
Nobela bati buruzko iruzkin bilduma bat da ‘Silueta’ Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen esanetan. «Kontua da nobela hori ez dela existitzen, ez bada Harkaitz Canoren buruan. Eta ziurrenik hor ere ez du forma oso bakar aldaezin bat izango. Hortaz, existitzen ez diren liburuen inguruan egindako literaturaren bidea da, gaur aurkezten dugun liburu hau. Esan dezakegu ‘Silueta’ erdi ezkutuan izen bereko beste nobela bat gordetzen duen nobela bat dela. Ibarbia izeneko idazle batek idatzi du barruko ‘Silueta’ eta bahiketa bati buruzko istorioa da. Orduan, Harkaitz ‘Silueta’ idazten ari da eta barruan dago beste idazle bat, Ibarbia deitzen dena, barruko ‘Silueta’ idazten, zeinak kanpokoaren izen bera duen. Barruko nobela ez dugu zuzenean irakurriko, iruzkinek kontatzen duten apurraren bitartez jakingo dugu zer gertatzen den nobelan. Eta hortaz, ez dugu zehaztasunez jakingo zein den barruko nobelaren edukia. Iruzkingileen ikuspegi subjektibotik jasoko dugu dena».
Jolasetik asko du nobelak –Canoren kasuan ezin bestela izan– eta puzzlea osatzeko lana jarriko dio irakurle bakoitzari. «Liburuak jolas bat proposatuko dio irakurtzen duenari hasieratik beretik. Apurka-apurka ikusiko du irakurleak zenbat pertsonaia dauden nobelan, zenbat atal dituen, zer gertatzen den... Baina irakurleen parte-hartzea ez da puzzle hori osatzera mugatzen, liburuak duen umoreari adi egongo den irakurle bat aurresuposatzen baitu», aurreratu du editoreak Donostiako Kaxildan egindako aurkezpen ekitaldian.
«Barruko nobelak espazio asko uzten dio irakurleari, nork berea imajinatzeko eta alde horretatik irakurle beste nobela sortuko dira nobela honetatik. Nork bere erara beteko du nobelaren silueta», argitu du.
«Iruzkinak ez dira soilik barruko nobelara iristeko bide bat. 31 iruzkin diferente dira estilo aldetik, forma aldetik, euskara aldetik, iruzkingilearen intentzioaren aldetik eta abar», zehaztu du Lopez Ziluagak.
«Liburu bati buruz idazterakoan eta, beraz, liburu bati eta literaturari buruz pentsatzerakoan har daitezkeen ikuspegi eta bideen bilduma bat ere bada. Iruzkingilen ajeen eta txinparten bilduma bat ere bai. Eta bide batez, Euskal Herriko memoria politikoari buruz pentsatzeko aukera ere ematen du», jarraitu du. Xabier Gantzarainek egin dio azala nobelari.
Irakurlez irakurle, liburua hedatuz
Nobelan irakurleari proposatutako jolasaren haritik, eta ohiko aurkezpena egin ordez, liburuko 32. iruzkina irakurri du ekitaldian Canok. «Izan zitekeen liburuaren kontrakoa, baina aldekoa da», azaldu du. «Liburu honi menturaz akaso egingo zaizkio iruzkin eta kritika gehiago. Orduan, iruzkin eta kritika horietako bakoitza izango da magnetikoki erakarria liburuko hutsune horretatik eta izango da liburuaren parte. Hori da idazle ororen ametsa, liburua zabal ikustea, liburua hedatzea oihartzunekin», aitortu du.
Egun oso ezohikoa da literatur lan berri batek 31 iruzkin jasotzea. «Armiarma webgunean sartu (Susarena) eta azken urteetakoen artean ikusi dugu Danele Sarriugarteren ‘Erraiak’ izan dela aipatuenetakoa. 15 kritika egin zizkioten. Dezente atzerago joz gero, bada beste aurrekari nabarmen bat: Lauaxetaren ‘Bide barrijak’. 1931-32an Orixek, Aitzolek, Lizardik eta beste hainbatek egin zizkioten kritikak. Guztira 31 kritika. Ezin du kasualitatea izan».
«Gaur egungo egoerari erreparatuta «kritikari batek apenas duen espaziorik ñabartzeko», esan du. «Ongi dakizue kultur prentsan aritzen zaretenok. Eta nobelari egindako edozein komentario ezkorrek izanik ere, bonba atomiko baten pisua hartzen du kritika horren barruan. Egia da, oso azalfina daukatela sortzaileek, sortzaile naizelako, diotsuet eta dakit. Pentsa liteke, honenbestez, balizko nobela honetako pertsonaiak baino, ‘Silueta’-n ez ote diren kritikariak beraiek benetako pertsonaiak izango. 31 hots ezberdin, kritikarien saldoan denetik baitago».
Liburu honen egiturari dagokionean honakoa azaldu du: «Ez da dirudien bezain originala. Duela mende erdi pasa idatzi baitzuen Stanisław Lem poloniarrak ‘Doskonała próżnia’ (hutsune perfektua) liburua, zeinatan existitzen ez diren 16 kritika edo iruzkin egiten zizkien, existitzen ez diren beste hainbat liburu eta testu zientifikoei. Hemen, ordea, liburu bera da beti iruzkindua 31 kritika guzti horietan».
Kritikariei egindako omenalditzat ere har har liteke ‘Silueta’. «Izan ere, esker txarreko lanik bada, kritikari izatea da hori. Kritika falta salatu ohi da askotan, modu injustuan, baina kontuz, sortzaile batek iritzi zintzoa eskatzen badizue, ulertu behar duzu lausengu premian dagoela, ez beste ezer. Sortzaile naizelako dakit eta diot», jarraitu du, hain berea duen umorez eta ironiaz.
Kritikaren aldaketa sare sozialen eraginez
«Sare sozialek guztiz aldatu dute kritikariaren ahalmena, helmena eta pisua. Iritzia beste modu batera antolatzen da orain, antolatzen eta propagatzen, eta pulpituak digitalak dira oro bat. Asko dira epaiak, gutxi iritzi artikulatuak. Larriena, jakina, ez da prentsako kritika literarioa edo zinematografikoa urritzea, baizik eta tresna kritikorik eza, arlo guztietara hedatu izana, diskurtsoa pobretu eta gure zirkuitu mentalak endekatzeraino», nabarmendu du.
«Jakina, omenaldia dagoen lekuan parodia ere badago. Maite duguna parodiatzen dugu edo gorrotatu arren bere baitan gugan gorroto dugun ezaugarriren bat daukana», esan du.
Mimetismo eta ispilukeria joko etengabe bat da bizitza, gaizki ulertu pilaketa bat, Canoren iritziz. «Literaturaren aspirazioa badakizue zein den, bizitza ordezkatzea. Nobela-tranpa hau, halaxe deituko nioke nik, ‘silueta’ hitzaren aldarrikapena ere bada. Hauxe baita ‘silueta’, jende askok ez dakien arren, euskarak munduari eman dion hitzik hedatuena –Etienne de Silhouetteri XVIII. mendeko politikariari zor zaio– eta ederrena. Zuloz betetako lekua esan nahi du. Hau da, ‘silueta’ hitzak, zuloa bere baitan du. Eta frantsesaren iragazkitik pasa eta jaso dute hizkuntza guztiek, ez soilik erro latindarreko hizkuntzek, baizik eta berdin ingelesak, errusierak edo poloniarrak», kontatu du, historian zehar hitzak bere adieran izan duen garapena gogoratu aurretik.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
