Trumpentzat Europa ez da ez ezkutua, ez kidea, ez palanka: karga astuna da
AEBko Nazio Segurtasunerako Estrategiaren arabera, Europa amildegi ertzean dago, zibilizazio gisa desagertzear, pipiak bezala immigrazioak barrutik janda, identitate galera betean...

...Washingtonek ez du bere boterearen zutabe gisa ikusten, ez ezkutu, ez harrapatuta duen merkatu, ez erretagoardia, ezta aktore politiko egonkor gisa ere. Karga da, eremu zaurgarria, kudeatu behar duen espazioa.
Donald Trumpek sinatutako 33 orrialdeko dokumentu argitaratu berriak, AEBko Nazio Segurtasunerako Estrategiaren doktrinaren agiriak alegia, hautsak harrotu ditu Europan. Ez soilik Atlantikoaz bi aldekoen harremanari buruzko eztabaida berrireki duelako, aliatuen artekoa baino abusuzkoa den harreman bat erretratatu duelako baizik.
Doktrina berria ez da prospektiba ariketa, politika egitea da, lotsarik gabe, itxurak gordetzeke. Ortzi-mugan ekaitza ikusi eta Europa itoko duen uholde handia iragartzen du. Europa ahula delako oso, defentsarik gabea, hauskorra, batere fidagarria ez. Horregatik, eta botere globalaren banaketa berriagatik, lehentasunen aldaketa justifikatzen du.
Dokumentuak J.D. Vance AEBko presidenteordeak otsailean Municheko konferentzian aurreratu zituenak jasotzen ditu. Esate baterako, hogei urte barru Europa existituko ote den zalantzan jartzen du; “Ordezkapen Handia” delako teoria konspiratzailearen arrastoan hainbat herrialdek ez dutela «gehiengo europar» bat izango dio, eta AEBk esku hartu behar duela norabide horri buelta emateko.
Washingtonek ez du bere jokaldia ezkutatzen: Europak hartu duen norabidearen aurrean «erresistentziara» deituz, munduaren bere ikuskerarekin bat datozen Europako «alderdi patriotikoak» -eskuin muturrekoak, Vox eta bere ahaide ideologikoak- bultzatuko ditu, azken esperantza direlako, «baikortasunerako iturria». Europar Batasunaren zutoinak ahultzen dituzten alderdien alde egitea ez da sinbolismoa, estrategia da.
Eta hori da hemen kontua: orain arte sozio gisa agertzen zen aliatuak zure aurkariak defendatzen baditu, ez dela zure aliatua. Beste zer bat da, etsaitasunetik gertuago dagoena.
BAZKIDE BAINO, BORROKALEKU
AEBk Europaren papera eta protagonismoa berrinterpretatu du. Eta ikuskera bat desagertutzat jo: interes komun eta balio partekatuen oholtzarena, autoritarismoen aurkako fronte bateratuarena. Orain Europa karga bat da, pisutsua, politikoki, militarki eta moralki. AEBk Europaren aurkari eta etsaiekin elkarrizketa berrabiatu du, Errusia bezalako «zitalekin», jada ez dituelako «konpromiso demokratiko globalak» lehentasun. Agur esan diolako aliantzetan, nazioarteko instituzioetan eta segurtasun kolektiboetan oinarritutako internazionalismoaren aroari, Atlasen gisara munduaren euslea den usteari.
Ez da kasualitatea. Doktrina hau ez da estrategia koherente eta biribila: burujabetza, konfrontazio kultural eta negozioetarako abantailen inguruan botere estatubatuarra berraztertzen du. Munduan eremu propioak kontrolatuko dituzten botereen amalgama geopolitiko eta kulturala da, pizkunde zibilizatorio baten aldeko irrintzia. Eta munduaren bere bisio horretan, aliantzek babestu baino mugatu egiten dute; Europa, bazkide baino gehiago, borroka ideologikorako eremua da.
HITZ GUTXI, ERABAT PRESENTE
AEBk aztertzen duen mundua ez da multilateraltasun erromantiko baterako lekua. Grabitate-zentroa aldatu dela ezkutatzeko kontakizuna da. Dokumentuaren beraren helburuaren kontra, Txinaren zentralitatea erakusten du, munduan uzten duen arrasto material ezabaezina; Errusia mehatxu baino kontinentearen egonkortasunerako nahitaezko faktorea da eta Europaren gainbehera atzeraezina eta estrategikoa da.
