
Beasaingo CAF enpresaren Beasaingo lantegiaren ate nagusian kateatu dira ekintzaile batzuk enpresa honek Israelekin eta «okupazioaren konplize diren enpresekin» dituen kontratu guztiak «berehala» eten ditzala exijitzeko. Gogorarazi dute NBEk CAF ofizialki Palestinaren okupazioan sionismoarekin kolaboratzen duten enpresen zerrendan sartu zuela.
Izan ere, CAFek ‘Jerusalem Light Rail’ proiektuan parte hartzen du, sionistentzat azpiegitura estrategikoa dena, lotzen baititu Palestina lurretan ilegalki eraikitako hainbat koloniekin (Jerusalem erdigunean adibidez, Pisgat Ze’ev, Gilo, French Hill edo Givat Hamatos). Gainera, CAFek ere kolaboratzen du estatu sionistarekin Tel Aviveko metroan, Palestinaren lurren gainean eraikia dagoena, garbiketa etniko eta egitasmo kolonial beraren parte gisa.
Hortaz, Gazarako Mugimendu Globalaren ekintzaileen ustez, trena «ez da garraiobide neutral bat, anexio eta apartheid tresna bat baizik». Izan ere, kolonia ilegalak elkarren artean lotzen ditu, auzo palestinarrak isolatzen ditu eta populazio kolonoaren mugikortasuna errazten du, azaldu dute.
Hori dela eta, CAFek okupazioaren gainean eraiki ez ezik, okupazio hori «martxan mantentzen» duela salatu dute. «Seinale argitsu bakoitzak, katenaria bakoitzak, tren horren gurpil bakoitzak, apartheiden zerbitzura dagoen euskal enpresa baten aztarna darama», adierazi dute. «Israelgo kontratu bakoitza odolez zikindutako kontratua da», gaineratu dute.
Egoeraren aurrean, genozidioa eta apartheida gelditzeko biderik eraginkorrena Israelekiko lotura guztiak etetea dela deritzote, CAFeko langileek eskatu izan dutenez. Horrekin batera, «gure tresna zilegiena eta eraginkorrena» boikota dela argi utzi dute.
Gaurko protestari dagokionez, ekintzaileek kateatuta jarraitzen zuten eguerdian. 13:00ak aldera, Gipuzkoako suhiltzaileak agertu eta kateak moztu dizkiete. Ekintzaileak aske geratu dira. Ertzaintza goizetik egon da bertan.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción


