NAIZ

Aspek ez du Xabi Tolosa atzelari anoetarraren kontratua berrituko

30 urte dituen Anoetako atzelariak 482 partida jokatu ditu eta bi urtez jarraian B Serieko bikoteen txapela lortu du 2015. eta 2016. urteetan. Denen oroimenean dago 2023ko Binakako txapelketa nagusiko finalerdian gertaturiko ezbeharra.

Xabi Tolosa, 2023ko Binakako Txapelketako finalerdian.
Xabi Tolosa, 2023ko Binakako Txapelketako finalerdian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gaur egungo esku pilotan dabiltzan bi enpresa handienak, Baiko eta Aspe, fitxak mugitzen dihardute urtean zehar, eta astearte honetan azken horrek jakinarazi duenez, ez du Xabi Tolosa atzelari anoetarraren kontratua berrituko bertan hamabi urte eman ondoren.

30 urte dituen Tolosak 2013ko abenduaren 20an egin zuen debuta Beotibarren, Jaunarenarekin batera, Aritz Lasa-Pascualen aurka. Ordutik 482 partida jokatu ditu eta bi urtez jarraian B Serieko Binakakoaren txapela lortu du, 2015ean eta 2016an.

Askoren oroimenean iltzatuta geratuko da 2023ko Binakakoan, Jokin Altunarekin jokatzen ari zen txapelketan, anoetarra lesionatu zen momentua. Amezketarrarekin batera, finalerako txartelarengatik borrokan zebilen Elordi-Zabaletaren aurka, baina 19-15ekoan muskulu haustura izan zuen eta ezin izan zuen jarraitu. Altuna III.ak berak bakarrik jarraitzeko aukera izan zuen, baina gipuzkoarrak uko egin zuen. Bi pilotarien negarra zaleen bihotzetara iritsi zen.

Aspek Anoetako atzelariak egindako ibilbidea eskertu nahi izan du ohar baten bidez. Tolosak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio publikoki Asperi urte hauetan jasotako tratuagatik.

Expositoren azken partida

Asperekin jokatzen jarraituko ez duen beste pilotari bat Hodei Exposito da. Eibartarraren kontratua ez luzatzea erabaki zuen Eibarko enpresak eta, hiru denboraldiren ostean –2022ko urriaren 8an egin zuen debuta–, agur esango du hilaren 27an, Astigarragan.

Expositok Erostarbe izango du bikotekide eta Agirre-Lizeaga izango ditu aurkari. Jaialdia 17.00etan hasiko da eta sarrera doanekoa izango da.