
Azken sei hamarkadetan Euskal Herriak eman duen pentsalari handiena zendu da: Joxe Azurmendi Otaegi. ‘Jakin’ek eman du albiste latz honen berri. 84 zituela zendu da, gaixotasun luze baten ondoren.
Joxe Azurmendi hil zaigu.
— Jakin (@jakin_eus) July 2, 2025
Jakin Taldeko kide eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena.
40 liburutik gorako obran mundua pentsatu du, Euskal Herritik eta euskaraz.
Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta jarraitzeko konpromisoa. pic.twitter.com/4LrAy7zTLv
Saiakeragile nabarmena eta obra mamitsu eta oparo baten egile, irakaslea eta poeta ere izan zen. 1965etik, euskaltzain urgazlea eta 2010etik, ohorezkoa, eta UZEIren, UEUren eta hizkuntza eta kultura arloetako beste hainbat ekimenen sorreran parte hartutakoa, hala nola euskara batuarenean, Jakin taldeko zenbait lagunekin batera. Herria eta askatasunarekiko konpromisoak zeharkatu ditu haren bizitza eta obra.
Filosofia baliatu zuen mundua pentsatzeko, euskaldun gisa pentsatu ere, bere lanetan hainbat diziplina baliatuz. Politika, hizkuntza eta literatura aztergai, besteak beste, Miguel Unamuno, Nikolas Ormaetxea Orixe, Etienne Salaberri, Karlos Santamaria, Jose Maria Arizmendiarrieta, Jon Mirande, Rikardo Arregi eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren obra aztertu zuen. Halaber, Europako korronte eta eztabaida filosofikoak baliatu zituen Euskal Herriko testuingurura moldatuz, euskal pentsamendu propioa garatze aldera, «mundua gure esperientzietatik pentsatuz».
Zegamako familia «langile eta pobre» batean sortu zen mundura Joxe Azurmendi Otaegi, 1941eko martxoaren 19an. Hamar urte ingururekin Arantzazuko frantziskotarrekin ikastera joan zen; 16rekin, Erriberrin (Nafarroa), filosofia ikasi eta, Arturo Campionen obra irakurriz, Euskal Herria idoro zuen, baita euskara ere, erdi galdua baitzuen orduko. Hemezortzi urte zituela, Arantzazun, Jakin taldean laguntzaile hasi zen Joseba Intxaustiren eta Kepa Enbeitaren eskutik, eta Enbeitak frantziskotarren ordena utzi zuenean, Intxaustirekin partekatu zuen Azurmendik aldizkariariaren ardura. Han zela, hainbat euskal sortzaile eta pentsalari ezagutzeko aukera izan zuen, hala nola Jurgi Oteiza edo Gabriel Aresti. Nabarmentzekoa da, era berean, Bitoriano Gandiagaren eta haren artean sortu zen adiskidetza sendoa; lagunaren omenezko lana dela esan liteke 2009an argitaratu zuen ‘Azken egunak Gandiagarekin’ (Elkar) saioa, bere bizitzan zehar eraikitako mundu ikuskeraren –eta bere pentsamenduaren sakonaren– erakusgarri.
Bere euskalduntasuna berregin zuen poeta
50eko hamarraldiaren amaieran hasi zen ‘Jakin’ eta ‘Anaitasuna’ aldizkarietan artikuluak argitaratzen, euskal nazioa berregin eta birpentsatzeko beharrak horretaratuta, eta 1965ean erbestera jo zuen Europan zehar. Alemanian zela, ‘Baina zergatik eta zertako euskaldun?’ galdera plazaratu zuen 1967an ‘Zeruko Argia’ aldizkarian argitaratutako artikulu batean; eztabaida sutsua eragin zuen eta erantzun gogorrak eta akusazio mingarriak jaso zituen. Urte berean argitaratu zuen erantzunean argitu zuen bere euskalduntasun kontzeptua: «Niretzat, eta bakarrik ez nagoelakoan, euskeraren alde jokatzea ez da jaio izanaren kontu, ez sentimentuaren kontu, ezpada batez ere justizia kontu, beste haiek zeharo ukatu gabe» (‘Zergatik eta zertarako euskaldun?’. Jakin 27-28, 1967). Euskalduntasuna izaera bainoago hautu, erabaki eta praktika moduan ulertzen zuen. Bere euskalduntasuna bezala, Euskal Herria berregin beharra aldarrikatu zuen.