Idazteke aitortzen da Txinak definitzen dituela Asiako egiturak, hainbat herrialderen ekosistema materialak -azpiegiturak, logistika, makina-erreminta-. Areago, Txina dela fluxu estrategikoen pibotea. Indarra erabili gabe, mundu mailako orekak birmoldatu dituela, bere eragina materiala dela, sistemikoa, berehalakoa, dominazio berri baten sakontasunaren erakusgarri. Posible denaren mugak markatzen ditu, interdependentzia globalen erritmo eta murrizketak. AEBk hitz egiten du, baina ez ditu agintzen munduaren eraketa eta abiadura.
Horrek ez du esan nahi AEBk bere boterearen baliabide guztiak -hainbat teknologiatan nagusitasuna, dolarraren estatusa, aliantza militarrak- galdu dituenik, baina bai baliabideok ez dutela eragozten materialtasunaren grabitate-zentroa desplazatzea. Munduko arkitektura fisikoak -fluxuek, ondasunek, horniketak, azpiegiturak- ihes egin du AEBren atzaparretatik, Washingtonen protekzionismotik.
Txinak ez du soilik munduko sisteman bere tokia hartzen. Bere baitan, ondasunak zirkularazten dituen sistema logistiko bihurtu da. Eta Trumpek ezin ditu fluxu horiek moztu etxekalte aritu gabe, bere hautesleen oinarrian haustura latzak sufritu gabe. Bere dependentzia ez da estrategikoa soilik: domestikoa da, egunerokoa, organikoa.
KONTRAERASOTZEKO ORDUA?
Errusia mehatxu existentzial izatetik egonkortasunerako kide izatera pasatu da. Aldaketa handia da, edonondik begiratuta ere. Mosku ez da jada eutsi eta motzean lotu behar den aurkari militarra, oreka kontinentala berrezarriko bada protagonista saihetsezina baino. Kontzeptu mailan bira handia da hori, 2014tik hona AEBk eta Europak Errusia kontinenteko desordenaren arduradun aurkeztu dutelako.
Europako buru eta diplomazialariek ozen salatu dute AEBren Nazio Segurtasunerako Estrategia berri hau. Alarmista eta gehiegikeria delako, europar politikan esku hartzen duelako, sokakoak ez diren gobernuak ahultzen saiatuko delako... Hain alarmista, ezen Poloniako lehen ministro Donald Tusken mezua argigarria izan den: «Lagun maite estatubatuarrak, Europa zuen aliatu onena da, ez zuen arazoa». Edo Carl Bildt Suediako lehen ministro ohiarena: «[Estrategia berriak] AEB Europako eskuin muturraren eskuinean kokatzen du». Gerard Araud AEBko Frantziako enbaxadore ohiarena: «Trumpek Europaren etsaia dela baieztatu du».
Baina Europak kritikatik harago joan behar du, eta ekin. Trumpen aurrean amore emateke baina Trumpekin apurtzeke dabil oraindik, trebeziaz hura saihesten saiatuz, baina hori ez zaio aski izango.
Badirudi Europar Batasunaren bitartez baino Londres-Paris-Berlin triunbiratuaren bidez erantzuten saiatzen ari dela. Baina kontu batzuk ondo barneratuta, eta hortik abiatuta, ekin beharko dio. Bat: Trumpek egungo Europa arbuiatzen du; bi: nazioarteko kooperazioa edo demokraziaren defentsa bezalakoak baztertu ditu. Eta hiru: munduaren egonkortasuna potentzia handien arteko (AEB, Txina, Errusia eta besteak) negozioen eta indar korrelazioen bitartez lortzen da. Horretarako, Europako herrialde batzuk aliatu izango ditu, baina Europar Batasuna, inola ere ez.
Europak erabaki egin behar du: edo Trumpek bota dion pultsua onartu, bere barne kohesioa indartu eta zergatik eta zertarako dagoen hobeto esplikatu, barnean eta kanpoan; edo sakrifikatu daitekeen peoia izan. Iratzarri egin beharko du, probokazioen aurrean beste masaila jartzeke.
EUROPA EZEGONKORRA, ARAZO
Washingtonentzat Europaren gainbehera ezin ukatuzkoa da: Nexperiako txipen kasua, Alemaniaren industria, Asian, Afrikan, Balkanetan europar eraginaren galera... Are gehiago, AEBk NATO betiko hedapenean dagoen pertzepzioari akabera eman nahi dio -eta errealitate gisa eragotzi-. Eta, orain arte ez bezala, Europako estatuen barne politikan zuzenean eragiteko asmoa publikoki idatziz iragarri du.
Errotiko iraulketa da: Washingtonek ez du potentzia biderkatzaile gisa ikusten Europa, oso hauskorra eta egonkortu beharreko espazioa da. Beste hitz batzuetan esanda, Europaren ezegonkortasuna AEBren arazoa da.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte
