
Ez da Jon Ansotegi Lea-Artibaiko bizkaiera ederrean egiten duen aurreneko Realeko entrenatzailea, eta ia esan gabe doa behin behineko konponbidea baizik ez dela Berriatuko mutila Realaren aulkiaren buruzagitzan. Hala, Pellegrino Matarazzo estatubatuarraren izena gero eta indar handiagoa ari da hartzen, baina bat izan edo bestea izan Realeko hurrengo entrenatzailea Sergio Francisco kargutik kendu ostean, bien bitarteko lanak Jon Ansotegi Sanseko entrenatzaileak hartuko ditu bere esku. Hau da, Eldenseren aurka Kopako kanporaketa eta Levanteren aurka liga txapelketako neurketa zuzentzea. Eta gero, gerokoak.
Hargatik, «naturaltasuna» izan da Ansotegik bere aurkezpen prentsaurrekoan azpimarratu duen kontzeptuetako bat. «Besarkada bat bidali nahi nieke Sergio Francisco eta Iosuri –Rivas, entrenatzaile laguntzaileari–. Haiengandik asko ikasi dut eta hemendik aurrera onena opa nahi diet ere», adierazi du, normaltasun horri atxikia, galderei erantzun aurretik.
Eta aurreneko erantzunean, gakoa. «Realak gorantz egingo badu, beraien esku dagoela esan diet jokalariei», azpimarratu du Ansotegik, jakinean bere ibilbidea behin behinekoa baino ez dela izango, baina jokalariek, gehienek bederen, bertan jarraituko dutela, egun espero baino gehiago katramilatu den kirol egoerari buelta emateko.
«Nire lana normal egiten saiatu naiz. Egia da igande goizetik hona ordu gutxi pasa direla eta ni neu ez naizela erabat jabetzen kontuak nola diren. Ez diot buruari buelta askorik eman, baina hemendik ordu gutxira partida bat jokatu beharrak beste gauza guztiak burutik kentzeko balio du eta partida horretan fokua jartzen laguntzen du», gaineratu du.
Talde berrira egokitzea «erraza» izan dela aitortu du, «azken baten jokalari asko lehenagotik ezagutzen ditudalako, denbora asko eman baitut beraiekin. Nire lehenengo mezua beraiek direla protagonistak zehaztea izan da. Realak gorantz egingo badu, beraien esku dagoela. Horretarako, beren alderdirik onena atera beharko dute eta, orduan, beren errendimendurik onena ateratzea izango da gakoa gorantz joaten hasteko», azpimarratuz.
Mezuak gora eta mezuak behera, Ansotegik badu nahikoa lan azken asteetan berriz ere hondoratzen joan den taldea altxatzen. Hori horrela, eta jakinean ez dagoela luzerako, zehaztasuna eta urrutira ez begiratzea dira entrenatzaile bizkaitarraren kezka nagusienak.
«Urrunera begira hasten garenean, gertuen dagoenaren fokua galtzen dugu. Badago klubean jendea urrunera begirako lana dagokiona eta guri orain datorrenaren horretan zentratzea dagokigu», azaldu du, bere etorkizunari buruz galdetu zaionean. «Realaren mezua oso garbia izan da. Larunbatera arte izango naiz entrenatzaile», errepikatu du, zoli, bere jokalariengan non lana burutu zehaztu aurretik.
«Bi egunetan ezin da askorik egin. Zeintzuk diren indartu beharreko bizpahiru kontuak aztertu eta horietan indarra egitea dagokit», azpimarratu du. «Emaitzak txarrak direnean, konfiantza ere ez da onenean egoten. Bakoitzak bere maila eta bertsiorik onena berreskuratzea eta horretarako konfiantza berreskuratu dezatela bilatu behar da. Aurreneko entrenamendutik hasita», gaineratu du, aurreneko ikasgai modura.
Azken 35 neurketetan –pasa den denboraldiko bigarren itzulia aintzat hartuta ere– 34 puntu atera ditu Realak. «Egoera horri nola buelta eman esatea ez da erraza. Era berean, kontuan izan behar da emaitza txar horien atera dituzten jokalari horiek berak izan direla azken urteetan Realari emaitza onak ekarri dizkiotenak ere», oroitarazi du. «Nire lana, besterik gabe, aske sentitu araztea da. Denak ez daude momentu txarrean, baina bere mailaz behetik dabiltzan horiek hobetzeak ere ekarriko du taldea bera hobetzen joatea. Horretarako, jokalariek duten guztia eskaini beharko dute», laburbildu du Ansotegik.
Eldense asteartean
«Pertsonak gara guztiok ere eta halakoetan sentsazio txarrak eta pena sentitzea normala da. Baina egoeraren latzak ez die jokalariei lanerako gogorik eta grinarik galdu», baieztatu du Jon Ansotegik, astearte honetan 21.00etatik aurrera Eldense Kopako aurkariarengan bere begiratuan zentratuz.
«Maila altuagokoa zarelako eta zure izenagatik irabaziko duzula uste du askok Eldenseren aurkako partida baten aurrean, baina hori ez da horrela. Halako neurketetan erakutsi egin behar da benetan hobea zarela, eta aurreneko minututik hasita erakutsi behar da, aurreneko duelutik eta aitzakiarik gabe. Kopan aurrera egin nahi dugula erakutsiz. Lehenengo momentutik grina hori erakusten badugu, hurbilago egongo gara azkenean garaipena lortzetik», azaldu du.
Zentzu horretan, Sansen entrenatzeak eta Reala entrenatzeak ez dituela erabat xede berberak oso garbi azaldu du bere aurkezpen prentsaurrekoan. «Aurreneko taldean errendimenduak axola du eta analisi guztiak emaitzaren araberakoak izango dira. Hori garbi daukat, baina garaipenetik hurbilago egongo garela ere jakina da, ondo lehiatzen eta ondo jokatzen dugun heinean», gaineratu du.
Partida honetara begira, Ruperez, Óskarsson, Yangel Herrera, Oyarzabal eta Barrenetxea ez dira jokatzeko izango. Sadiq, berriz, abduktoreetan arazoak dituelako, ez zen igandean entrenatu eta zalantza izango da, baina era berean, «itxaropentsu» azaldu da Jon Ansotegi aurrelaria jokatzeko moduan izan ore litekeen. Nolanahi, bigarren taldeko Lander Astiazaran eta Arkaitz Mariezkurrena ere deitu ditu entrenamenduetarako eta, akaso, Eldenseren aurka aritzeko.
«Nire lana 11 jokalari onenak bilatzea da eta gero beste bost onenak. Eta deialdia uneoro zerbait eman dezaketen jokalariekin osatzea», amaitu du Realeko entrenatzaile berriak.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
