NAIZ

Giraldilletatik Notre-Damera eta Herreratik Bilbora, Etxeraten 2026ko egutegian

Irudi gogoangarriekin osatu du Etxeratek bere 2026. urterako egutegia. Bost hamarkadotan euskal presoek jasotako elkartasuna biltzen du. 

Hamahiru irudi adierazgarri, aurtengo egutegian.
Hamahiru irudi adierazgarri, aurtengo egutegian. (Etxerat)

Etxerat elkarteak 2026ko egutegia aurkeztu du, guztira hamahiru irudik osatua. Batzuk Euskal Herriaren historian txertatutako argazkiak dira, hala nola 1977ko amnistiarena edota Herrera de la Manchan, Sevillan, Parisen... egindako protestak.

Elkarteak laburbildu duenez, «edizio berri honek 50 urte pasako dinamikak bildu ditu, euskal preso eta iheslari politikoekin elkartasunaren, amnistiaren eta aberriratzearen aldeko borrokak landu dituzten hainbat erakundek bultzatuta. Egutegiak, besteak beste, 1931ko amnistiaren aldeko mobilizazio bat, 1977ko protesta historikoak, urte hartako presoen kaleratzea eta urtero milaka pertsona biltzen dituen mobilizazioa barne hartzen ditu».

«Espazio herrikoien ispilu argia da egutegia, non txosnak, estropadak edo hamarkadetako elkartasun guneak agertzen diren. Eta, era berean, Euskal Herriaz haragoko elkartasunaren aldarri eta oihartzun izan diren tokietako irudiak», zehatzago, Estatuko kartzeletara bidaiak, Parisko Sena ibai ertzera edo Notre Dame zelaigunera egindako martxak, edo Giraldillaren agerpena, Sevillan egin zen mundu mailako Atletismo Txapelketan, 1999. urtean.

Egutegia eskuragarri dago Euskal Herriko auzo eta herri gehienetan. Durangoko Azokan ere salgai egongo da, eta Gabonetan, Bilboko, Gasteizko eta Beasaingo herri-dendetan ere.

13 irudi hauek –azalekoa barne– «euskal preso eta iheslari politikoen alde egindako jarduera zabalaren lagin txikia besterik ez da. Hala ere, aipatu garaiko elkartasunaren mugarri garrantzitsuenetakoen laburpen grafiko esanguratsua eskaintzen dute. Amnistiaren eta elkartasunaren aldeko mugimendua historikoki eta grafikoki berregin ahal izan da hainbat euskal argazkilariren artxibo-funtsei esker, Juantxo Egaña argazkilariaren koordinaziopean».