Euskalduntasuna izaera bainoago hautu, erabaki eta praktika moduan ulertzen zuen. Bere euskalduntasuna bezala, Euskal Herria berregin beharra aldarrikatu zuen
‘Hitz berdeak’ (EFA, 1971) poema bilduma izan zen argitara eman zuen lehen liburua, Bitoriano Gandiagak haren sarreretako batean dioenez Azurmendik bere burua poetatzat ez zeukan arren. Hala ere, poeta zen, poeta bazenez, eta hau ez da bigarren mailako xehetasuna. «Estiloaren aldetik Arestiren itzala nabari bada ere, egundoko indarra dute bere hitzek, orijinaltasuna, eta –onerako nahiz txarrerako– urteek kendu ez dioten balioa», idatzi zuen Koldo Izagirrek 2000n, berak apailatu eta Susak argitaratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak Azurmendiren poemagintzari eskainitako alean. Bertan ‘Hitz berdeak’ liburuko poemak ez ezik, ‘Manifestu atzeratua’ ere irakurgai dago, zentsurak liburutik kanpo utzi ziona eta Azurmendiren pentsaeraren nondik norakoaren zantzuak suma daitezkeen poema ederra.
Izagirrek «pentsamenduaren poeta» horren gainean dioenez, haren poesiaren protagonista «beti lehen pertsonan mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka. [...] Kontu eske ari zaiona sakramentuari gainez egindako Camus-en gizona da. Horixe izan nahi luke poetak, gizon bat, besterik gabe. [...] Azurmendiren poesiak Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. Horrek, orduan, berez zekarren gizarte kontzientzia. Existenzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen».
Hainbat autoreren eragina izan zuen Azurmendik, inoren jarraitzaile itsua ez izan arren. Besteak beste, batez ere autore alemanen eragina nabari zaio; baita Euskal Herriko zenbaitena ere, hala nola Jon Miranderena eta Txillardegirena. Azken honekin, hain zuzen, eta ezkerreko beste pentsalari batzuekin eskuz esku jardun zuen marxismoari buruzko testuak prestatzen, Euskal Herriko gazteria gogoan, ezkerreko abertzaletasun baten bila. 1971n ‘Hizkuntza, etnia eta marxismoa’ (Euskal Elkargoa) argitaratu zuen. Bertan, abertzaletasuna eta marxismoa elkarren aurkakotzat hartzeko joera aztertu zuen, eta ondoren marxismoaren eta beste ideologia batzuen inguruko lan gehiago idatzi zituen.
Gizaberea
UEUk antolatutako lehen ikastaroetan parte hartu zuen, 1973an Donibane Lohizunen, eta Ipar Euskal Herriko pentsalariekin harremanetan hasi zen, hala nola Manex Erdozaintzi-Etxartekin. Garai hartan, Alemanian zela, hilabete bat gordean eman zuen, Carrero Blancoren aurkako atentaturako laguntza eman izana egotzi baitzion Espainiako Poliziak. Alemaniako Poliziak ezkutatu zuen, eta gordelekua utzi zuenean, Espainiako enbaxadorea joan zitzaion Carreroren hilketa kondenatzen zuela sinatu zezan. Ez zuen sinatu, eta atzerritik ezin itzulirik jarraitu zuen.
