EH Bilduren Nazioarteko Harremanetarako arduraduna eta Gasteizko Legebiltzarreko parlamentari Igor Zulaikak hitz egin du, asteburu honetan, Istanbulen egindako Kurdistango Bake eta Demokraziarako Konferentziako solasaldi nagusian.
Zulaikak Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidente ohiarekin eta Sinn Fein-eko kide den Declan Kearneyrekin partekatu du solasaldia; baita Mohamed Bhabha, Hego Afrikako senatari ohia eta Parlamentuko Batzorde Konstituzionaleko presidentearekin; Tawakkol Karman, Bakearen Nobel saridunarekin; eta Azime Işik politikarekin ere. Haien aurrean, gatazka politiko eta armatuaren konponbide prozesuaren euskal esperientzia azaldu du. Ezker soberanistako ordezkaria Josu Estarrona EH Bilduren senatariarekin batera joan da Istanbulera.
Larunbat arratsaldean egindako solasaldian, Zulaikak euskal bake prozesuaren ikasgai nagusiak partekatu ditu, eta Turkian eta Kurdistanen gatazka politikoetarako konponbide demokratiko eta negoziatu baten beharra azpimarratu du. «Euskal esperientziak erakusten du bakea posible dela konpromiso politikoa, babes soziala eta nazioarteko laguntza daudenean», adierazi du.
Zulaikak bereziki gogoratu du 2011ko Aieteko Adierazpena, Kofi Annan eta Gro Harlem Brundtland bezalako pertsona esanguratsuek gauzatu zutena, eta horrek ahalbidetu zuela ETAk borroka armatua amaituko zuela iragartzea hiru egun geroago. «Nazioarteko komunitatearen inplikaziorik gabe, aurrerapauso hori ezinezkoa izango zen», nabarmendu du.
Lankidetzaren garrantzia
Hitzartzean, gobernuekin lankidetzan aritzearen garrantzia ere azpimarratu du, bakea sendotzeko ezinbesteko zutabe gisa. Armagabetzean, errefuxiatuen itzuleran eta espetxe-politikan elkarrekin aurrera egitea, besteak beste. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez aukera bat da zauriak sendatzeko eta konfiantza eraikitzeko, esperientziak erakusten baitu afera horiek garaiz eta elkarrizketaren bidez lantzea dela bake prozesu sendo eta oztoporik gabekoaren bermerik onena.
Era berean, gogorarazi du 2018an ETA desegin eta konfrontazio armatua gaindituta, bakerako aro historiko eta atzeraezina ireki zuela. Nabarmendu du hemendik aurrerako bidea eztabaida politikoa eta elkarrizketa dela, edozein gizarte demokratikotan bezala. Gehitu du, nahiz eta erronkak eta oztopoek egoten jarraitzen duten, Euskal Herrian konbentzimendu sendoa dagoela, bai soziala eta instituzionala, aurrera jarraitzeko. Bere mezua argia izan da: konponbide demokratiko baterako dinamika, errespetuan eta akordioan oinarritua, geldiezina da eta aurrera egiten jarraituko du.
Turkiari deia
Amaierako mezuan, EH Bilduren ordezkariak dei esplizitua egin die agintari turkiarrei: «Prozesu sinesgarri bat egon dadin, lidergo kurduak parte hartu behar du. Abdullah Ocalanen askatasuna baldintza beharrezkoa eta premiazkoa da».
Igor Zulaikak honela amaitu du: «Bakeak onurak dakartza hura babesten dutenentzat, eta oztopoek, berriz, sufrimendu gehiago baino ez dute sortzen. Gizarte kurduak eta turkiarrak bizitza demokratikoa, bidezkoa eta bakezkoa merezi dute».

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
