
AEKk euskarari «pizkunde berri bat emateko unea» dela aldarrikatu du eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeko eskatu du. Korrikaren 45. urteurrena ospatzeko Oñatiko Unibertsitatean ‘Ez gero, orain baizik’ lelopean egindako ekitaldian adierazi dute.
Korrika arduradun Ane Elordik adierazi duenez, Korrikak helburu bikoitza duela adierazi du. Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Korrikaren sortzaileak aipatu ditu Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi die: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere: Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korritu zutenak...
Bestetik, aldarrikapena, Korrika jai-giroa soilik ez delako. Horretaz jabetzeko, «Korrika bakoitzaren leloei erreparatzea baino ez dagoela» azpimarratu du Elordik. «Zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko», adierazi dute.
Ondoren, Urtsa Erraztik hartu du hitza, Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizioan parte hartu zuten guztien izenean. «45 urte, eta berriro hemen, Oñatiko Unibertsitatean», adierazi du, eta hunkituta ekarri ditu gogora berarekin batera Korrika sortu zuten «gazte zoro» haiek.
Publikoari azaldu dio Korrika euskararen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zela, «baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindik», adierazi du; eta azpimarratu du nahiko lukeela euskarak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi berriek Korrikaren «alde festiboa» besterik ez ezagutzea.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika hura egiteko beharrizanak aipatu dituzte: 1980an, euskaltzaletasunak euskarari beste Pizkunde bat eman zionean, alfabetatzearen eta euskalduntzearen premia hauspotzeko eta antolatzeko bultzada urrats logikoa eta naturala izan zen.
Otañok gehitu du, Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, jada unea dela euskaltzaleok elkartzeko eta indarrak batzeko. Presa ere badagoela adierazi du: «Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea».
Helduen alfabetatzea
Otañok eta Gartziak «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra» sortzea aldarrikatu dute; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere.
Baita doakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emateko konpromisoa ere; hau da, «herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako».
Euskara ezagutzeko beharra sustatzeari begira azpimarratu dutenez, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza-politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, «Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea». Bereziki, lau eremu aipatu dituzte: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
