Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Euskal Denda, zazpi lurraldeetako artisau profesionalei plaza eskainiz

Azoka mundu bat da. Txikia bezain handia. Euskal Herri osoko artisauei lekua egiten urteak daramatza Euskal Dendak, Arbaso elkartearen eskutik. Aurten 53 artisau profesionalek euren urte osoko lanaren fruitua ekarri dute. Denetarik aurki dezake bisitariak: oinetakoak, arropa, bitxiak, zeramika...

Azokan dagoen saltokietako bat.
Azokan dagoen saltokietako bat. (Jon URBE | FOKU)

Hogeitabederatzigarren urtez ireki ditu ateak Euskal Dendak Durangon, Azoka Plazan. 1.600 metro karratuetan banatuta, denera 53 salmahai prest daude eskuz egindako produktuak saltzeko. Bitxigintza, bisuteria, ehungintza, koadernaketa, zeramika, larrua, ilustrazioa, jostailuak, kosmetika... gustu guztietarako eskaintza dago Merkatu Plazan.

«Sektoreko makro-erakusleihoa izango da, eta bisitariei aukera emango die edizio honek eskaintzen dizkigun 53 erakusketetako bakoitzaz eta haien artisau-ekoizpenaz gozatzeko. Euskal Dendak Bizkaiko hiria bihurtzen den hiri kulturaleko jarduerak osatuko ditu egun hauetan, eta produktu artisau bakarra eta originala maite dutenak bilduko ditu berriro. Arbasok, beti bezala, tokiko produktuaren aldeko apustu sutsua egiten du, eskuz eta kalitatez egina», adierazi dute Arbaso elkarteko kideek.

«XXI. mendeko artisauek berrikuntzaren, diseinuaren, pertseberantziaren eta teknika zaharrak menderatzearen» alde egindako apustua nabarmendu dute. «Material berriak bilatzearekin batera. Apustu pertsonal eta profesional horiei esker, asko benetako aitzindari bihurtu dira. Beren produktuak garaikideak dira, gizartearen aurrerapenarekin paraleloan doaz, eta joerak markatzen dituzte», gaineratu dute.

Arbaso elkarteak aintzinako lanbideei balioa eman nahi die, gaur egunera ekarriz. Euskal Dendaren helburua artisautzaren sustapena eta merkaturatzea zabaltzea eta
sakontzea da, Euskal Herrian egin izanaren zigiluarekin.

Sektore bizia

Sektore bizia da. Horren erakusle, bertaratutakoen %28a baino gehiago, hau da, 15 enpresa, berriak dira Durangaldeko plazan. «Enpresa horietako batzuk oso garai zailetan sortu berri dira, eta jasota geratu dira bai sektorearen belaunaldi berrikuntza, bai erakundeen laguntza behar dela».

Hauxe azpimarratu du Txus Gruzeta artisauak. Derediatik dator. Arabako ordezkaria da Arbaso elkartearen zuzendaritzan. Kezka nagusiez galdetuta, honakoa dio: «Erakunde publikoen laguntza da kezka handiena. Mikro-enpresa bezala dirulaguntzei lotuta gaude. Eta merkatua behar den bezala antolatzea eskatzen dugu. Gu autonomoak gara eta batzuetan udalek, azokak antolatzen dituztenean, ez dute bermatzen partehartzaileen artean hala denik», dio. Hiru hamarkadako ibilbidea du atzean.

Alex Gonzalez bilbotarra aurkitu dugu beste postu batean. Bere zeramika lanek pizten dute bisitarien arreta. Urte dezente daramatza Durangora etortzen. Pena agertu du desagertuz joan diren ofizioengatik. Bere lanbidea da horietako bat, buztingintza. «Beste artisautza batzuk errazagoak dira, gureak lan-tresna ugari eskatzen ditu».

Hamalau urte zituen Bilboko Somera Kalean erakusketa bat ikusi eta ‘horixe egin behar dut nik’ pentsatu zuela. Esan eta egin.

Bergaratik iritsi da Egoitz Mendinueta. Laugarren urtea du Durangon. EM Zirrimarra marka da berea. Ilustratzailea da eta hainbat euskarritan egiten ditu estanpazioak. Kirol-jertseak, elastikoak, koadernoen azalak, papera... erabiltzen ditu. 2012an hasi zuen proiektua eta lau urte beranduago ekin zion azoketan partehartzeari.

Hirurak bat datoz. Plaza ona da Durangokoa. «Onena da, Euskal Herri osotik dator jendea, etorriko garen zain daude, ea zer dakargun berria», esan du Gonzalezek. Eta Euskal Herrian baloratzen da artisautza. «Herri bakoitzak dauka bere azoka eta euskaldunok badugu ohitura bertara joateko», kontatu dute.