Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

‘Haurdunaldi oharrak’, haurdunari begira dagoen ahizparen begietatik

1991n argitaratu zuen Yoko Ogawak orain euskaraz datorren ‘Haurdunaldi oharrak’ (Igela). Haurdun dagoen bere ahizpari begira dabilen gaztearen begiek irakurtzen duten errealitatea islatzen da bertan, eguneroko forman. Iker Alvarezek ekarri du euskarara.

Liburuaren aurkezpena, itzultzailea online konektatuta.
Liburuaren aurkezpena, itzultzailea online konektatuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iker Alvarez iruindarrak ekarri du euskarara Yoko Ogawaren ‘Haurdunaldi oharrak’ eleberria. 1991n idatzia, idazle japoniarraren lehen obretako bat da, dozenaka hizkuntzatara itzulia izan dena eta, orain, Igelaren ekimenez, euskarara ere iritsi dena.

Eleberria Donostian aurkeztu zuten Iker Alvarez itzultzaileak eta Ereineko editore Inazio Mujika Iraolak. Azken honek hartu zuen hitza lehenik, Ogawaren literaturgintzaren zertzelada batzuk emateko. Yoko Ogawak (1962, Okayama) literaturan 1988an debutatu zuela ekarri zuen gogora, kritika bikainak eskuratu zituen ‘Tximeletaren deuseztatzea’ lanarekin. «Haren prosa zehatza da, adornorik gabea, biluzia. Atmosferak oso ondo errekreatzen dituen idazlea da», nabarmendu zuen. Eguneroko xehetasunak «tresna literario» bilakatzeko gaitasuna duela jarri duen balioan, eta bere gai fetixeak intimitatea, oroimena, gorputza eta isiltasunak direla ere aipatu zuen.

Hare gehiago ‘Hardunaldi oharrak’ eleberrian. 1991n idatzitako lan honetan, tituluak adierazten duen bezala, haurdunaldi baten istoria kontatzen da. Baina badu berezitasun bat: ez da haurduna bere esperientzia kontatuko diguna, baizik eta kanpotik, begira dagoen ahizpa gaztearen begietatik, jasoko du irakurleak gertazten ari denaren informazioa. Mujikak aurreratu zuenez, «alde ilun eta ez batere idealizatua» dakar Ogawak: «Narratiba zoriontsua erabat deskartatua dago Ogawaren kasuan: goragaleak daude, nazkak, obsesioak, ezinegonak... eguneroko bat idazten ari da eta eguneroko gauzak kontatzen ditu». Kontakizuna «geldoa» bada ere, bukaeran «sorpresa bat» dagoela ere iragarri zuen editoreak, bere hitzetan, irakurlea aurretik irakurritako istorio guztia berrinterpretatzera daramana.

Nobela honekin Ogawak Japoniako sari literario nagusia eskuratu zuela nabarmenduz hasi zuen bere hitzartzea Alvarezek. 28 urterekin eta horrelako istorio batekin emakume idazle batek halako sari bat lortzeak entzutea eta eztabaida ekarri zituela oroitarazi zuen, «ez baitzen interpretatzen jakin edo ez zen ohikoa halako nobela batek horrelako saria lortzea».

Eleberria «irakurterraza» eta laburra (79 orrialde ditu) dela esan zuen, 1-2 egunetan hasi eta buka irakur daitekeena. Itzultzailearen iritziz, obraren berezitasun nabarmenena tituluan bertan dago: «Munduko izenbururrik literalena dela uste dut, benetan haurdunaldi ohar batzuk direlako, eta horrela irakurri behar dira», ohartarazi zuen. Amatasunaren gaineko literatura aro oparoan den garaiotan, eleberri honek haurdunaldia den trantsizio garai horri begiratzen diola jarri zuen balioan, eta baita begirada originala proposatzen duela ere: ez haurdun dagoenarena, baizik eta haurdunari begiratzen dionarena.

«Ahizpa nagusiari begiratzen dio eta ez du ama bat ikusten; senarrari begiratzen dio eta ez du aita bat ikusten; sabelari begiratzen dio eta ez du ume bat ikusten. Hutsune asko dago begirada horretan eta hutsune horren gainean eratuz doa narrazio propio bat, suposizioak sortzen hasten da», aurreratu zuen Alvarezek. «Askotan korridore ilun batetik eramaten zaituela ematen du eta urduri zoaz, baina nora goaz? zer esaten ari da? zergatik?» galdegiten duela irakurleak esan zuen.

Esan gabe doazenak

Narratzaileak esaten dituenak bezainbesteko garrantzia du esaten ez dituenak, «bere buruari isiltzen» dizkion horiek. «Eszena bat deskribatzen digu, ez dakigu zergatik, baina osteko pasarteak irakurtzean hasten zara pentsatzen ‘ez ote da esaten ari hau edo bestea?’. Eta hor dago liburuaren muina», azaldu zuen.

Itzulpen prozesuaz ere egin zituen hitz batzuk, «berezia» izan zela nabarmenduz: «Lehen pasada nahiko erraza izan zen, baina deskribapen horiek, giroak, eskatzen dizu doitasun bat hitz ordenarekin, ze ez baduzu efektu hau lortzen nobelak indarra galtzen du, eta hori lantzen zenbat pasada eman nituen. Zizelka ibili ginen hau eta bestea doitzen», amaitu zuen.