Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Leku ez diren lekuetan

BALEARIC
Estatu espainola-Euskal Herria, 2025. 74’. Zuzendaria: Ion de Sosa. Gidoia: Ion de Sosa, Chema García Ibarra, Burnin' Percebes, Julián Génisson, Lorena Iglesias. Akt.: Lara Gallo, Elías Hwidar, Ada Tormo, Christina Rosenvinge. Musika: Xenia Rubio. Argaz.: Cristina Neira.

‘Balearic’ filmeko une bat.
‘Balearic’ filmeko une bat. (Apellaniz & De Sosa, Jaibo Films)

Ion de Sosa gipuzkoarra sailkatzeko zaila den zinemagile horietako bat da; bere lana zinema kostunbristaren, intimistaren eta fantastikoaren ertzetan mugitzen da, eta orain arte, behintzat, ez da publiko zabalari heldu. ‘Balearic’ estreinatuko du zinemetan.

Ion de Sosa (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) zinemagilearen lehen film luzea, ‘Sueñan los androides’, Berlinalen estreinatu zen 2015ean, eta zinemaldi zein arte-zentro nazional eta nazioarteko askotan aurkeztu zen. Philip K. Dick-en ‘¿Sueñan los androides con ovejas eléctricas?’ nobelaren moldaketa librea da filma, eta bere zinemaren ezaugarri nagusiak biltzen ditu: 16 mm-ren erabilera, enkoadraketa frontala eta irekia, kostunbrismoa zientzia-fikzio ukituekin uztartua, denboraren eta konposizioaren erabilera berezia, eta umore-sena oso berezia.

Ezaugarri eta nortasun berezi hori argazki-zuzendari gisa egin dituen lanetan ere topa daiteke, Chema Garcia Ibarra-ren ‘Espiritu sagrado’ edota Irati Gorosti-ren ‘Aro Berria’ filmetan esaterako. ‘Balearic’ film berriak Locarnon izan zuen mundu mailako estreinaldia, Concorso Cineasti del Presente sailean; sail horretan ikuspegi berezia eta berritzailea duten zinegileen lanak biltzen dira.

San Juan bezperan girotzen da filma. Luxuzko etxe bateko igerilekuan sartu diren gazte batzuei hiru txakur basatik eraso egin diete, eta bertan harrapatuta geratu dira. Bien bitartean, auzotarrak gertuko hiribildu batean bildu dira udaren hasiera ospatzeko.

Ingurune ezagunak ezleku arrotz bihurtuz, Ion de Sosak belaunaldien arteko eztabaida planteatzen du ‘Balearic’ filmean, urteak aurrera doazen heinean munduaz dugun ikuspegia nola aldatzen den aztertzeko. Komediaren eta beldurraren arteko erdibidean dantzan, fabula lisergiko honek irudien eta denboraren artean sorpresaz betetako espazioa marrazten du, non dena aldatzen den begiradaren arabera.