NAIZ

Saharar erbestealdiaren 50. urteurrenean, harrera-kanpaina abiatu du Oporrak Bakean programak

Oporrak Bakean programak Tindufeko kanpamentuetatik abiatu du aurtengo harrera-kanpaina, saharar erbestealdiaren 50. urteurrenean. Haur sahararren osasunerako eta familientzako «arnasgune» den ekimenak udarako harrera-familiak behar dituela gogorarazi du, elkartasun kolektiborako deia eginez.

‘50 urtez gure ateak zabalik’ leloa daraman harrera-kanpaina abiatu du Oporrak Bakean programak.
‘50 urtez gure ateak zabalik’ leloa daraman harrera-kanpaina abiatu du Oporrak Bakean programak. (OPORRAK BAKEAN)

Saharar herriaren erbestealdiaren 50 urte betetzen diren honetan, Saharako Errefuxiatuen kanpamentuetatik eman dio hasiera aurtengo harrera-kanpainari Oporrak Bakean programak, Tindufen. Bertan besteak beste, Oporrak Bakean lantaldeko kideak, haur sahararrak eta beren senideak, elkarte desberdinetako kideak zein harrera-familiak bildu dira.

‘50 urtez gure ateak zabalik’ lelopean, astelehen honetatik hasita eta urtarrilaren 15a arte aurtengo Oporrak Bakean kanpaina martxan dago. «Aurten, 2026ko Oporrak Bakean ekimenari hemendik bertatik, kanpamentuetatik alegia, hasiera ematea garrantzitsua dela iruditu zaigu. Hemen daude gure etxeetan, udan, jasoko ditugun umeak, hemen daude euren seme-alabak Euskal Herrira etor daitezen baimena ematen duten familia biologikoak, hemen dago, momentuz, euren bizilekua. Lekua baino ‘deslekua’ dena», azaldu dute.

Zentzu honetan, esan dute haur sahararrak Euskal Herriko etxe eta familietan hartzeak «euren osasunerako duen garrantzia ukaezina» dela, eta Oporrak Bakean programan parte hartzea «arnasgune» bihurtzen dela bai etortzen diren adin txikiko umeentzat eta baita haien familientzat ere.

«Sahararrek 50 urte luze hauetan bizi dutena ez ahazteko» deia luzatu du Oporrak Bakean programak: «Hemendik Aljeriako desertutik, sahararren kanpalekuetatik agerraldi honen bidez euskal herritar orori deia luzatzen diogu Oporrak Bakean elkartasun ariketa komunitario eder honetan parte hartu dezan. Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat etxean har dezagun. Erakunde eta eragile asko ditugu gure alde eta bidelagun eta ardura izan arren, erabaki hau norbanako den arren, erantzukizuna kolektiboa da. Zu ere zure etxeko ateak zabaltzera gonbidatzen zaitugu. Zu ere harrera-familia izatera deitzen zaitugu».

Aurten mende erdi betetzen da Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik eta ia 200.000 lagun Aljeriako lurretan dauden Tindufeko kanpamentuetan bizi direnetik. «50 urte dirauen borroka baten ondorioa da, besteak beste, Oporrak Bakean programa. Sahararrak euren herrian eta euren lurraldean biziko balira, ez lukete programa honen beharrik izango», salatu dute.