NAIZ

Hezkuntza euskaldun baten aldeko aldarria egin dute Ikamak deitutako greba egunean

Ikamak deituta greba eguna zuten Hego Euskal Herriko ikasleek, hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko. Salatu dute egungo eredua agortuta dagoela eta ez duela ikasleak behar bezala euskalduntzeko gaitasunik. Horren aurrean, baliabideak eta anbiziozko politikak galdegin dituzte.

Ikamak Bilbon egin duen manifestazioa, Arriaga plazatik Kale Nagusira bidean.
Ikamak Bilbon egin duen manifestazioa, Arriaga plazatik Kale Nagusira bidean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu dituzte ikasleek, Ikamak egindako greba deialdiari erantzunez. ‘Gure hezkuntza, euskalduna’ lelopean, mobilizazioak egin dituzte Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eguerdiko 12.00etan hasita. Euskara «oldarraldi judizial eta politiko bat» jasaten ari dela salatu dute eta, horregatik, «gure hezkuntzaren etorkizuna arriskuan» dagoela deitoratu dute.

Adierazi dute egungo hezkuntza eredua ez dela gai euskarak dituen erronka berriei erantzuteko, ezta hizkuntzaren transmisio zein normalizazioa bermatzeko ere. Horren aurrean, euskararen ofizialtasuna, hezkuntza sistema propio bat, murgiltze eredu eraginkorrak eta euskararen normalizazioa bermatzeko politikak aldarrikatu dituzte.

Hiriburuetan egin dituzten manifestazioen bukaeretan eledunek azaldu dutenez, azken hilabeteetan «behin eta berriz» ari dira azpimarratzen euskara «larrialdi egoeran» dagoela. Joan den mendeko 60. hamarkadan eman zen susperraldi prozesua agortuta dagoela eta, «atzeraldian» sartuta daudela azaldu du Ikamak: «Testuinguru honetan ulertu behar dugu azken hilabeteetan, forma judizial, mediatiko zein soziopolitikoa hartu duen euskararen aurkako oldarraldia».

Gaineratu dutenez, Euskal Herria hiru eremu politiko-administratibo desberdinetan banatuta egoteak dakar bakoitzean egoerak berezitasun propioak izatea. Horrela, ofiziala den eremuetan «kolokan dagoen oinarri juridikoa bermatzen den arren», salatu dute euskararen normalizazioa ez dela posible, ez dagoelako «behar besteko anbiziozko politika publiko askatzailerik». Ofiziala ez den eremuetan are zailagoa da egoera, hala Nafarroako zonalde batzuetan nola Ipar Euskal Herrian, gogora ekarri zutenez.

Testuinguru horretan, hezkuntzatik erantzuteko ardura bere gain hartu du Ikamak, egun indarrean dagoen hezkuntza eredua «agortuta» dagoela iritzita: «Ez da gai ezagutzatik at, erabileran jauzi bat suposatuko duen eraldaketa baterako baldintzak sortzeko, ezta hizkuntza gaitasun maila duin bat transmititzeko eta guk herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko ere».

Behar bezalako baliabideak

Horregatik, aldarrikatu dute «eraginkortasunez euskaldunduko duen hezkuntzak irisgarria» izan behar duela eta «kalitatezkoak» diren baliabide eta materialak eskaini behar dituela. Gaineratu dute horretarako ezinbestekoa dela irakasleek euskara gaitasun maila egokia izatea, baita segregaziorik gabeko murgiltze eredu eraginkorrak ezartzea ere.

Halaber, Ikamak uste du ikastetxeetatik at ere, hots, aisialdian, kultur alorrean eta sare sozialetan, besteak beste, euskarak hegemonia irabazteko «erreferente eta espazio erosoak» behar dituela. Izan ere, argi dute «faxismoaren gorakada ahalbidetzen duen» testuinguruan, euskararen aldeko borroka «antifaxismotik» egin behar dela, «euskara gure herriaren askatasunerako eta kohesio sozialerako tresna» dela iritzita.

Ikamak Donostian egin duen mobilizazioa. (Gorka RUBIO/FOKU)