Aritz Santamaria
NAIZ Irratia

Larrazabalek eta Mariezkurrenak markagailua irauli eta lehen puntua erdietsi dute

Partida gogorra jokatu dute bi bikoteek, eta azken partean Larrazabalek eta Mariezkurrenak puntua lortu dute min hartu duen Laso eta Albisuren aurka. 6 tantoko abantaila izan dute gorriek, baina Larrazabalek eta Mariezkurrenak ez dute amorerik eman eta uzta bildu dute: lehen puntua eta segurtasuna.

Larrazabalek eskuinkada joz, Lasoren begiradaren aurrean
Larrazabalek eskuinkada joz, Lasoren begiradaren aurrean (Jagoba Manterola | FOKU)

LASO - ALBISU 20

LARRAZABAL - MARIEZKURRENA II.a 22

Lehen puntua lortu du Larrazabal-Mariezkurrena bikoteak, markagailua irauli ondoren. Izan ere, Laso eta Albisu agindu dute markagailuan, jokoa aski berdinduta egon baita. Azken zatian, gorriak aurretik zeudenean, Lasok esukineko belaunean kolpea izan du, eta alarmak piztu ditu. Ondotik, Larrazabalek agindu du minduta zegoen Laso baten aurrean, eta Mariezkurrena gailendu da Albisuren aurkako lehian. 20-22koarekin amaitu da partida, urdinek lehen puntua lortu dutela. Pello Etxeberria eta Martija dira, ondorioz, punturik erdietsi ez duten bakarrak.

Hasiera bizia

Lehen tanto luzea utzi digu partidak, erasoan gorriak eta defentsa lanetan urdinak. Dena den, are luzeagoa izan da bigarrena, eta 80 pilotakadatik gertu jo dituzte lehen bi tantoetan. Larrazabal ez da ongi hasi, eta lehenengo bi tantoak galdu ditu; Mariezkurrenak, ordea, ongi baino hobeto eutsi die Laso eta Albisuren erasoei. Oso bizi hasi da lehia, 3 eta 1ekoarekin gorrien alde. Aginte argirik gabe, partida hasiera bizia bezain parekatua izan da, eta Larrazabalek egin du arratsaldeko lehena, goitik beherako erremate gogor eta ikusgarri batekin.

Atzelarien arteko piloteo luzeak aurrelariek bukatu dituzte eraso itxurosoekin. Zalantzak behin gainditurik, fin eta dotore aritu dira lau pilotariak, bakoitza bere kuadro eta eginkizunetan. Horren adibide izan da Berriozarreko atzelariak eman duen eskuinakada, zeinarekin emaitza estutu du, 5 eta 4koa ipiniz. Jarraian, Lasoren akatsa, eta berdinketa markagailuan (5-5). Hasiera gogorra eta ikusgarria izan da.

Lasok agintea hartu du hurrengo tantoetan, eta bikote urdinaren bi akatsen ondotik airezko bigarrena egin du Bizkarreta-Gerendiangoak (8-5). Bederatzigarrena Laso eta Albisuren alde ere, Mariezkurrenak gora bota baitu. Atzelari nafarra deseroso samar egon da agintzeko aukera izan ez duenean, baina xarmanki jokatu du aukera izan duenean. Horrelaxe 8 eta 6koa egin du atzelariak, horma-biko baten ondorioz eta berriz ere gerturatu dira (9-7).

Zuloa ezin ireki

Nahiz eta partida hasieratik aurretik egon diren, Lasok eta Albisuk ezin izan dute zulo handia egin markagailuan. Gehienez, hiru tantoko aldea lortu dute, Mariezkurrenak ongi eutsi baitio. Halaber, atzelari ataundarrak akats bi egin ditu segidan, eta hori galga izan da. Dena den, Albisuk sekulako eskuinkada eman dio, eta Marizkurrenak defentsa lenetan ongi aritu bada ere, Lasoren erremateak hamabigarrena ipini du. Horiek horrela, lehen atsedenaldira lau tantoren aldearekin iritsi dira Laso eta Albisu (12-8).

Atsedenalditik bueltan, Lasok hartu du berriz ere aginte makila, fisikoki ongi dagoelaren seinale. Bolea ziraragarria eman dio eta 13 eta 8koa jarri du. Hori gutxi ez, beste eraso gurutzatu xarmangarri batekin zuloa handitu du Lasok. Ondoren, Larrazabelen akatsa etorri da, ezin izan du eroso jokatu eta behar baino akats gehiago egin ditu arabarrak lehen zatian (16-11). Mariezkurrenak, hortaz, bikotearen zama hartu du eta erasoan ere gozagarri aritu da, 16 eta 12koa jarriz. Jokaldi horretan Lasok eta Albisuk elkarren kontra jo dute, eta Lasok mina hartu du ebakuntza egin zioten belaunean. Herren atera da kantxatik eta alarmak berriz ere piztu ditu.

Dena den, azkar atera da frontoira eta zaletuen txalo zaparradak ongi etorria egin dio. Kolpea besterik ez da izan, eta partida amaitzeko aukera izan du aurrelari nafarrak. Kolpeak eragin duen etenaldiaren bueltan Albisuk bi tanto egin ditu, eta 18-13koarekin iritsi dira bigarren atsedenaldira.

Ez dute amorerik eman

Bikote urdina ez zegoen urrun, eta 4 tanto jarraian egin dituzte, 4. zenbakidun pilotarekin. Mariezkurrenak ederki moztu du tantoa eginez, eta ondoren Larrazabalek lehen koadroetan agintea hartu du. Markagailua nabarmen estutu dute, baina Mariezkurrenak akats egin du berdinketa eskura izan duenean (19-17). Azken zatian Larrazabal ez du akatsik egin; are gehiago, berdinketa jarri du sakez egindako tantoarekin (19-19).

Markagailua irauli dute Larrazabal eta Mariezkurrenak. Atzelariak defentsa ikusgarria egin du eta Albisuk gora bota du. Lehen aldiz aurretik jarri da bikote urdina ausart eta erasora jokatuz, 19-20. Dena den, Lasok Larrazabalen errematea eraman du, bat gehiagora jotzera behartuz, eta horretan bete da Larrazabal (20-20).

Hurrengoan Mariezkurrenak Albisu estutu du, eta ataundarrari erori egin zaio. Hurrengoa ere Albisuk galdu du, erraza zirudien pilotakadan. Larrazabalek eta Mariezkurrenak, beraz, lehen puntua erdietsi dute, Laso eta Albisu garaitu ondoren (20-22). Atzetik joan dira partida osoan zehar, baina gorriek ez dute zulo nabarmenik egin. Lasoren kolpeak partidaren norakoa aldatu du, behintzat animikoki, eta Larrazabalek eta Mariezkurrenak markagailua irauli dute. Larrazabalek pauso bat aurrera eman du eta Mariezkurrena Albisu baino gehiago izan da.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 590. Iraupena: 75 minutu. Markagailua: 2-0;4-1;5-3;5-5; 8-5; 9-7; 10-8; 13-8;14-10; 16-11; 17-13; 18-15; 19-17; 20-20; 20-22. Sakeak: Larrzabalek 1. Egindakoak: 8 Lasok eta 5 Larrazabalek; 2 Albisuk eta 7 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 4 Lasok eta 4 Larrazbalek; 5 Albisuk eta Mariezkurrenak 6. Gorabeherak: 800 pertsona Atano III. pilotalekuan. Lehen sakea Lasok egin du.