NAIZ

2026an hizkuntza politika berriaren orubeak sendotu behar direla defendatu du UEMAk

Orain arteko hizkuntza politikak eman beharrekoa eman duela, aldatzeko garaia dela eta erakunde publikoei horri erantzutea dagokiela adierazi du UEMAk Batzar Nagusian. Era berean, «euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordiotara heltzeko ahalegin guztiak» egingo dituela segurtatu du.

UEMAk batzarra egin du larunbat honetan Etxarri Aranatzen.
UEMAk batzarra egin du larunbat honetan Etxarri Aranatzen. (Jon URBE | FOKU)

Urte amaierako Batzar Nagusia egin du UEMAk larunbat honetan Etxarri Aranatzen. Udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi elkartu dira bertako Kulturgunean, eta 2025eko balantzea aztertu eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu dituzte.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, «amaitzera doan urtea oso garrantzitsua izan da UEMArentzat», eta zenbait mugarri gogoratu ditu.

Batetik, maiatzean argitaratutako udal koaderno demolinguistikoak. «UEMAko kide den udalerri bakoitzarena landu eta udal bakoitzari berea eman genion. Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko argazki eguneratuak dira, eta horrek datuetara ekartzen du herriz herriko euskararen egoera, lanerako lanabes garrantzitsua bihurtuz».

UEMAren eskariz Siadecok egindako ikerketa ere gogoratu du Aramendik. «Aldaketarik ezean 2036an euskararen egoera zein izango den aurreikusten du proiekzio demolinguistikoak, eta ondorioek alarma gorri guztiak piztu dituzte, arnasguneak desagertzeko bidean daudela erakusten duelako eta oro har arlo guztietan atzerakada zantzuak aurreikusten direlako».

Euskararen aurkako oldarraldia, horrek udalerri euskaldunen jardunean duen eragina, eta epaiak salatzeko UEMAk deituta herriz herri milaka herritar kalera atera izana ere nabarmendu du Martin Aramendik. «Milaka eta milaka herritarrek euskararentzat justizia, lege-babesa eta arnasa eskatu zituzten uztailean udaletxeen aurrean, eta horri erantzutea dagokigu 2026an, behar diren aldaketak adostuz».

Urrian egin zen arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko konferentzia ere gogoratu du Aramendik: «Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneak giltzarriak direla esan ziguten bateko eta besteko adituek, eta ondorio argi batekin amaitu zen konferentzia: arnasguneak motor gisa hartuko dituen lurralde estrategia behar dugu, euskara biziberritzeko eta gainbehera iraultzeko».

2026rako plangintza

Horri guztiari erantzuteko, 2026rako plangintza onartu du UEMAren Batzar Nagusiak. Udalak zein udalerriak euskalduntzeko ohiko lan-ildoak biltzen ditu, baita lurralde estrategia garatzeko eta arloz arlo lantzeko ekimenak ere.

Horrekin batera, «euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordiotara heltzeko» UEMAk «ahalegin guztiak» egingo dituela ere adierazi du Aramendik, eta argi hitz egin du urte berriak dakarren erronkaren garrantziaz: «Orain arteko hizkuntza politikak eman du berea. Honaino iritsi gara, eta aldatzeko garaia dela erakusten dute datu eta zantzu guztiek. Beraz, aldaketarako garaia da, ezinbestean. Kalean herritarrak eta euskaltzaleak izango dira pizkunde berria hauspotuko dutenak, eta erakunde publikooi horri behar bezala erantzutea dagokigu».

Urdiain eta Zeberio, UEMAko kide

UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Aurrerantzean, beste bi herri dira UEMAko kide: Urdiain eta Zeberio. Horiekin, 120 udalerri izatera heldu da UEMA. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Kontseiluak abenduaren 27an Bilbon egingo duen ‘Euskaraz bizitzeko pizkundea’ ekitaldiarekin ere bat egin du UEMAk, eta bertaratzeko deia egin dute udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek.