Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gainezka egin du Durangoko Azokak bigarren egunean

Jendetza izan da protagonista, ezbairik gabe, Durangoko Azokako bigarren egunean. Landako gunea txiki geratu zaie euskal kulturaren nobedadeak bertatik bertara ezagutzera gerturatu direnei eta herrian zabalduta dauden gainontzeko guneetan ere jende andana elkartu da.

Durangoko Azoka, jendez lepo bigarren egunean.
Durangoko Azoka, jendez lepo bigarren egunean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Larunbatarekin ireki ditu bigarren egunez ateak Durangoko Azokak eta kabitzen dena baino jende gehiago gerturatu da euskal kulturaren plazara. Goizean maiz itxi behar izan dute sarrera, edukiera kontrolatze aldera. Lerro ilarak izan dira sarreran, baita postuetan ere.
Horrela, zaleak erakusmahai aurrean pilatu zaizkie Karmele Jaio idazleari eta Mikel Ayestaran kazetariari, besteak beste. Fernando Alonso kazetari eta idazlea ere izan da GARAren erakusmahaian, ‘Josu Urrutikoetxea. Belaunaldien arteko katebegia’ liburua sinatzen.

Saltokiz saltoki ibiltzeko ez ezik, izan da aukera solasaldiak zein hitzaldiak entzuteko, urtero legez Durangoko Azokan prestatu duten egitarau zabalari esker. Horrela, Talaia gunean Jon Miranderi buruzko mahai-ingurua egin dute Gorka Bereziartuak, Katixa Dolharek eta Mikel Sotok. Denak ala denak adituak dira auzian, Miranderi buruz ikertu eta idatzi baitute.

Horrela, saiatu dira figura aztertzen, horren polemikoa izanda, Mirande zuritu eta kondenatu gabe. Bereziartuak azaldu du harremanetan jarri duela berak arreta autorea aztertzean, bai bere buruarekin zuenean, baita bere obrarekiko loturan eta bere garaiko zein gaur egungo irakurleekiko hartu emanean ere.

Dolharek, bere aldetik, idazlea eta obra, norbanakoa eta haren kultur ekarpena banatzearen inguruan hausnartu du. Horrela, planteatu du ea Mirande epaitu behar den argitaratu zituen obrengatik edo, kontrara, pribatuak izateko idatzitako eta gerora plazaratutako idazkietan botatakoengatik.

Soto, Mirandez beharrean, hari buruz esandakoez mintzatu da gehiago. Izan ere, haren hitzetan, «uste dut Mirande ez dugula ulertzen eta horregatik epaitzen dugula». Gaineratu duenez, «ahalegin txikia» egin da egilea ulertzeko eta beste kulturgile batzuekin baino gogorrago jokatu da haren aurka. Horrela, adibide gisa jarri du Chillida, ez baita beraren inguruan hitz egiten den bakoitzean aipatzen gaztetan ultraeskuindarra izan zela eta gazte katalan batzuk jipoitu zituela katalanak izate hutsagatik. Ez dago, ordea, Sotoren aburuz, Miranderen inguruan nazi deitu gabe egin den solasaldirik.

Talaia gunea era horretako hausnarketa eta hartu emanen aterpe izaten da urtero, baina badaude bestelako solasaldiak hartzeko espazioak ere, Landako gunean izaten den burrunbatik urruti. Horietako bat da aurten estreinakoz zabaldu duten Atartea.

Ilustratzaileen plaza

Durangoko Arte eta Historia Museoa ilustratzaileen plaza bilakatu dute Azokak iraun artean. Bertan aritu dira Arrate Rodriguez ilustratzailea eta Iratxe Reparaz aurtengo DAren irudiaren egilea solasean.

Rodriguezek aurreratu bezala, lagunarteko hizketaldia izan da, Reparazen lana xehatzeko baliatu dutena. Horrela, Reparazek azaldu du, berez, ez dela ilustratzailea, arte zuzendaria baizik, eta ilustrazioa bere lanaren zati bat dela.

Azaldu duenez, lana «oso modu pertsonalean» hartzen du, pasio handiz, eta horrek bere buruarekin oso exijentea izatera darama. Reparezen hitzetan, planteatzen zaion ideiaren eta emaitzaren artean «koherentzia» mantentzea da bere zeregina. Hori dela eta, azaldu du nahiago izaten duela artistekin lan egin, askatasun gehiago ematen baitiote sortzerako orduan.

Atartea ez da aurten Landakotik at inauguratu duten gune bakarra. Berbagailua jarri dute Madalenako ermitan, azokatik gehiegi urrundu gabe, bertan podcastak grabatzeko. Azokan erakutsiko diren nobedadeak abiapuntu bezala hartuko dituzte solasaldietarako eta 20 bat lagunek izan dute bertatik bertara grabazioa jarraitzeko aukera. Hori dela eta, txiki geratu da ‘Benetan zabiz’ podcastarekin.

Eguerdi partera apalduz joan da jendetza eta giro atseginagoa izan da diskoak eta liburuak erosteko. Horrez gain, Hikadromoa egin dute Landako eskolan. Bertan, dozenaka euskaldunek hika baliatuta hitz egin dute elkarrekin, galtzen ari den aldaera berpiztuz batak bestearengandik entzun eta ikasita.