Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Joxe Azurmendi kolosala omendu dute Durangoko Azokan

Uztailean desagertu zen Joxe Azurmendiri omenaldia eskaini diote Jakin-ek eta Gerediaga Elkarteak Azokaren baitan. Pentsalari eta idazle kolosala, zubi eraikitzailea eta ekintzailea, bere erraldoitasuna xume eta xehe goratu dute Landakon.

Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia, Durangon.
Joxe Azurmendiri aitortza ekitaldia, Durangon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Joxe Azurmendi pentsalari eta filosofoari omenaldia eskaini diote gaur Durangoko Azokan Jakin-ek eta Gerediaga Elkarteak. Uztailean desagertu zen Azurmendi ertz desberdinetatik begiratu dute bertaratutako egile, idazle, musikari eta filosofoek, handia baita, oso, zegamarrak utzi duen ondarea. 

Jakin-eko zuzendari Lorea Agirre taularatu eta egilearen pentsamenduan zehar zabaldu du bidea. «Gerraosteko basamortuan bezala, umezurtz geratutako belaunaldi batekoa» izan zela aipatu du, ekaintzailea oso, eta zubi-eraikitzailea izatez, belaunaldi berriek idazten eta esaten zutenarekin beti adi. 

Kasualitatea izan daiteke. Orain urtebete eskas erredakzioan lanean hasitako filosofo gaztearen izena bota dute, beste kide batzuekin batera, aurtengo sormen bekaren irabazleen artean. Azurmendiri eskainitako komikia onduko dute. Azurmendi ez dago, baina zubiak eraikita daude, eta hor kasualitateez libre dira bere ondorengoak. 

Idazle kolosala, auzi desberdinez idatzi izan zuena bere ibilbide ezin oparoagoan, Azurmendi «askatasunerako pentsalari» izan zela azpimarratu dute, ardatz nagusi batzuk oinarri izan dituena: kontzientzia askatasuna, herri askatasuna eta giza askatasuna.

Azurmendi bera poeta gisa plazaratu zen euskal letren mundura, ‘Hitz berdeak’ lanarekin. Bertan argitaratu zuen ‘Manifestu atzeratua’ poema. «Bertan agertzen dira 60 urtetan landuko dituen hainbat gai, gaur egun ere oihartzun egiten diguten auziak eta kritikak eta ironiak planteatzen dituena. Azken finean, esan dezakegu poema horretan galdera bat planteatzen duela Azurmendik, gerora beti errepikatuko duena. Zer egingo dugu libertate gose kolektibo honekin? Herri honekin? Gizatasun honekin? Nora eramango dugun, ze makurkeria eta aldeko ze gauza ditugun», azaldu du Agirrek.

‘Jakin’ aldizkariak ale bikoitza kaleratu du Azurmendiri omen egiteko, ‘Zergatik eta zertarako?’ galderei erantzuten diona. Ehun egile inguruk parte hartu dute lan bikoitz horretan, hitz lauz, poemez eta bertsoz osatutakoa, askotariko ikuspegiak biltzen dituena. 

Ainara Lasak egindako margolanak hondoan, eta MICEren gitarra lagun, hainbat idazlek Azurmendiren lanek argiztatutako errezitaldia eskaini dute.