
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Aldundiaren 2026ko aurrekontuei, «Gipuzkoako lehen indar politikoa izateak eta lurraldeko herritarren gehiengoa ordezkatzeak ematen duen arduratik».
«Hain zuzen, ardura horretatik azken asteotan EH Bilduk ahalegin zintzoa egin du Aldundiak aurkeztutako aurrekontua hobetzeko, ekarpen zehatzak eginez, eta herri-akordio zabalak josteko», gaineratu du ohar batean, baina ohartarazi duenez, «aurrekontuen lanketarako prozesuan zehar, behin eta berriz gobernuari eskatutako informazio eskariak denboran berandu iritsi dira, eta nahikoa xehetasunik gabe».
«Aste honen hasieran bertan, esaterako, EH Bilduk, aurrez egindako galderen erantzunak jaso gabe ere, 52,3 milioi euroko proposamen integrala helarazi dio Aldundiari. Erantzuna ez da oraindik iritsi», gaineratu du.
Dena den, EH Bilduk lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta ildo horretan datorren astean Aldundiko ordezkariekin bilduko dela iragarri du aurrekontuen gaia lantzen segitzeko. Baina, kontuan izanda gaur amaitzen dela zuzenketak aurkezteko epea, «prebentzioz» osoko zuzenketa aurkeztu du.
«Ikusteko dago Aldundiak lurraldeko alderdi atzerakoi eta erresidualen eskutik egin nahi ote duen bidea, gipuzkoarren gehiengoaren nahiei bizkar emanda, eta aritmetika hutsera mugatuta», nabarmendu talde subiranistak.
EH Bilduk adierazi du ez duela «inolaz ere» babestuko «zaintza sisteman aldaketa estrategikoak baztertzen dituen aurrekontu bat. Edo enpresa txiki eta ertainen akonpainamendu publikoa aintzat hartzen ez duena, edo euskara sustatzeko plan indartsu bat aurreikusten ez duena, edo etxebizitzaren arazoa konpontzeko konpromisorik jasotzen ez duena, besteak beste».
«Hala ere, Aldundiak orain arte erakutsitako jarrera aldatzen badu eta negoziazio Gipuzkoa zintzo bati bide ematen badio, EH Bilduk osoko zuzenketa erretiratzeko konpromisoa hartzen du, gipuzkoarren beharrei erantzungo dien aurrekontua lortzea helburu hartuta», amaitu du.
Elkarrekin Podemos, 69 zuzenketa
Bestetik, Elkarrekin Podemosek 69 zuzenketa egin dizkio guztira Gipuzkoako Aldundiak proposatutako aurrekontu proiektuari. 50 milioi euroko aldaketak proposatu ditu. Handienak, 29 milioi eurokoa, zaintzekin lotura zuzena du. Zehazki adinekoentzako egoitzen eta eguneko zentroen hitzarmenen eguneratzea eta baita Aldundiaren zaintza-sistemaren koordainketa berrikustea proposatu du.
Taldeko bozeramailera den Miren Echevestek ziurtatu duenez, «Aldundiak lidergo-papera jokatu behar du negoziazio kolektiboa errazteko eta Gipuzkoako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako sektore-hitzarmen bat bultzatzeko, gaur egun langileek pairatzen dituzten lan-baldintza oso prekarioak gainditzeko».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
