Nerea Goti
Kazetaria

«Etxera» kantari Durangon, ohe hutsik gera ez dadin

‘Etxera kantuz, topaketa’ egin du Sarek Durangon, «denak, etxean» aldarrikapenari doinua jarriz. Urtarrilaren 10eko manifestazioaren atarian, Bilbon egoteko deia egin du, kulturgileek adierazi duten babesarekin, «salbuespen neurriekin bukatu behar delako» eta «luzamenduak mina eragiten duelako».

«Etxera kantuz, topaketa», Durangon.
«Etxera kantuz, topaketa», Durangon. (@sare_herritarra)

Kantuz topaketa egin du Sare herri ekimenak igande eguerdi honetan Durangon, preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarrikapenei euskal kantagintzak eman dituen doinuak eta letrak emanez. 

Euskal Herriak ortzimugan duen beste hitzordu batean jarri du azpimarra zitak: Bilboko presoen aldeko manifestazio handian. Urtarrilaren 10ean izango da eta ‘Ezin da gehiago luzatu’ leloak zabalduko du martxa. Sarek aldarrikatu duenez, «konponbideak, bakeak eta bizikidetzak» kaleen bultzada behar dute prozesuaren «azken txanpari» ekiteko.

Bilbon, urtarrilaren 10ean

Bilboko deialdi horren harira, Bego Atxa Sareren bozeramaileak gogoratu du aurrerapen handiak egon direla azken urtean presoen auzian, baina arrazoi handiak daudela oraindik urtarrilaren 10ean Bilboko mobilizazio handi horretan egoteko, batetik salbuespenean oinarritutako espetxe politikaren ondorioak indarrean daudelako oraindik; bestetik, «preso eta erbestean jarraitzen dutenentzako irtenbide justu eta aurrerakoia» lortu behar delako. «Eta hau berehala egin behar da, berandu gabiltzalako», jarraitru du.

Atxak azaldu duenez, salbuespen neurriek bere horretan jarraitzen dute «legegintza, justizia eta espetxe-eremutean» eta «egoera hau ezin da gehiago luzatu». Erantsi du, habaler, «euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsaren aldarrikapen horrekin batera, indarkeria ezberdinak jasandako guztien eskubideak eta sentimenduak aitortu behar» direla. «Guztiek merezi dute beren mina aitortzea eta konponatzea», azpimarratu du.

«Uste dugu orain asko luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken zatia bideratzea dagokigula», nabarmendu du Sarek. «Aurrera egiteko garaia da, eta lehenengo urratsetako bat legedia aplikatzea izan behar du, salbuespenik gabe. Preso edo erbestean jarraitzen dutenentzako irtenbide justu eta aurrerakoia».

Ehun kulturgile baino gehiagoren adierazpena

«Luzamendutan ibiltzeak kaltea besterik ez dakar. Eskubideak urratzen dituelako. Konponbidea atzeratzen duelako. Bakearen ifrentzuan idazten jarraitzea delako. Elkarbizitzaren kaltetan delako», adierazi dute hamarnaka euskal kulturgilek Bilboko U10eko manifestazioaren aldeko atxikimendua erakusten duen testu batean.

«Minaren sorrera ezin da gehiago luzatu. Zaurien sendaketa ezin da gehiago luzatu. Jarreren hurbilketa ezin da gehiago luzatu. Indarkerien ondorioak jasan dituztenen eskubideen errespetua eta aitortza ezin da gehiago luzatu. Eta euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoera ezin da gehuago luzatu», irakurri du Unai Iturriaga marrazkilariak Durangoko ekitaldian.

Kulturaren munduko diziplina ezberdinetako ehun sortzailek baino gehiagok sinatzen dute adierazpena.