Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Nafarroako txapela Illarregitarren etxera, Xabaten buruan

Joanes eta Xabat Illarregi anaiek jokatu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren buruz-burukoa. Elegante zihoan finalari erremate bikaina eman diote. Azkenean, txapela Xabatek jantzi du, 1.205 puntu batuta. Joanes 6,5 puntura geratu da. Arratsalde guztiko jardunean oso parean aritu dira.

Joanes eta Xabat Illarregi pozik, buruz burukoa jokatuko zutela jakin dutenean.
Joanes eta Xabat Illarregi pozik, buruz burukoa jokatuko zutela jakin dutenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Erraz egiten dute bertsotan Joanes eta Xabat Illarregi Marzolek. Bertsoa etorri egiten zaie. Eta horri batu behar zaio txapelketa prestatzeko egin duten lana. Beraiek egiten dutenean erraza dirudien arren, ez da samurra gaurkotasunari halako freskotasunez, zorroztasunez eta ahozkotik hain gertu kantatzea. 

Elkarrekin abiatu dute saioa zortziko handiko ariketan eta garbi utzi dute nola zetozen biak; bertso gosez, bizi eta fresko. Saioaren bigarren partean, buruz burukoan, kinieletan bi anaien izenak zebiltzan bolo-bolo, baita Saioa Alkaizarena ere. Azkenean, bi leitzarrak pasatu dira eta benetan une ederra marraztu dute. Beren estiloan, erraz eta bizkor egin dute bertsotan, bazirudien edozein herriko plazatan ari zirela eta hori asko eskertzen da txapelketak izan ohi duen zurruntasunean. 

Zozketak hala erabakita, elkarren ondoan eserita eman dute finala eta arratsaldeko lehen ariketa, zortziko handikoa, elkarrekin josi dute. Hor dagoeneko abisu eman dute bertsotarako makineria eta ideien faktoria ondo olioztatuta zetozela. 

Saioaren lehen partean, ia ofizio guztietan gailendu dira puntutan. Buruz burukora pasatu direnean, Xabatek 759,5 puntu zituen eta Joanesek, 754,5. Puntutan hurrengoa Saioa Alkaiza zen, 732 punturekin. Xabatek bost puntuko aldea zeukan buruz burukoa abiatu dutenean eta azken txanpan puntu eta erdi atera dio Joanesi. Bertso final batean, egin behar diren ofizioak kontuan hartuta, 6,5 puntuko  aldea oso estua da.

Leitzara eta Illarregitarrenera joango zela txapela bai, baina zein burura joango zen zalantza handia izan da. Azkenean, Xabat Illarregi txapeldun. Bere lehen buruz burukoa eta lehen txapela. Hauxe, txapeldunaren azken agurra: «Familiari eta lagunei hau zuen buruan dago/ bertso ikasleei besarkada bat, segi bertsotan luzaro/ eta Joanes izango dira halako egun gehiago/ ta alderantziz tokatuko da, hortaz oso ziur nago/ baina herria eta hizkuntza ez bihurtzeko bi bando/ esna gaitezen eta mugitu gure mingain, gure zango/ lo hartu ezkero lur honek ez du hizkuntzarik eramango/ ta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herria izango». 

Bigarrena Joanes Illaregi izan da, 1.198,5 punturekin. Sumatzen zen tartea estua izango zela eta bietako edozeinek jantziko zuela txapela. Agur ederra abestu du Joanesek ere: «Gaur poz txiki bat sortu da nere anaitasunean/ zorionak, biba Xabat dizudan maitasunean/ presoei besarkada bat hemendik nire xumean/ indarra euskalgintzan ta ahal den arnasgunean/ guztia eskuin mutur ta gorrotoa dugunean/ jarraitu beharra dago behetik fuerte jardunean/ guztion ardura baita bista etorkizunean/ jarraitzea argi printzak pizten iluntasunean». 

Normalean txapelketako bertsokera urrundu egiten da plazakotik. Lehiaren zamak zurrundu egiten du bertsolariaren egiteko modua. Illarregitarren gaitasunetako bat da bertsotan aise egiten dutela, bizkor eta fresko. Eta hori ez da erraza inoiz. Finalean, horrez gain, gaietan zorrotz eta pertinente aritu dira biak. 

Plazatik gertuko buruz burukoa

Buruz burukora bi anaiak pasatuko zirela jakin denean, poza harrotu da Nafarroa Arenan. Egoera berezia da. Hasierako agurrean Saioa Alkaizak abestu du, «ba ea behingoz estal ditzaken txapel bakarrak bi buru». Haurdun dago Alkaiza eta hortik bere desioa, txapelak berak jantziz gero bi buru tapatuko zituelakoan. Xabatek bakarrik jantzi du, baina iruditu zaigu bi buru estal zitzakeela txapelak, bi anaienak. 

