Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Euskal Selekzioak ofizialtasunaren oihala altxatu du Gernikako Jai Alai pilotalekuan

Euskal Selekzioaren debutak ehunka pertsona erakarri ditu Gernikako Jai Alai pilotalekura. Irekiera ekitaldiaren atarian, jende andana gerturatu da elastikoa erostera, «gure nortasunaren adierazle» den larruazala janzteko. Zazpi lurraldeak ordezkatzen dituen selekzioa ez izatea da penarik handiena.

Euskal Pilota Selekzioa, irekiera ekitaldian.
Euskal Pilota Selekzioa, irekiera ekitaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Kirolariak izan gara, nazioartean ere ibili gara, inoiz ezin izan dugu gure nortasunarekin lehiatu eta beraz, amets bat errealitate bilakatzea bezala da. Ilusioa egiten du eta hemendik aurrera, kontraesanak saihestuko ditzakeen urratsa izan daiteke», dio Mikel Iruskietak, Bermeoko zesta-eskola berriko presidente eta puntista ohiak.

Duela zazpi hilabete ireki zituen ateak Bermeo Jai Alai klubak eta egun, 27 pilotari gazte daude bertan. Sasoi batean, kostaldeko herrixka honek 11 puntista profesional izan zituen eta orain, harrobian lan eskerga eginda, zesta-punta hauspotzen ari dira.

Euskal Selekzioaren debuta nazioarteko txapelketa batean ere izango da benetako hauspoa kirolarentzat. Hala iritzi du Henri Errandoneak, Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakariak, NAIZi egindako adierazpenetan: «Euskal selekzioa baldin bada, ez soilik pilotan, futbolean, errugbian... Gure lurraldea kirolaria da eta euskal selekzio batek kirola aberastuko luke».

Noski, penatuta dago Bidasoaz bestaldeko puntistek egungo Euskal Selekzioarekin jokatu ezin dutelako. Sorozabal anaiak AEBrekin ari dira, Oihana Sorozabal, Xana Gonzalez, Thibault Basque, Jon Tambourindeguy eta Ludovic Laduche, bestalde, Frantziakoarekin. Errandoneak argi dauka beraien egitekoa kasu honetan, «euskal pilotariak sostengatzea» dela.

Gogoratu du, halaber, duela hamarkada bat, Iparraldeko Pilota Batzordeko zuzendaritzak, aho batez, bozkatu zuela euskal selekzioaren alde. «Guk hobeto ikusiko genukeen zazpi lurraldeen ordezkari den selekzioa baina eman den urrats hau biziki inportantea da. Iruditzen zaigu gauza baikorrak iritsi direla, azkenean ulermena badela eta seguraski pilota izanen da aberastuko dena», gehitu du.

«Euskaldunak gara eta ikustea badela Euskal Selekzioa, poz handia dugu; guk ere nahiko genuke parte hartu. Beharrezkoa genuke egun batez urrats hori egitea, ez da erraza. Nafarroa ere hor dago. Guk Iparraldean ez dugu dudarik, euskal selekzioaren alde gara. Oztopoak izanen dira beti bezala, administrazioa gehien-gehien, baina beharbada, beharko da pasatu beste hamarkada bat eta orduan izanen da halako aterabide bat», hausnartu du.

Ikurrina harmailan

Ikurrinaren mosaiko handi batek atondu du hainbeste esperotako irekiera ekitaldia. Nazioen Liga atzo hasi izanagatik ere, Euskal Selekzioaren debut egunerako hitzartu zuten hasiera ofiziala, lehiatuko diren selekzio guztien aurkezpenarekin. «Euskal Herriak erabaki» leloarekin ere ikusi dira zenbait gazte, belaunaldi berrietan ere ofizialtasunaren grina presente dagoenaren adierazle. Hunkitzen dute halakoek, aldarrikapen historiko baten oihartzunak segida duelako. Bai eta jendearen ilusio aurpegiek –gazte, heldu zein erretiratu, nahi honek belaunaldiak zeharkatzen baititu–, irribarre urduri horrekin, kirioak dantzan hara eta hona, argazkien bitartez une gogoangarri hau betirako gorde nahian. Hurrengo egunean eskolara beranduago joango denik ere egongo da, Frantziaren aurkako norgehiagoka bikoitzak luzerako joko baitu.

 

2021ean ataka bat ireki omen zen Espainiako Kongresuan onartutako Kirol Lege berriarekin baina bidea ez da erraza izan eta ez da erraza izaten ari. Oztopoak bata bestearen atzetik pilatu dira, baita berez, atxikimendu historikoa delakoagatik, pilotaren bidea samurragoa izan behar zenean. Abenduaren 28an, azkenean, Xabier Cazaubonek zuzentzen duen Nazioarteko Pilota Federazioak onartu zuen Euskal Selekzioa barneratzea, Espainia eta Kubaren nahiei iskin eginda. 

«Bagaude nahi genuen lekuan, ez dugu lortu nahi genuen guztia baina gaur abiatuko den bidean lan egiten jarraitu beharra daukagu, urratsak ematen ahaleginduko gara», adierazi dio NAIZi Asier Amondok, Euskal Pilota Federazioko presidenteordeak.

Hain zuzen ere, horixe bera aldarrikatu du Joxe Mari Mitxelenak irekiera ekitaldiko diskurtsoan, bertso eder batekin: Berritzear dago euskal, pilotaren haria / selekzio ofizialak, orain lehenengo partida / Pelota airean dabil, aurrerantz jira eta bira / nahiz oraindik ez den heldu, Zuberora Lapurdira / Baxenafarrea eta Nafarroaren erdira / gaur Gernikako kaletan, hunkidura nabari da / Lorpen handi hau pasako bai da gure historira, lorpen handiagoak ere etorriko dira. 

Xabier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko lehendakariak, bestalde, kirolaren batasuna eta errespetua aldarrikatu ditu, edozein krispazioren gainetik.

Euskal musika, euskara –euskalki anitzek aberastuta, Bermeotik Andoaineraino; Mutrikutik Sararaino– eta herri baten nortasunaren egoitza bilakatu da ordu batzuetan Gernikako Jai Alai pilotalekua, Euskal Herriaren nahi bat nazioartera helaraziz. 

Nazioen Ligan lehiatzen diren sei taldeen desfilean, Aritz Erkiaga, Helena Barrenetxea, Eñaut Urreisti, Elaia Gogenola, Imanol Lopez, Maialen Aldazabal, Unai Lekerikabeaskoa eta Maia Goikoetxeak eraman dute txalo zaparradarik beroena, hunkigarriena. Euskal Selekzioaren lehen parte-hartze ofizialean lehiatuko diren protagonistak. Espainiako ordezkariei dagokienez, txistuak txaloei nagusitu zaizkie; Frantziakoen aurkezpenean ere nahastu dira txalo eta txistuak. AEBk, Filipinak eta Mexikok, bestalde, ofizialtasunean bidelagun izateagatik esker oneko keinuak jaso dituzte.

«Ia, ia, Euskal Herria» oihuekin bukatu da aurkezpena. Altxatu du ofizialtasunaren oihala pilotako Euskal Selekzioak, urratsa ospatu eta bidea hasi besterik egin ez dela ohartaraziz. Herri honen nortasuna ere badelako borrokatzea, traben aurrean indarra adieraztea.