Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Ekintzaileak laguntzeko elkarlanaren beharra nabarmendu dute Mikel Irujok eta Mikel Jauregik

Nafarroako eta Lakuako Industria sailetako arduradunak elkarrekin solasean izan dira ostegun honetan, euskaraz, Noaingo CEIN zentroan ‘Enpresabidea’ komunikabideak antolaturiko jardunaldian. Ekintzaileen jarduera errazteko elkarlanaren beharra nabarmendu dute.

Pili Kaltzada, Mikel Jauregi eta Mikel Irujo Noaingo CEIN.
Pili Kaltzada, Mikel Jauregi eta Mikel Irujo Noaingo CEIN. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ekintzaileek lan konplexu bati ekiten diotela eta aurrera egiteko ekosistema guztiaren laguntza behar duela nabarmendu dute Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak eta Mikel Jauregi Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua Noaingo CEINen ‘Enpresabidea’ komunikabideak antolaturiko mintzaldian. Ekonomiaren erronkei buruz aritu dira biak euskara hutsean, Pili Kaltzada ‘Enpresabidea’-ren sortzaile eta bazkidearekin.

Irujok azaldu duenez, Nafarroan ekintzaile kopurua oso txikia da Europako beste lurraldeekin alderatuta. Egitasmoa bultzatzeari ekiten diotenen artean, ordea, arrakasta lortzen dutenena oso altua da. «Oso ‘segurolak’ garela dirudi, baina ekintzaileak martxan jartzen direnean aurrera egitea lortzen dugu», gaineratu du kontseilariak.

Prozesu honetan ekintzailea «inoiz bakarrik ez egotea» ezinbestekoa dela nabarmendu du Irujok. Prozesu horretan pertsonak aritzen direla, finantziatzioa lortu behar dutela eta ideia garatu ahal izateko beharrezkoa den jakinduri teknikoa erabili behar dela azpimarratu du. Guzti horretan laguntzea garrantzitsua dela gaineratu du, Nafarroan industria ekonomiaren ardatza delarik eta enpresen errotzea helburua delako.

«Kuadrila-lana»

Jauregik «kuadrila-lana» aipatu zuen ekintzaileak laguntzeko modu hori definitzeko, non erakundeak eta bankuak elkarlanean aritu behar diren egitasmoak garatu eta finantziazioa lortzeko. Honen adibide konkretua jarri du Lakuako kontseilariak, Ayesa enpresarena. Ibermaticatik sortua «hegoak zabaldu» zituen eta milaka langile izatea lortu du, ziberseguritatean erreferentea bilakatuz. Nazioarteko funtsa batek enpresa erosi nahi zuen. Horren aurrean, Lakuak, Kutxabankekin batera, Ayesa erosteko eskaintza egin du. «Sosak jarri ditugu», azaldu du Jauregik. «Eskaintza irabazlea egin dugu. Enpresa honetan pertsonak dira aktibo nagusia. Enpresa salgai badago ere pertsona hauek lasai egotea nahi dugu. Eta gure eskaintza onartzen bada lasaiago egongo direla esan nahi diegu», bota du sailburuak.

Euskal Herrian jatorria duten enpresak errotzeko gisa honetako prozedurak «orain arte egitea oso zaila» zela gaineratu du Jauregik, honetan paradigma aldaketa baten aurrean gaudela nabarmenduz.

Paradigma honetan nazioarteratzea ezinbesteko elementua dela adierazi dute. Merkatuak irekitzea beharrezkoa zela esaten zen garaia gainditu da eta orain aliantzak sortzea bilatzen dela azaldu du.

Txinari begira

Irujo Txinatik etorri berria da, Nafarroako Gobernuak bertara egin duen bidaia batetik. «Sukalde lan handia dago horren atzean», azaldu du. «Bidaia ez da solik bidaia», gaineratu du, urtetan egindako harremanen fruitua baizik. Txinan bateria-fabrikak, kotxe-fabrikak eta hidrogenoarekin lotutakoak bisitatu dituzte. «Horietako fabrika batek kilometro bateko luzera zuen. Ez poligonoak, ez eremuak. Fabrika berak. Korridorearen amaiera ez zen ikusten», kontatu du.

Erraldoitasun hori Txinako ekonomiaren ezaugarri bat dela adierazi du Irujok. Horrekin batera, handik ikasteko beste ezaugarri ugari dituztela esan du. Eraldaketan oinarritzea horietako bat da, industria ekologikoaren aldeko apustua egin dute eta munduan erreferente dira. Eta guztia elektrizitatean oinarriturik, gasa eta petrolioa bazterturik. Honekin batera, ikerkuntzari ematen dioten garrantzia aipatu du Irujok. Azkartasuna era aipatu du, lanean ari diren fabrika ugari duela hiru urte baino ez baitzituzten sortu.

Parametro hauekin batera mentalitatearena ere mahai gainera ekarri du Irujok. «Egiten dutena sinisten dute eta gose dira. Mundua jan nahi dute, zentzu onean». Horren aurrean, «Europan beti zalantzan gabiltza», gaineratu du, Txinan garatzen ari diren teknologia Europan jaio zela gogoratu aurretik.

Jauregik Txinako harremanetan Nafarroak lan handia egin duela onartu dute. Asiako herrialde horretan politika industriala egiten dutela nabarmendu du, trantsizio energetikoa aurrera egiteko erabili dutelarik. Gauzak horrela, kotxe elektrikoaren arloan arrakasta lortu dutela adierazi du. Europa, bitartean, automozio edo altzairugintza alorretan «porrotera» dolaa iragarri du.

Lakuako sailburuak egungo egoera 1980 eta 1990 hamarkadetan bizi zenarekin alderatu du, «basamortu industriala izateko arriskua» dagoela aipatuz. Horren aurrean, «herri bezala ditugun ezaugarriak» erabili behar direla nabarmendu du. Eragile guztien artean «kuadrila egitearen beharra» aipatu du. Garaian izan zen klusterizazio prozesua bide horretan emandako pausua izan zela gogoratu zuen.

Konstituzioaren mugak

Nazioarteko elkarlanarekin batera Nafarroa eta EAEren artekoa ere garrantzitsua dela aipatu dute. Enpresa ugarik harremanak dituzte, sektore berdinetan aritzen direlako. Bi administrazioen artemo akordioak ere badira. Baina Irujo kritiko azaldu da Konstituzio espainolak bi elkargoen artean elkarlanari jartzen dizkion oztopoekin. «Errezagoa zaigu Euroeskualdearen baitan elkarlanerako akordioak gauzatzea, bertan Akitania Berria dagoelako. Bien artean akordioak gauzatzea zailago zaigu, Konstituzioa oztopo delako», adierazi du Nafarroako kontseilariak.