Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Jaka eta Iztuetak, «bete-beteko partida osatuta», bigarren puntua batu dute

Jaka eta Iztuetak bigarren puntua batu dute Binakako txapelketan, hirugarren jardunaldian Artola-Imaz 22-8 mendean hartu ostean. Aurrelari lizartzarrak 14 egindakorekin bukatu du partida eta pozik agertu da, batez ere «lehengo asteko estropezua konpondu» dutelako.

Iztueta oso jotzaile aritu da Beotibarren, Artola-Imazen aurka.
Iztueta oso jotzaile aritu da Beotibarren, Artola-Imazen aurka. (Jon URBE | FOKU)

«Lehengo asteko estropezua» konponduta, pozik agertu zen Erika Jaka, Tolosako Beotibarren 14 tanto eder egin eta Binakako txapelketan, Iztueta bizkarzain seguruak lagunduta, bigarren puntua lortu dutelako. Artola-Imazek baino bikote osoagoa osatu dute lizartzarrak eta tolosarrak eta horrek eraman die dema erabat menderatzera.

Jakak gozatu egin due pilotarekin, ongi sartzen zitzaion eskuan, hein handi batean Iztuetaren joaldiak ere bikote urdinean hutsuneak eragin dituelako. Modu horretan, gorrien lehendabiziko zortzi tantoetako zazpi Lizartzako aurrelariak sinatutakoak izan dira. Urdinei kosta egin zaie jokoan sartzea, Artolak behar dituen tanto garatu horien ateak muturren aurrean itxi baitio Jakak. Imazek ere ez du erakutsi ohikoa duen segurtasuna eta egon diren tanto nekagarri apurretan akidurak erabat baldintzatu zion –13-3koa, kasu–.

Gorriak agintzen joan dira lehen atsedenaldi luzera (12-3) eta handik bueltan kolpeak gehiago elkartrukatu badira ere, gorriek partida erabat kontrolatuta zutenaren zantzua ez da inoiz desegin.

Iztuetak, lau gora

Lizartzarrak 13-4koan galdu du lehendabiziko pilotakada eta 14-5ekoan agertu da Artolaren benetako sena, urrutitik gantxoa egin, bikote gorria hautsi eta jokaldia menderatuta. Hala ere, oldarraldi horrek ez du segidarik izan, Iztuetak 14-6koan huts egin ostean, Alegiako aurrelariak berak ere kanpora bota duelako.

Tolosako atzelaria, partida erabat menderatuta zutela ikustean eta etxekoen babespean, pilotaz ere bete egin da zenbait tantotan –azken txanpan hiru pilotakada bota ditu gora– baina ordurako, bizigarri horiek beranduegi ziren urdinentzako.

Binakako txapelketa, ordea, hasi besterik ez da egin. Jaka-Iztuetak bigarren puntua batu dute eta Elordi-Zabaletaren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldian; Artola-Imaz, puntu batekin, Zabala-Martijaren aurka arituko dira.

FITXA TEKNIKOA

JAKA-IZTUETA 22

ARTOLA-IMAZ 8

Partidaren iraupena: 51:41 minutu. Pilotakada kopurua: 412 pilotakada. Sakez egindakoak: 1 Jakak. Egindakoak: 14 Jakak eta 1 Iztuetak; 2 Artolak eta 1 Imazek. Galdutakoakoak: 1 Jakak eta 4 Iztuetak; 4 Artolak eta 3 Imazek. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 4-1, 6-1, 6-2, 7-2, 11-2, 11-3, 12-3, 13-3, 13-4, 14-4, 14-5, 14-6, 15-6, 16-6, 16-7, 16-8, 17-8, 22-8. Gertaerak: Tolosako Beotibarren jokatutako partida, Binakako txapelketako hirugarren jardunaldiko azken partida. Harmailak beteta.