Berez bizkor kantatzen dute Illarregitarrek eta erritmo bizia eman diote buruz burukoari, plazakoa emateraino. Lehenbizi puntuka aritu dira, San Saturnino eta San Ferminen paperean. Seiko motzean, honako gaia egokitu zaie: «Politikariak zarete. Nafarroako hurrengo ustelkeria kasua diseinatzen ari zarete». Elkarrizketa bizian, Xabatek esan dio kartzelara joanez gero ohartzerako aterako direla. Eta Joanesen erantzuna: «Leku iluna kartzela / Xabat jakin zazu dela/ ta behin sartuta ongi kostata irtengo garela/ marrazkietan bezela/ jakin pentsatu nuela/ igual kartzelan egin beharko da hurrengo tunela».Orokorrean gaurkotasun biziko gaiak atera dira finalean eta bertsolariek erakutsi dute ondo jantzita iristen direla. 

Azken ganbarakoan, hauxe izan dute gaia: «Harrera gozoa egin dizute». Bi bide desberdin hartu dituzte. Joanesek, hogei urte kartzelan eman dituenari egindako lagunarteko harrera ekarri du. Hauxe, lehena: «Nere ibilbide luzean egina egina bego/ Espainian ezagutu dut makina bat kartzelero/ berdin Soto del Real ta berdin zen Navalcarnero/ aldatzen nindutelako espetxez ia urtero/ gaur soziedade honetan berrogeitamar lagun edo/ nik horrenbeste herritar hemen ez nuen espero/ muxu eta besarkada denek hartu naute bero/ herrira itzuli bainaiz hogei urte eta gero». 

Xabatek, urtebete gaixo egon den haurrak eskolan jasotzen duen harrera deskribatu du: «Berria jaso bezela malko txiki bat begira/ urte batez medikuak nere aurpegian begira/ lehen ilea neraman orain azalak distira/ nahiz eta marrazkitxoak erantsi nere zapira/ banator lehengoengana ta nahi nuena hori da/ nahiz arraro begiratzen nauten batzuetan tira/ orain poztu naiz halere nago egitik egira/ ni enaiz lehengoa baino eurak ere aldatu dira», osatu du bigarrena. 

Denek utzi zuten lorratza

Txapelak txapel, denek utzi dute lorratza finaleko oholtzan. Hirugarrena izan da Saioa Alkaiza eta markoan sartzeko bakarkakoa osatu du, gogorretik. Umetan egurra ematen zion irakaslearen eskela ikusi eta bakea sentitu duela azaldu dio gai-emaileak. «Lurra arina bekizu dio eskelak ze gezi/ zazpitan dute hileta eta hara nijoa ihesi/ orain heldu da nere garaia/ mendekua da dakardan nahia/ odola punpa frenesi/ familia osoa bildua dago mahaiaren bueltan sinetsi/ kaixo esan gabe sartu naiz bertan/ protokolon antitesi/ eta erdian egin garrasi/ harekin ez nun ezer ikasi/ gorrotoz ninduen hezi/ ez du besterik merezi», bota du bigarrenean.

Laugarrena Julio Soto izan da, aurreko txapelduna. Azken agurrean berak agertu duenez, «Biba illarregitarrak goian dago langa/ Xabat mila zorion bihotzez emanda/ nik horren egun zailik oholtzan karanba/ bakarka doinuz nahasi, poto eta danba/ aurtengo txapelketa umilki esanda/ nire buruarentzat gehiegi izan da». Irristada batzuk izan dituen arren, perla ederrak ere utzi ditu. Zortziko txikian Eki Mateorenarekin aritu da eta asmatu dute plaza pizten. Eki liburuzaina da eta Julio, liburua eramatera hamar urte beranduagoa joan den irakurlea. Mateorena abiatu da, «Pentsa fenomenoak zein duen jatorri/ horren berandu eta ez da jarri gorri/ kriston alperkeria deitzen zaion horri/ ez zen horrenbeste lan hogeitamar orri». Eta, Sotok, erantzun, «Hogeitamar zirela bada nahiko suerte/ kostatu zait kostatu, ke fuerte, ke fuerte/ ta ulertu nahi banu nik leituan truke/ pasa beharko nituzken beste hainbeste urte». 
Bakarkakoan ere asmatu du Sotok une magikoa sortzen. 

Eneko Lazkoz izan da bosgarrena. Nahi baino estuago aritu da seguruen, baina eskarmentu handia du finaletan eta horrek lagundu dio eusten. Seigarrena Sarai Robles. Barañaingoak asmatu du entzulea konkistatzen eta bere momentuak marrazten. Zortziko txikian Joanes Illarregirekin aritu da, oso ondo. Askoren gogoan geratuko da «nik ere izan nahiko nuke zure antza/ gizon mediokre baten autokonfiantza» bota dion ateraldia. Zazpigarrena Ekhiñe Zapiain, bere lehen finalean, txukun. Estutuak izan baditu ere, aurpegirik onena erakutsi du beti bezala. Eta zortzigarren Eki Mateorena, finalista berri duina eta zeresana ematen jarraituko duena.  

PUNTUAZIOA


1. Xabat Illarregi
1205 puntu

2. Joanes Illarregi
1198,5 puntu

3. Saioa Alkaiza
732 puntu

4. Julio Soto
724,5 puntu

5. Eneko Lazkoz
705 puntu

6. Sarai Robles
695,5 puntu

7. Ekhiñe Zapiain
666 puntu

8. Eki Mateorena
637 puntu