
Berriozarren egin du iragan asteburu honetan Ikasle Abertzaleak antolakudeak bere VIII. Kongresua. Bertan, «estrategia komunistaren bidea» berretsi eta aurrerantzean Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) izenaren baitan jarraituko dutela lanean iragarri dute.
Hainbat urtez ikasleen ekintza eta protesten bidez lurra lantzen aritu ondoren etorri zen Ikasle Abertzaleak erakundearen sorrera, 1988an, Berriozarren bertan. Eta duela sei urte, 2019an, udalerri berean erabaki zuten bere burua «antolakunde sozialista iraultzaile» gisa definitzea, hamarkadetako ibilbide historikotik urrundu eta norabide propioa hartuz. Orain, 37 urte geroago, ehunka militantek aho batez berretsi dute izen aldaketa kongresu berean.
Hala, urteak lantzen zeramatzan ildo politikoa berretsi du antolakundeak. Azaldu dutenez, izen berriak bere «izaera sozialista-iraultzailea» nabarmendu nahi du, eta gogorarazi bere jarduera eremua Euskal Herria dela, «zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokak lehentasuna baitu oraindik». Alta, proiektuaren formulazioak berak erakusten du independentzia irakurketa zabalago batean txertatuta dagoela orain, egungo esparru politikoa egituratzen duen prozesu sozialistari eta «bide-orri iraultzaileari» lotuta.
Zapalkuntza nazionalarekin amaitzeko, bozeramaileek bi bide planteatu zituzten –«erreformista» eta «bide sozialista iraultzailearena»–, eta azken hori ñabardurarik gabe defendatu zuten, argudiatuz askapen nazionala «nazioarteko sozialismoaren eraikuntzan» kokatu behar dela. «Euskal Estatu Sozialista» baten aldarrikapenak, zerumuga politiko gisa aurkeztua, norabide hori berresten du: nazio auzia estrategia handiago batean txertatutako elementu bihurtzen da, ez berez helburu artikulatzaile bat.
Ikasle Abertzaleek hiru hamarkadatan izan zuten profilarekiko desplazamendu nabarmena dakar asteburuan aurkeztutako «etapa berriak». Erakundea sortu zen tresna abertzale, plural eta aurrerakoi gisa, Euskal Eskola Nazionala bultzatu eta ikasleen mugimendua indartzeko asmoz. Eredu hori eraldatzen joan da azken urteetan, ezker abertzalearen beraren estrategia aldaketarekin apurtu eta Mugimendu Sozialistarekin duen lerrokadura indartuz.
Ernairekiko harremana aurrekari garrantzitsua da erakundea gaur egun zein puntutan dagoen ulertzeko. Bien arteko aliantza estrategikoa modu malkartsuan hautsi zen 2018an, eta dagoeneko metatzen ari ziren desberdintasun politikoak eta antolakuntzakoak agerian geratu ziren. Haustura hark aro berri bat ireki zuen, non Ikasle Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren dinamikan erabat txertatu zen. Ibilbide hori da orain publikoki bere izen berriarekin gauzatzen dena.
Bide orri iraultzailea
Kongresuan, IASek azaldu zuen «ikasle langileoi bide-orri iraultzailea» eskaintzea dela bere eginkizuna, eta hezkuntza sistema sozialista eraikitzeko helburua jarri zuen erdigunean. Adierazi zutenez, ikasleria «proletarizazio eta pobretze prozesu» batean murgilduta dago, eta gero eta okerragoak dira belaunaldi gaztearen bizi eta ikasteko baldintzak.
Horren aurrean, antolakuntza eta borroka dute tresna, eta azken hamarkadetako mobilizazioak gogora ekarri dituzte –Orixe, Eunate, pandemia garaiko dinamika, eta abar– «borrokak fruituak ematen dituela» erakusteko.
Horrela, ikasleen artean arrazakeriaren, matxismoaren eta muturreko eskuinaren aurkako kontzientzia zabaltzea hartu zuten eginkizun, eta euren jardun politiko eta antolakuntza osoa norabide sozialistan kokatuko dutela iragarri zuten.
Azaldu zutenez, sozialismoaren aldeko ikuspegia eta hezkuntza-sistema sozialistaren aldeko hautua ikasleengan nagusitu dadin lan egingo dute, kapitalismoari aurre egin eta gizarte askearen eraikuntzan urratsak emateko.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
