
Asteartean 65-81 nagusitu zen Lointek Gernika Bizkaia Elitzur Ramla taldearen aurka derrigortuta jokatu behar dituen aurreneko demaren ostean. Garaipen horri esker C multzoko bigarren postua ia eskura dauka talde bizkaitarra: 3-2ko balantzea, 66 punturen aldea bost partidaren ostean eta 16 puntuko tartea ostegun honetan 18.30etan jokatu beharreko «itzulerako» partidari begira. Kasu honetan, nahiz eta neurketa berriz ere Arena Izzi Sofiako pabiloian bertan jokatuko bada ere, oraingoan ere ikuslerik gabe, «etxeko» moduan jokatuko du Lucas Fernandezen taldeak.
Sofiako neurketa hasi eta ordu erdira abiatuko da Gernikan, bestalde, Merkuriotik, Gernika-Palestina herri ekimenaren bitartez deituriko bigarren manifestazioa, «Gernika Palestinarekin bat. Genozidioaren zuriketarik ez!» lelopean, hilaren 21ean egin zutenaren jarraipena.
Ezinbestean, talde bizkaitarrak Elitzur Ramlaren aurka jokatu beharko du. Asteartean oso makal ekin zion israeldarren aurka, Masa Jankovic gabe eta halako aurkari baten kontra aritzeko gogoz kontra. Lehenengo laurdena oso petrala izan zen gernikarrentzat, baina defentsako lana zorrozten hasteaz bat, eta batik bat Ane Olaetak, Emily Bessopirrek eta Sarah Pollerosek egindako lanari esker buelta eman ahal izan zion.
Ondorioz, esan bezala, C multzoko bigarren postua eskura dauka talde bizkaitarrak. Esan gabe doa irabaziz gero bestelako emaitzarik begiratu gabe jakingo duela bigarren amaitu duela ligaxka hau; bigarren izango da, era berean, 16 puntu edo baino gutxiagogatik galduko balu. Porrotaren aldea zabalagoa balitz, berriz, kanporaketa zuzenetara sailkatzeko ligaxka hirugarren amaitu duten talde guztien artean lau onenen barruan egon beharko luke. Hiru garaipen aldea eta 66 puntu aldeko tartea duelarik, patrikan beharko luke talde bizkaitarrak sailkapenak, kasurik txarrenean ere.
Baina onenean jarrita, Elitzur Ramla ostegunean bertan Emakumeen Eurocup-etik kaleratzeko parada argia izan dezake Lointek Gernika Bizkaiak. Ramlak 2-3ko balantzea dauka eta 6 puntu gehiago sartu ditu jaso dituenak baino. Talde israeldarra hirugarren amaituko luketen horien artean sartzeko borrokan dago, oso mugan. Uneotan lauzpabost talde aurretik lituzke, baina azken jardunaldietako emaitzen arabera aldaketa asko egoteko arriskua dago. Tartean, Ramlak C multzoko ligaxka bigarren amaitzea edota hirugarren amaitu duten horien artean «lucky loser» horietako bat izatea; hau da, «galtzaile zorteduna», puntu tartea bere aldekoa baldin badu.
Baliabide gutxi, baina arriskutsuak
Lointek Gernika Bizkaiak asko sufritu zuen asteartean aurreneko 15 minutuetan, Elitzur Ramlak hirukoetan sekulako mina egin zuelako, eta baita erasoko errebotean ere. Zazpi baliabide baino ez ditu erabiltzen talde israeldarrak: Nelson, Rotberg, Herbert-Harrigan, Green eta Guirantes titularrak eta Lior Garzon (sic) eta May Revahe ordezkoak.
Aurreneko laurdenean orotara sartu zituzten zazpi hirukoen erdia baino gehiago saskiratu zituzten eta defentsan aurrerapauso nabarmena eman behar izan zuen talde gernikarrak erauntsi hori geldituko bazuen. Hala ere, Chelsea Nelson eta Mikiah Herbert.-Harrigan oso arriskutsu azaldu ziren errebote lanetan ere. Jaurtiketan, berriz, Eden Roberg eta May Rehave ez dira badaezpadakoak.
Baliabide askorik ez badu ere, talde israeldarrak ez dio Eurocupean aurrera egiteko aukerari muzinik ekingo, are gehiago jakin delarik Gernikak sailkapena ia ziurtatu duela eta erlaxazio horretaz baliatu nahiko duela bere aukerak bilatzeko. Ahal dela, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak asteartean erakutsi zuen maila fisiko eta kontzentrazio berbera erakutsi beharko du Elitzur Ramla behin betiko lehiaketatik kanpo uzteko.

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Chiapas limpia su escudo de símbolos de la conquista española

Dantzalekura itzulera

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro


