelketa bat dagoela, emakumezkoak hor egotea oso polita izango zen. Aukerak dauzkagu, nazio batzuk bagaude eta aurrerapausoak emateko polita izango zen.
Egon al zinen Gernikako Nazioen Ligan?
Bai, egun baten bai. Giro oso polita egon zen, oso alaia, publikoa oso motibatuta. Hori gogoratzean ilusio gehiago sortzen zaizu. Bilbon ere giro berdina egotea espero dut eta hori bizitzea ez da eguneroko kontu bat.
Gainontzean, zein erronka dituzu?
Ba berriro aurten irabazi ditudan guztiak errepikatzea. Lau eta Erdikoaren ostean Binakakoa dator berriz, zirkuitoa beti berdina da eta urtero ahalik eta txapela gehien lortzea da nire asmoa.
Urte asko zoaz elitean. Nekerik ez dago?
Ez. Gustatzen zaizun kontu bat egiten duzunean ez zara nekatzen. Gustora nabil momentuz.
Egonkortuta al dago emakumezkoen pilota egutegian?
Txapelketa asko daude. Master Cup zirkuitoarekin urte osoan gaude jokatzen eta beste txapelketa asko ere badaude. Akaso, orain gehiegi jokatzen dugula ere esango nuke. Azkenean, oso pilotari gutxi gara eta denok jokatzen dugu dena, batzuetan gehiegi. Baina tira, aurrerapausoak emateko beharrezkoa da eta ea atzetik jende gehiago etortzen den eta txapelketak gehiago banatzen ditugun.
Badago harrobia?
Egia esan, ez dakit. Bizkaian asko-askorik ez dut ikusten, Gipuzkoan eta Nafarroan akaso gehiago. Mugimendu askorik ez dut ikusten baina izan daiteke gero ezustekoren bat agertzea.
Laukizen ez dago pilota eskolarik?
Ez. Benjaminetako bigarren urtean, 10 urterekin, joan nintzen Sopelara.
Ihart Arakistain puntista sopelaztarra ere bai, Nazioen Liga honetarako ere hautatua izan da. Berarekin kointziditu al duzu?
Bai, bera pilotan aritzen zen. Txapel bat irabazi nuen berarekin. Urtebete nagusiagoa da baina bai, kointziditu dugu.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro


