Maider IANTZI
AZPEITIA

«Euskara hauspotzen ari garelakoan erdara hauspotzen dugu»

Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria martxan jarri behar dugu. Arnasguneek lege babesa behar dute. Euskara erdian jarriz, norbanakoari baino komunitateari begira egingo diren politika transbertsalak. Geroa guztion artean marrazteko aukera. Horixe, Arnasguneen Nazioarteko Konferentziaren mezua.

Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola, aurkezlearekin.
Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia eta Mikel Artola, aurkezlearekin. (Jon URBE | FOKU)

Arnasguneen Nazioarteko Konferentzia egin zuten atzo eta herenegun Azpeitian. Bertan bildu ziren euskalgintzako aditu eta arituez gain, Serbia, Gales, Eskozia, Italia, Katalunia eta Kanadako lagunak.

“Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka” hitzaldi mamitsua egin zuten, adibidez, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia EHUko irakasle eta ikerlariek eta Mikel Artola bertsolari eta Bertsozale Elkarteko kideak.

Artola hasi zen: «Arnasguneek funtsezko papera betetzen dute euskararen etorkizunean, baina ba al da euskalgintzan adostasunik honetan? Gure ustez, auzitan dago zenbait diskurtsotan, eta diskurtso horietako bat da euskararen periferia bezala kategorizatu duguna. Diskurtso hori bera problematizatu nahiko genuke».

Galderak luzatzen segituzuen: «Euskara periferia Paris edo Madrilek bihurtzen dute, baina non du zentroa, nolakoa da? Zentroari bere boterea eta hegemonia kentzea da xedea, zentroa eraistea, baina behin eraitsita, zein da euskararen periferien diskurtsoen hurrengo xedea?».

ETXEKALTE

Euskararen periferiaren diskurtso horrek euskarari fabore baino kalte gehiago egiten diolakoan daude. «Etxekaltetzat» izendatu zuten, euskalgintza indartu beharrean erdalgintza indartzen duelakoan. Beren ustez, larriena da kulturgintzan, hezkuntzan zein pentsalaritzan dabiltzanen aho eta idatzietan ari dela diskurtso hau indarra hartzen.

«Euskararen periferia» diskurtsoaren lau ezaugarri aletu zituen Garmendiak. Lehenik, diskurtso askotarikoa eta nahasia dela erran zuen. «Nahasi egiten ditu bi adierak: Euskal Herria periferia da eta Euskal Herriak periferiak ditu. Esaldi berean zapalkuntza batetik besterako saltoak egiten dira doiketarik egin gabe». Bigarrenik, hizkuntzaren bueltan baina hizkuntzan ardaztu gabeko diskurtsoa da. Ez du kontuan hartzen izan duen atzerakada, nazio zatitua dela gurea. Ez dago hizkuntza komunitate zapaldua izan garenaren memoriaren transmisiorik ere.

«Nola egin egungo errealitatearen analisi zuzena zapalkuntza kontuan izan gabe? Ez da Euskal Herriko testuinguru soziolinguistiko eta kulturalaren aniztasuna maila berean jasotzen, aipatu gabe pasatzen da erdal testuingurua dela nagusi. Euskal komunitatearen ikuspuntua galdu da, ondorioz, ez dago ikuspegi integralik. Banakakoetatik abiatutako diskurtsoa da, baita kolektibotasunaz dihardutenean ere», azpimarratu zuen.

ARNASGUNEAK JOPUNTUAN?

Periferia hauek badute jopuntuan duten zentro bat. Bueltan-bueltan indartzen duten ideia da euskararen arnasguneak euskararen zentroak direla. «Baina Errezil, Arantza edota Aramaio hegemonia eta pribilegio ideiekin erlazionatzen dituzue?», galdetu zuen Garmendiak. «Ez da inoiz esan arnasguneak zentro direnik, euskararen iraupenerako zentralak direla baizik, eta ez da gauza bera».

Laugarrenik, periferiaren diskurtso honek aurreiritzi linguistiko-kultural kolonialak indartzen dituela jakinarazi zuen ikerlariak. «Azkenaldian gaindituta zeuden mamu zaharrak magalean darabiltzagu. Esate baterako, arnasguneetan identitatearen ulerkera esentzialista dute; erraz, natural eta ahaleginik gabe bizi dira euskaraz, eta hortik kanpo dago gure benetako erresistentzia eta borroka».

Aizpuruk jarraitu zuen, euskararen periferia diskurtsoa espainolaren eta frantsesaren periferia dela erranez. «Asimilazio erdalzalean beste pauso bat da. Euskalgintzaren helburuekiko aurrera egitea baino atzera egitea dakar. Ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko».