1975ean ‘Gizona abere hutsa da’ saioa argitaratu zuen. Bertan, gizakia aberea dela aldezten du, landu zuen ideia nagusietakoa; arrazoimenak gidatuta interes partekatuak defendatzeko elkarteak sortzen dituen aberea, taldekoia baita. Arrazoimenak, Azurmendik dioenez, ez du animalia izatetik urruntzen; izan ere, arrazoimena animalia izatearen ondorio dela dio. Gizaberearen historia biolentoak erakusi duenez, txarrenerako gauza da, baina baita onenerako ere: «Nire aldetik, ez dakit ‘gizonaren’ kontzeptu oso altua ote dudan, ikaragarri eritzi positiboa ez dit merezi ‘gizonaren’ historiak, egia esateko, baina animaliak errespetu guztia merezi dit, gizona egiaz den animaliak ere bai, horrexek batez ere, animalia guztietan ameslarienak, esnai eta lo, bere amets erreinua zabaltzeko asmoz meditazio transzendentala, estasia, haluzinogenoak, erliljioa, pattarra eta meskalina asmatu dituenak» (‘Gizaberearen bakeak eta gerrak’. Elkar, 1991).
Franco hil ondoren, Hego Euskal Herrira itzuli zen, baina Alemania beti erreferentzia kultural eta filosofiko izan zuen, baita maiz bizileku ere. Garai hartan, Arrasateko kooperatiben sortzaile Jose Maria Arizmendiarrieta hil zenean, haren pentsamenduaren inguruko museo bat eta liburu bat egiteko ardura hartu zuen. Hurrengo urteetan irakasle jardun zen GIUTIn (EUTG) eta 80ko hamarraldiaren hasieran EHUn. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen, Arizmendiarrietari buruz egin zituen ikerketak, hain zuzen. Kanten filosofian aditua, 1993an EHUko Filosofia Modernoko irakasle katedradun izendatu zuten. 2011n, erretiroa hartu zuenean, katedradun emeritu izendatu zuten.
Abertzale kulturala
Ez da kasualitatea gehien eta sakonen jorratu zituen gaietako batzuk nazioa, hizkuntza eta kultura izatea, euskal nazioa eraikitzeko proposamena ere bai baita Azurmendiren obra, eta Alemaniako erromantizismo ilustratua zuen eredu. Herderren historizismoa aldarrikatzen zuen: erregeen eta inperioen historia barik, herritarren bizimodua, literatura, dantzak, harremanak... kulturen historia, alegia. Azurmendiren nazio kontzeptuan funtsezkoak dira kultura eta hizkuntza, eta gai hori oparo eta sakon aztertu zuen, bereziki nazioaren inguruko trilogian: ‘Espainiaren arimaz’ (Elkar, 2006), ‘Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua ’(UEU, 2007) eta ‘Volksgeist: Herri gogoa’ (Elkar, 2007), baita ‘Historia arraza, nazioa’ (Elkar, 2014) saioan ere. Era berean, estaturik gabeko herrien nazionalismoaren inguruko hainbat topiko nabarmen utzi zituen (‘Europa bezain zaharra’. Jakin, 2023).
Euskal Herria modernitateak hautsitako herria da Azurmendiren ustez. Espainia eta Frantzia estatuek sakabanatutako komunitatea, eta komunitate hori ulertu eta berregin egin behar dela dio
Euskal Herria modernitateak hautsitako herria da Azurmendiren ustez. Espainia eta Frantzia estatuek sakabanatutako komunitatea, eta komunitate hori ulertu eta berregin egin behar dela dio. Nazioa berregiteak ez du esan nahi iragan nostalgiko batera itzultzea, ordea. Abertzale kulturaltzat jo zuen Haritz Azurmendi Arruek bere tesian, Zegamako pentsalariak naziotasunaren inguruan idatzi zituen ideiak bildu eta gizarte zientzietako hainbat teoriarekin konparatu ondoren. Haren ustez, labur esanda, komunitate barrutik abiatuz kultura modernizatu, beste kulturetatik ikasi baina bere elementu tradizionalak, erreferentzia propioak eraldatuz biziberritu eta modernizatu behar duen abertzaletasuna aldarrikatu du Azurmendik.
