
Datorren astean, hilaren 25 eta 27an hain zuzen ere, Lointek Gernika Bizkaiak Elitzur Ramla talde israeldarraren aurka jokatu beharko du, derrigortuta, FIBAren Emakumeen Eurocupean. Hasiera batean Malosten zen jokatzekoa, baina azkenean Sofian (Bulgaria) jokatuko dira bi neurketak.
Gerardo Candina talde bizkaitarreko presidenteak «partida horiek ez jokatzeko asmo sendoa» azaldu zuen behin zozketaren emaitza jakin eta gero. «Onartezina da Gazan gertatzen ari den Genozidioa. Guk gure borondatea ezagutarari dugu eta FIBAk –Nazioarteko Saskibaloi Federazioak– egin dezala egin beharrekoa», adierazi zuen.
Hala ere, aste honetan bertan klubak jakitera eman du bi partida horiek jokatuko dituela, besteak beste, «klubaren biziraupena oso mehatxatuta dagoelako», azpimarratu zuen.
Hori horrela, Gernika-Palestina herri ekimenak bi manifestazio deialdi deitu ditu «Gernika Palestinarekin bat. Genozidioaren zuriketarik ez!» lelopean. Lehenengoa ostiral honetan burutu da, euripean baina herritarren partaidetzarekin, Merkuriotik abiatuta, eta hurrengoa hilaren 27an egingo da.
Gernika-Palestinak salatzen duenez, «Israelek genozidioarekin jarraitzen duen bitartean, bertako taldeek ez lukete nazioarteko txapelketetan jokatu behar. Hor dago gakoa. Herri baten suntsiketa eta desagerrarazpena sustatzen duen estatu bateko kirol taldeak zigortu beharko lituzkete dagokien erakundeek; kasu honetan, FIBAk. Beraz, Elitzur Ramla taldeak Eurocupetik kanpo egon behar du», adierazi zuen ohar batean.
Horrez gain, «Gernikako herriak ezin du genozidio baten zuriketarik onartu. 68.000 hildako, horietatik 20.000 inguru umeak Unicefen esanetan; 170.000 zauritu baino gehiago; 14.000 desagertu inguru (1.200 osasun langile eta 250 kazetari inguru), UNRWA agentziako 250 baino gehiago erailda; ia bi milioi desplazatu; lurraldea ia guztiz suntsituta; oinarrizko beharrizanak urratuta... Nazio Batuen Erakundeak baieztatu bezala, Palestinan genozidioa eragiten ari da Israel, eta luzaz indarrean jarraitzeko arrisku handia dago», azaldu du herri ekimenak.
Gainera, Gernika-Palestinak Gernikako herria «memoria» duen herria dela aldarrikatu du. «Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. 'Gernika berririk ez!' oihukatzeko beharra dugu, beraz. Ezin dugu horrelakorik onartu», aldarrikatu du.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

El cantante estadounidense y exmarine Zach Bryan se casa en la Parte Vieja donostiarra

