NAIZ

28 urteko surflari bat ito da Donibane Lohizunen

Surflari bat zendu da asteburuan Donibane Lohizunen. 28 urte zituen eta larunbatean izan ziren olatu bortitzetako batek kolpatu zuen. Inguruan zeuden surflariak laguntzen saiatu baziren ere, ez zuten gaztea suspertzea lortu.

Donibane Lohizuneko kostaldea, artxiboko irudi batean.
Donibane Lohizuneko kostaldea, artxiboko irudi batean. (Guillaume FAUVEAU)

Larunbatean, hilaren 6an, surflari bat hil zen Donibane Lohizunen, ‘Sud Ouest’ atariak igande honetan bertan jakitera eman duenez. Surflari talde batek ikusi zuen 28 urteko gaztea eta hura laguntzera joan baziren ere, ezin izan zuten suspertu eta itota hil zen.

Lekukoen arabera, olatu batek jo zuen gaztea eta surf egiteko erabiltzen duten gunetik aldendu zuen. Izan ere, larunbatean 4 metrotik gorako olatuak zeuden Donibane Lohizuneko uretan eta bertan zeuden surflarien arabera, arriskutsua zen uretan ibiltzea.

Arratsaldeko 16.00ak aldera jazo zen ezbeharra, Lafitenia surf gunean, Donibane Lohizunen. Inguruan zeuden gainontzeko surflariek azkar esku hartu zuten, gaztea olatu batek kolpatu zuela ikusi bezain pronto juan baitziren haren bila, eta bihotz-biriketako gelditze egoeran aurkitu zuten. Erreanimatzeko saiakerak egin bazituzten ere, ez zuten lortu 28 urteko surflaria suspertzea eta bertan hil zen.

Sud Ouestek igande honetan argitaratutako informazioaren arabera, litekeena da gaztea olatu batek kolpatu eta konorterik gabe utzi izana. Hori dela eta hil omen zen gaztea itota, inguruko surflariek hura salbatu ezinda. Hala ere, azpimarratu dute ez dela argitaratu zehazki zer dela eta hil zen surflaria, balitekeelako beste arrazoi batzuk tarteko konortea galdu izana ere.