Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Irati Bazetaren iazko Sormen Bekaren emaitza eta ilustratzaileen uzta ikusgai daude Atartean

Berri onekin dator Azoka. Izan ere, arte plastikoek zein podcastek espazio propioa dute. Iazko Sormen Bekari esker ondutako artelanak jarri ditu ikusgai Irati Bazetak eta aurtengo liburuetan argia ikusi duten obrak ere aurkituko ditu bisitariak Atartean, Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Irati Bazeta, bere lanekin.
Irati Bazeta, bere lanekin. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskara jendea. Hauxe Gerediaga Elkarteak Sormen Beka eskuratzeko iaz proposatu zuen gaia. Irati Bazeta suertatu zen irabazle. Gure hizkuntzari erreparatu dio bere proiektua artistikoan. «Euskararen egoerari jarri diot arreta. Larrialdi linguistikoan gauden honetan zapalduak izatearen kontzientziarik badaukagun hausnartu nahi izan dut. Buelta eman eta erantzun kolektiboak nola sortuko ditugun, horren inguruan ere bai», azaldu du.

Kontzientziatik ahalduntzera garamatza Bazetak. «Kontzientzia ez da inoiz indibiduala, beti kolektiboa izan behar du. Euskarak bizi duen zapalkuntza ekarri nahi izan dut biriken irudiaren bitartez, arnasguneen galera irudikatu. Era berean, euskalgintzak egin duen lana, bestela ez ginateke hemen egongo».

Hainbat ispilu kokatu ditu aretoan, eta azpian galderak. Kolektiboki zer egingo dugu euskararen alde? Zapalkuntza egoeraz jabetzen al gara? Nola gauzatzen da euskararen bazterketa? Zein jauzi kolektibo behar dugu? «Gustatuko litzaidake hona datorrenak ispiluen parean jarri eta galderak erantzuteko ahalegina egitea. Nire helburua izan baita elkarrekin hausnartzea eta eztabaidak sortzea».

Horretarako aukera eskainiko dute bisita gidatuek. Igande honetan, abenduak 7, 17.00etan izango da lehena eta abenduaren 10ean 18.30ean bigarrena. 

Artista plastikoen alde

«Sormen Bekak argi uzten du Azokak azken urteotan artista plastikoen alde egin duen apustua. Erakusketaren ildo nagusia euskara da. Oso kontzeptuala den zerbait era plastikoan adieraztea ez da gauza erraza eta benetan uste dut lan bikaina egin duela», adierazi du Durangoko Arte eta Historia Museoaren zuzendariak, Garazi Arrizabalagak.

Azokak eta Gerediaga Elkarteak urte osoan zehar egindako lana azpimarratu nahi izan du. «Eskerrik asko euskal kulturarengatik eta Durangaldeko arte eta historiarengatik egiten duzuen lanarengatik», esanez hasi du bere hitzartzea. «Zuen sustraiak eta museoarenak berdinak dira, izan ere Azokaren eta Museoaren gurasoak berdinak dira, Leopoldo Zugaza, tartean. Aurten zuek 60 urte betetzen dituzue eta datorren urtean guk 40 urte. Urteurrenak ospatzea ez da gauza makala, izan ere herri honek kulturaren alde egindako apustua adierazten dute».

NAIZen galderei erantzunez, «ilustratzaileen lana azaltzen da bai liburu bai diskoetan. Azokan beraien txokoa ere behar zela ikusi genuen. Eta kulturaren jaialdia denez espazioak zabaldu behario zirela. Arte eszenikoek badute presentzia, musika eta zineka ere bai eta arte plastikoak kanpoan geratu izan da. Egia da aurreko edizioetan ekintzaren egin izan direla museoan baina ez espreski erakusketekin», esan du Museoaren zuzendariak. 

Helburua garbia izan da, baina nola gauzatu? «Aurtengo liburu eta diskoetan argitaratu diren ilustrazioen erakusketa daukagu beheko solairuan. Lehen urtea izanik ez ditugu proiektu gehiegi jaso baina seguraski datorren urtean lanen aukeraketa egitea zailagoa izango da», kontatu du.

Gotzon Gomezek, Gerediaga Elkartearen lehendakariak gogoratu du «kultur sorkuntza bistaratzeaz gainera, lana hauspotzea ere» badela Gerediaga Elkartearen helburua. «Eta norabide horretan sortu genuen Sormen Beka duela zortzi urte Udalaren sostengu ekonomikoarekin», gogoratu du. 

«Irati Bazetaren lana ezagutzeko zain izan gara eta orain izango dugu gozatzeko aukera. Gainera, irudigileek presentzia handia izango dute aurten Atartean, irudimenari ateak zabaldu eta unibertso berezi honetan murgiltzeko gonbita luzatzen dizuegu», gaineratu du.

Mireia Elkoroiribar alkatea ere ekitaldian izan da. 

10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara daude irekita erakusketak.