Zenbait intelektual espainolek esaten zutenaz bestera, Azurmendiren kultura kontzeptua ez da inondik ere esentzialista, berritzailea baizik. Euskal nazionalismoaren aurka erabili duten topiko bat, ilustrazio frantsesa vs erromantizismo alemaniarra ustezko dikotomia, interpretazio oker baten ondorio dela dio. Volksgeiste edo ‘herri gogoa’ kontzeptua sakon aztertu zuen, eta hura euskal abertzaletasunaren kontra erabiltzen dutenei ere egozten die ulertu ez izana: izan ere, haren jatorrian ez dago planteamendu arrazista eta esentzialistarik; aitzitik, hizkuntzaren gaitasun autokreatzaile eta antiesentzialista adierazten du.
Demokrazia
Azurmendik jorratutako beste gai nagusietako bat demokrazia da, eta hainbat lanetan ikusten denez: ‘Demokratak eta bioentoak’ (Elkar, 1997), ‘Oraingo gazte eroak’ (Enbolike, 1998), ‘Euskal Herria Krisian’ (Elkar, 1999) edo ‘Barkamena, kondena, tortura’ (Elkar, 2012). Euskaltasuna egin egin behar dela uste zuen bezala, berdin uste du demokraziari dagokionez ere, eta haren inguruko zenbait arriskuz ohartarazi zuen, hala nola egitura politiko legal batzuekin identifikatzea; dioenez, estatu batek konstituzio bat izatea ez da jardun demokratikoaren inolako bermea; beste arrisku bat, Estatua demokraziaren zaindari dela, konstituzioaren kanpoko guztia kriminalizatzea. Miranderen eta Nietzscheren pentsamendua baliatuz, demokrazia funtsatzen duen gehiengoaren kritika egin zuen. Salatu zuenez, Estatuak ez du bere fundamentua demokratikoki eraiki, gehiengoa arrazoi bihurtuta lbaizik, dogma bihurtuta.
Eta dogmaren aurkako jarrerak, hain zuzen, erlatibismora lerratu zuen. Nolanahi ere, berak bazuela absoluturik esan zuen: herria, hizkuntza eta zenbait balio, bere hautu eta erabaki gisa, horien funtsa absolutua ez dela onartuta ere.
Azurmendiren testuak berebiziko erreferentzia dira euskal pentsamendu kritikoan; zenbait pentsalari gaztek Euskal Herrian dagoen zapalkuntza bera askotariko ardatzen gurutzaketa modura pentsatzeko lehenengo saiakeren artekotzat aintzatetsi dituzte zegamar pentsalariarenak.
«Oso untzi hauskorreko argonautak gara euskaltzaleok», esan zion Lorea Agirreri 2015ean ‘Hegats’ (45) aldizkariak euskal pentsalariari eskaini zion alean argitaratutako solasean. Ontzi hauskorra hautatu zuen Joxe Azurmendik, eta bizialdi osoko lan erraldoi eta balio handikoa utzi du ontzi hori ur gainean segi dezan. Lorea Agirrek esan zuenez, jakintza eta kultura unibertsaletik jaso eta «Euskal Herriarentzako ereduak proposatu zituen. Kultura unibertsalaren ekarpenak partikularrak direlako; horrenbestez, pentsalari unibertsala da».
Azurmendiren idazlan guztiak Jakin taldearen webgunean ikusgai daude, baita haren inguruan idatzitakoak ere. Larunbat honetan, Joxe Azurmendiren inguruko ale berezia argitaratuko du GAUR8k, bere obra eta ibilbidea ikuspegi ezberdinetatik landuz.

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Denuncia contra el Ayuntamiento de Donostia por la vía de acceso al chalet de Xabi Alonso
