Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ilhan Sami Çomak olerkari kurdoa: «Idazten dudan guztia politikoa da»

Ilhan Sami Çomak poeta kurduak 30 urte eman zituen kartzelan. Joseba Sarrionandiak beste horrenbeste, kartzelan eta erbestean. Biak Durangon elkartu dira, Ilhan Sami Çomak Euskal Herrira etorri baita ‘Mugarik gabeko poemak’ liburu-altxortxoa aurkezteko.

Aurkezpenaren une bat.
Aurkezpenaren une bat. (Jon URBE | FOKU)

Ilhan Sami Çomak (1973eko martxoak 8, Karliova) Istanbulgo Unibertsitateko Letren Fakultatean Geografia saileko ikasle zenean, 21 urte baino ez zituen. 1994. urtea atxilotu eta espetxeratu egin zuten eta bizitza osorako kartzelaldia ezarri zioten. 

30 urte eman ditu preso poetak. Baina, bere ahotsa ez da inoiz isildu, turkieraz ez ezik, bere ama-hizkuntzan, kurdueraz, idazten duelako eta, horrela, kartzelako hormak gainditu dituen obra poetiko oparoa eta sakona sortu du.

Nazioarteko PEN idazleen elkarteek, kartzelan eman zituen urte luzeetan, bere askatasuna aldarrikatu dute behin eta berriro. Ilhan Samiren poesiaren bilduma ugari argitaratu dira urte hauetan, ezaguna da, ingeles eta norvegiar edizioetan aurkitu daitezkeenak. Gaztelaniaz ez dago itzulita.

Eta ‘Mugari gabeko poemak’, Joseba Sarrionandiarekin batera osatu duen liburua, euskaraz argitaratu duen lehen lana da. 

Ilhan Sami Çomak iazko azaroan kaleratu zuten, eta egun Istanbulen bizi da. Euskal Herrira etorri da espreski liburu honen inguruko ekitaldietan parte hartzera eta, Gernikatik pasa ondoren, Durangoko Azokan izan da 60. edizioaren lehen egunean.

Ahotsenea Literaturako gunera bertaratu direnei –aretoa, beteta– motz egin zaie turkiera, ingelesa eta euskara hizkuntzak nahastu dituen aurkezpenak. Kurdinstandik Euskal Herrira elkarteak, Mugarik Gabe, Zutarri eta Suargi elkarteek indarrak batu dituzte bitxikeri hau editatu ahal izateko; hamar olerkiz osatuta, liburua oparitu egiten da, ez dago salgai. 

Laura Mintegi idazleak bota die liburu honen egile biei galdera berdina: «Poesia zer izan da, zuentzat: ihesbide bat edo errealitatean sakontzeko tresna bat?».

«Idazten hasi nintzenean ez nion hainbesteko baliorik jartzen poesiari berari –erantzun dio idazle kurdoak–. Jendeak ulertuko du, testuinguru politikoagik, nik 21 urte besterik ez nituen kartzelara sartu nintzenean eta ez nekien nora eramango ninduen bide horrek. Eta poesia izan zen, nolabait, salbamendurako bide bat. Sententzia konfirmatu zenean, nik bizi osoko kartzelaldia izango nuela jakin nuenean, momentu horretan poesia etorri zen ni salbatzera».

«Pasio handia nuen bizitzarekiko eta, nahiz eta jakin bizitza osoa pasako nuela kartzelan, poesiak lagundu zidan bizitzarekiko pasio horrek eta bizitzarekin zetorren guztiari aurre egiten. Ni preso politikoa nintzen, beraz, nire bizitza mugatuta eta baldintzatuta zegoen politikagatik, baina harresien kanpoan zegoen nik maite nuen guztia, hain hurbil baina, aldi berean, hain urrun», jarraitu du.

Eta bizitza berreskuratzeko erabili zuen poesia preso zegoen olerkariak: «Idazten dudan guztia oso politikoa da, nahiz eta nik politikaz idazten ez dudan. Beste alde batetik, poesia guzti honen gainetik dago: autoritatea eta diktadura amaituko dira, baina guzti hori bukatzen denean, poesiak hor jarrituko du, zentzu asko zabalagoa duelako. Ez bakarrik poesia, bestelako arteak eta literatura mota desberdinek ere tresna onenak dira diktadurari eta autoritateari erantzuteko. Nire poesia horren seinale eta adibidea da».  


Joseba Sarrionandia: «Euskaraz idazten ari nintzen debekatuta zegoelako»
22 urte zituen Joseba Sarrionandiak atxilotu zutenean. Guztiok ezagutzen dugu bere ibilbidea, euskal idazlerik ezagunenetarikoa bihurtu baitzen, nahiz eta kanpoan, erbestean, urte luzez egon. Habanatik Euskal Herrira duela lau bat urte itzuli zen eta, seguruenik, bizipen eta sentipen amankomunak aurkitu daitezke bi idazleen artean liburu honetan txertatutako poemetan.

«14 urterekin ez genekien nortzuk ginen euskaldunak», aipatu du Sarrionandiak, frankismoko giro erdaldunari buruz mintzatzean.

«Gau eskolan ikasi nuen letrak ipintzen. Euskaraz idazten hasi nintzen debekatuta zegoelako, debekuaren kontra hasi ginelako idazten. Teknikoki herri konkistatua jarraitu dugu izaten, eta niretzat euskaraz idaztea herritartasun kolonizatu bati lotuta dago. Niretzat idaztea da egitura horien kontra egitea», gaineratu du. 

Eta Ilhan Sami Çomaken poema batek dioen bezala (Itziar Ituño aktoreak irakurri du): «Ez dezagun hainbeste hitz egin, diot nik. / Barre egin dezagun, mesfidantzaren hesien gainetik salto eginez. / Haizea dabil, haizea dabil. / Xurxulatu diezaiogun elkarri belarrieta, zeure belarrira».