Adierazi zuenez, arazo larria dugu, gure ikuspuntu propioa beharko lukeena guztiz lausotua dabilkigulako. «Diskurtso hauek kasu askotan asmo onez ari den jendeak esanak dira. Horrek erakusten digu gure arazo estrukturalaren neurria, gure baitan dugun erdalkeriaren tamaina, sumatu ere egiten ez duguna, ustez euskara hauspotzen ari garelakoan erdara hauspotzen jartzen gaituen hori».

Horren aitzinean, aldarrikatu zuen presazkoa eta derrigorrezkoa zaigula euskararen adierazle, kategoria, kontzeptualizazio eta begirada propioak identifikatzea, sortzea, elikatzea eta zabaltzea; konplexutasunetik eta konplexurik gabe euskal diskurtsoak garatzea; komunitate gisa ikuspuntu dekolonial zorrotza eta aberatsa; eta formakuntza soziolinguistiko sendoa.

ESTRATEGIA PROPOSAMEN BAT

Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlariak, bestetik, gogoeta batzuk egin zituen euskararen indarberritzerako lurralde estrategia bati begira. Doktore tesian arnasguneek betetzen dituzten funtzioak bereziki landu dituen adituak erronka bat jarri zuen mahai gainean: «Efizientziaren eta inpaktuaren neurketa, hizkuntza gutxituen indarberritzean».

Ezaguna da 1960 inguruan sortu zen olatuari esker euskarak atzera egiteko joera zuenean aurrerapauso handiak eman dituela. Baita azken urteetan geldialdi batean sartuak gaudela eta zerbait egiten ez badugu perspektibak ez direla onak ere. «Esnatzea da lehen pausoa. Bigarrena, euskara lehentasunetara ekartzea bai maila pertsonalean, bai politikoan. Horrez gain, beharrezkoa da efizienteago eta inpaktu gehiagoz lan egitea».

Bada ardatz onartu bat indarberritze prozesuan: lehentasuna belaunaldi berriak dira. Fruituak eman dituen irizpide bat izan da. Iurrebasoren proposamena da lurraldea ere ardatz izatea. Gurean badaude eremu euskaldunagoak eta erdaldunagoak, eta, bere iritziz, irizpide adostua izan beharko litzateke «zenbat eta zona euskaldunagoa izan, orduan eta lehentasun handiagoa» edukitzea bertan egiten den lanak. Zergatik? “Euskalduntzearen inpaktua lurraldean” ikerketaren emaitzak azaldu zituen. Jatorriz erdaldunak ziren hiztunek euskara ikasteak zer inpaktu eduki duen lurralde euskaldunagoetan eta erdaldunagoetan ikertu du.

285.000 euskaldun berri daude Hegoaldean (euskaldunen %38). Euskaldun berrien erabilera aldakorra da nagusitasun-eremuen arabera, eta alde horiek handiak dira. Beraz, euskalduntzearen inpaktua aldakorra da (bost edo sei aldiz handiagoak).

Hipotesi bat eman zuen ikerlariak: efizientziaren ikuspegitik aldeak bost edo sei baino handiagoak izango dira. «Zein inplikazio ditu esku hartzeari begira euskalduntzearen inpaktu aldakorrak? Kontuan hartu behar litzateke fenomeno hori hizkuntza politiketan?», galdetu zuen, eta istorio baten bidez eman zuen erantzuna.

Urruneko herri batean gosete handia zuten. Nekazariak ziren. Lursail ezberdinak zituzten, neurri eta ezaugarri ezberdinekoak, baina ohitura zuten zeuzkaten haziak modu homogeneoan zabaltzeko. Azken bi-hiru uztetan jabetu dira lurralde batean fruitu gehiago ateratzen direla besteetan baino, lurrik emankorrenetan bost edo sei aldiz gehiago lurrik eskasenetan baino. Gaur bildu dira eta erabaki behar dute haziak nola banatuko dituzten. Zein izango litzateke erabakia?

INPAKTU ALDAKORRA

Lurralde estrategian arnasguneak funtsezko dira, Iurrebasok aldarrikatu zuenez. Euskalduntzearen inpaktua aldakorra da eta espazioak elkarreraginean daude; hau da, zona euskaldunetatik beste lurraldeetara zabaltzen da euskara. Bost irizpide eman zituen: «Lurralde eremu guztietan eragin behar da; esku-hartze molde ezberdinduak-egokituak egin behar dira lurraldean; inguru euskaldunagoei motor-lidergo-aitzindaritza papera aitortu behar zaie; arreta berezia jarri behar zaie eremu euskaldunenei (oinarrizko printzipioa honakoa litzateke: zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa); eta zonalde euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkor(ago) bihurtu behar dira».

Eremu euskaldunagoetan eragiteko hiru norabide orokor marraztu zituen: «Politika integraletara jauzi egitea; hizkuntza politika aurreratuagoak lantzea; eta hiztunen kontzientzia linguistikoa eta ahalduntzea sakontzea».