
ARTOLA-IMAZ 14
LASO-ALBISU 22
«Ez dut gezurrik esango: Unai Lasorekin jokatzea berezia da. Duela bost urte elkarrekin jokatzen ari ginela arantzatxo bat geratu zitzaigun, eta ea txapelketa honetan kentzerik daukagun». Hala adierazi du Jon Ander Albisuk Artola eta Imazen aurka Binakako Txapelketa honetako aurreneko jardunaldiko azkeneko partida Artola eta Imazi irabazi ostean. Duela bost urte, miopearen begi zorrotzari esker Unai Laso atzera bota zuen bere enpresak –baita Jon Mariezkurrena ere–, eta neurri baten Jon Ander Albisuren Binakako Txapelketa bikaina zapuztu zuen.
Kosta zaie garaipena lortzea, 11-7 atzetik izan direlako Artola eta Imazen aurka. Baina piloteoan ataundarra Imazi nagusituta, Lasoren laguntza ukaezinarekin, gehi Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariaren erremate sortarekin, 3-15eko partziala lortuta eman diote buelta neurketari urdinek, txapelketako aurreneko puntua erdiesteko.
Uste baino arinago ekin dio Binakako Txapelketa Nagusiko partidak. Izan ere, hezetasuna azaldu da Beotibarren eta jaialdiko antolatzaileek Txapelketa Nagusiko neurketa bermatzea hobetsi dute, eta aurreneko postuan jarri dute. Horrek pilotarien errutina apur bat aldarazi du eta aurreneko tantoetan batik bat komeriak izan dituzte neurketara jartzeko.
Aurrelariak errematean sartzeko aukeran jarri direnean hasi da neurketa epeltzen. Sake-erremateari esker Artola eta Imaz 4-2 aurreratu dira, baina piloteoan arin nabarmendu da Laso eta Albisuren ahala Imazen gainetik eta berehalako batean egin ditu bikote urdinak 0-4ko partziala. Lanaren poderioz 50 pilotakada baino gehiagoko tanto baten ostean berreskuratu dute sakea gorriek.
Bolada ona hartu dute orduan gorriek. Materialari dagokionez ez da beste munduko alderik egon, baina gorrien pilota errazago kentzea lortu du Imazek eta gutxiago gozatu dute nola Lasok hala Albisuk. Ondorioz, Imaz erosoago aritu da atzean eta Artola, berriz, inspirazio handiaz aritu da aurreko koadroetan.
10-6raino aurreratu dira Artolak eta Imazek, baina Alegiako aurrelariari behera joan zaion sotamano bati esker urdinek sakea eta beren pilota ateratzeko parada izan dute. Alabaina, urdinek lortu dute berriz ere beren bolada hartzea, eta hala, eskuin boleaz Unai Lasok horma bikoa jota tanto ederra oparitu die Beotibarren bildu direnei. Are, aurreneko atsedenaldi luzera Laso eta Albisu aurretik iritsi dira, 11-12, Artolari kanpora eta behera joan zaizkion pare bat erremateren ostean.
Laso, oso eroso
Unai Lasok hauxe izan du bere hirugarren partida belauneko ebakuntzaz geroztik. Aurrenekoan Elordik airean eraman zuen, baina odolkiak ordainetan eman zizkion bigarren partidan Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. Inolako beldurrik gabe, ez mugimenduetan ezta errematatzeko orduan ere, Unai Laso itxura baten oso eroso aritu da, berdin defentsa lanetan edo piloteo betean izan bada ere.
Piloteoa luzatu ahala Laso eta Albisu nagusitu egin dira, baina gorriek lanerako gaitasuna erakutsi dute eta, aldiz, Albisuk pilota pare bat zerietara joaten utzi ditu, eman beharraren eman beharraz. 13-14raino hurbildu dira Artola eta Imaz, baina hauek ere amaren semak izan, eta pare bat pilota joaten utzi eta gero, urdinek beste behin aldea zabaldu dute; tartean txokotik zabalera eskuin sotamanoz Lasok sartu duen dejada bikaina, zaleen txalopak eta miresmena sortaraziz. Imazek Albisuri hanketara luzatu dion pilotakada bati esker 14-17 hurbildu dira gorriak, baina Unai Lasok txokoan airez 14-18koa ezarri ostean iritsi da neurketa bere azken atsedenaldira.
Etenaldiaren ostean misterio handirik gabeko bi sake sartu ditu Unai Lasok. Lanari ez diote muzinik egin Artolak eta Imazek, baina neurketaren inertzia urdinen aldera erori da 14-18koaz geroztik eta hasieran eta partidaren erdialdera asko landuriko tantoak izan direnak askoz arinago erori dira Laso eta Albisuren alde. Hala, Albisuk menpean hartuko tantoa ezker airez txokoan bikain amaitu du Unai Lasok, Albisurekin kontuan hartzeko bikotea osatzen dutela argi uzteko, nahiz eta teorian oraindik Unai Lasorik onena ikusteko denbora beharko lukeen.
PARTIDAKO FITXA:
Iraupena: 59:50 minutu. Pilotakadak: 510. Sakez: 1 Artolak eta 3 Lasok. Egindakoak: 5 Artolak eta 2 Imazek; 11 Lasok eta 0 Albisuk. Galdutakoak: 4 Artolak eta 4 Imazek; 2 Lasok eta 4 Albisuk. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 4-2, 4-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-14, 13-14, 13-17, 14-17, 14-22. Gorabeherak: Uste baino lehenago jokatu behar izan dute Binakako Txapelketako partida Tolosako Beotibar pilotalekuan hezetasunaren ondorioz. sarrera polita. Aurreneko sakea, urdin eta trabesak ere bai.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
