
Azken asteotan albiste izan dira EH Bilduren, EAJren eta PSEren arteko elkarrizketak, EAErako estatus berri bat adosteko. Ildo horretan, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak astelehen honetan euskal alderdiei adierazi die sindikatuek estatusaren eztabaidan parte hartzeak duen garrantzia.
«Euskal sindikatuok badugu zer esana eta zer egina balizko estatus berriari dagokionez. Estatusa berritzeko prozesuak sindikatuon eta herri eragileon parte hartzerako mekanismo zehatzak eta eraginkorrak aurreikusi behar ditu», nabarmendu du.
Bi arrazoi azaldu ditu Arroyok; lehena, langileon lan eta bizi baldintzak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko beharra. Horrela, azpimarratu du «lau hamarkadatan patronalaren neurriko autogobernu eredua garatu du EAJk; kontzertu ekonomikoa zetaerga politika enpresariei mesede egiteko baliatu dira. Aberastasunaren birbanaketarako aukerei uko egin zaie. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko orduan, erabat mugatua izan da».
Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, LABek «hasieratik» esan zuen EAEko estatutua langileon ikuspegitik ez zela nahikoa, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa bermatzen ez zituelako.
«Gainera, estatutua higatu egin da, eta bere garapena oztopatu, besteak beste, negoziazio kolektiboa estatalizatuz, zerbitzu publikoaren garapenari mugak jarriz eta funtzio publikoan euskara ofiziala izan dadin eragotziz. Egiturazko gabezia horiei konponbidea jarri behar dio balizko estatus berri batek», aldarrikatu du LABek.
Bigarren arrazoia langileen parte hartzeari lotuta dago. Hala, «estatus berri bat aurrera ateratzeko sor litezkeen oztopoak gainditzeko, ezinbestekoa izango da herri babes eta atxikimendu zabal bat», argudiatu du Arroyok.
«Euskal Herrian bada aktibazio sindikal eta sozial handi bat. Jendarte eredu justuago bat eraikitzeko erregaia da hori, baita olatu erreakzionarioari muga jartzeko errezeta ere. Langileriak eta herri sektoreek, mugimendu feministak edota euskalgintzak egindako eskariei bide emanez gero, bertako instituzioak prestigiatuko lirateke, eta, eskuin muturrak elikatutako antipolitikaren aurrean, Euskal Herrian herri partaidetzan oinarritutako politika egiteko aukera izango genuke», azpimarratu du.
LAB, eragile aktibo
LABek estatus berri baten eztabaidan eragile aktibo izan nahi duela berretsi du Arroyok. Orain arte sindikatuon ekarpena jasotzeko prozedurarik egon ez dela ikusita, estatusari buruz elkarrizketan ari diren hiru alderdi politikoekin (EH Bildu, EAJ eta PSE) biltzeko eskaria egin du LABek.
EH Bildu eta PSE bilera egiteko prest azaldu dira, ez ordea EAJ; eta hark emandako ezezkoa deitoratu du Arroyok: «Estatusarena alderdien arteko afera dela argudiatuz bilera ukatu digu EAJk, eta horrek erakusten du alderdi batzuentzat traba bat dela sindikatuon eta herri eragileen parte hartzea».
«EAJk Pradalesekin aldaketa itxura eman nahi izan du, baina lehengo lepotik du burua. Osasun Mahaia akordiorik gabe itxi zuen eta Eusko Legebiltazarrean bi herri ekimen legegileri buruz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio. Estatusari dagokionez ere sindikatuon eta herri eragileon iritzia hutsaren hurrengoa da EAJrentzat», adierazi du.
Arroyok oroitarazi duenez, EAJk argudiatu zuen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko bidea herri ekimen legegilea beharrean estatus berriaren eztabaida zela. «Hori esan eta LABekin Euskal Herrian, 2025eko azaroaren 24an estatus berriaz hitz egiteari uko egitea erabat kontraesankorra da; jarrera zuzentzeko deia egiten diogu EAJri».
Edozein modutan, LABek euskal langileen eskariak aintzat har daitezen lan egiten jarraituko duela adierazi du. Alderdien arteko elkarrizketa fasean zein abian jar litekeen ibilbide instituzionalean, lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresnak aldarrikatuko ditu LABek.
«Badira hogeita hamar urte herri honen gehiengo sindikalak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuenetik. Euskal langile guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, bertako instituzioen eskumenak eta bertako negoziazio kolektiboaren ahalmena zabaltzea ezinbestekoa da», azaldu du bozeramaile nagusiak.
Proposatutako neurriak
Gutxieneko soldata propioa ezartzeko ahalmena, bertako pentsio sistema osagarria garatzeko ahalmena, tresna soziolaboral propioak eta eremu publikoan zein pribatuan bertako negoziazio kolektiboaren babesa dira LABek proposatu dituen neurriak.
Maila intersektorialean, sektorialean edo enpresetan, «patronalaren betoak gainditzeko mekanismoak
nahiz bertako patronal eta sindikatuen artean adostu daitekeen edozein gai inolako injerentziarik gabe errespetatzeko bermeak jasotzea», gehitu du LABek.
Bestalde, zerbitzu publikoak mugarik gabe arautzeko aukera, eta zerbitzu publikoen aurrekontuez, funtzio publikoko langileen kontratazioaz edota hizkuntza profilez erabakitzeko ahalmen osoa proposatu du.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
