Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Gogoeten kutxa berria ondu du Elena Martinez Rubiok ‘Bide bihurrietan’ saiakeran

Irakurlea hausnarketara akuilatzea du xede Elena Martinez Rubiok ‘Bide bihurrietan’ saiakeran. Filosofia, historia, antropologia edota literatura gisako esparruak elkar lotuz eta bibliografia zainduaz, galderak proposatzen ditu erantzunen aurretik. 

Elena Martinez Rubiok, ‘Bide bihurrietan’ saiakerarekin.
Elena Martinez Rubiok, ‘Bide bihurrietan’ saiakerarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Bidaia intelektual izugarria» proposatzen du Elena Martinez Rubiok ‘Bide bihurrietan. Galdera jauzilariak’ saiakeran, Alberdania argitaletxeko Oier Etxebesteren hitzetan. Liburua astearte honetan aurkeztu dute Donostian eta, editorearen hitzetan, filosofia, antropologia, historia edota literatura bezalako gogoeta esparrutan murgilduz irakurlea pentsaraztera bideratu nahi duen obra da Martinez Rubiok ondu duena: «Ez du ondoriok ematen, baizik eta galderak proposatzen ditu», laburbildu du.

Liburuaren abiapuntuaz galdetuta, Martinez Rubiok azaldu du ‘Egun gorrietan’ (Alberdania, 2021) saiakeraren aurkezpenean bertan sortu zela gogoeta berriak bilduko zituen beste liburu bat argitaratzearen ideia, Jorge Gimenez Bech orduko Alberdaniako editorearen eskariz. «Orduan hasi nintzen pentsatzen neukanarekin eta testu berriekin, beste liburu bat egin zitekeela», aipatu du Martinez Rubiok.

Egituraz ere ‘Egun gorrietan’-en antzerakoa da, baina badu ezberdintasun bat: liburua testu gutxiagok osatzen badute ere, hauek luzeagoak dira. «Orduan, bada pixka bat desberdina, ez da bestea bezain arina», aitortu du.

Aurkezpenean liburua irekitzen eta ixten dituzten testuak izan ditu hizpide autoreak. Biak dute abiapuntu haurtzaroko gogoeta bat, bere familiarekin lotutakoa. «Txikitan entzuten dituzulako gauza asko eta ez diezu jaramon handirik egiten, baina gero konturatzen zara ez zirela ezerezetik sortu eta ez direla gure etxeko zerbait», azaldu du. Oroitzapen horiek testuinguru soziopolitiko jakin batean kokatzeko erabili ditu Martinez Rubiok eta, hortik aurrera, gogoetari ireki dio bidea.

Horietako testu batean, azaldu duenez, Benito Perez Galdosek bere familiarekin izan zuen lotura ikertzeari ekin dio. «Aitonak beti esaten zuen amonaren etxean egon zela Perez Galdos, eta zergatik egon ote zen?, galdegiten genuen», azaldu du, eta ikertzen hasita idazle kanariarraren ‘Ciudades viejas’ testuarekin egin omen zuen topo. «Hor agertzen da nire berraitona, irakurri nuen nola egin zuten topo eta hasi nintzen ulertzen zergatik ziren etxe hartakoak horren ezkertiarrak», agertu du. Idatzi horretan, Perez Galdosek kontatzen du «nola aitonaren herrian errepublikar bakar bat zegoen, eta hori zen nire familia».

Ikerketa horiei helduta moriskoen garairaino iritsi da Martinez Rubio, bere etxean entzuna baitzeukan bere familiak bazuela haiekin loturarik. «Aitona bidali zuten hona soldaduska egitera, ezkondu zen hemen amonarekin, Donostian, eta ez zen sekula itzuli bere herrira, Gaztelara, ikusi zuelako hemen ezkertiar gehiago zegoela. Horrek balio izan dit moriskoen deportazioaz hitz egiteko, euren bizimoduaz», aurreratu du.

Oroitzapenak eta borrokak

Aurrez idatzita zituen testuak ere berreskuratu ditu, erakusketa baterako uraren gainean idazteko eskatu zioten bat tartean. «Erabili zuten, baina ez zuten argitaratu, eta hemen berreskuratu egin dut», argitu du. Artikulu horretan ere denboran atzera egin eta haurtzaroko oroitzapenetan iltzatu da Martinez Rubio. Izan ere, bere aitona zena itsasoan itota hil zen, olatu batek harrapatuta, autorea artean haurra zela. «Inguruan denak zeuden kezkatuta gorpua ezin zutelako berreskuratu, eta ni txikia nintzenez, ez nion arrazoirik ikusten. Horren inguruan pentsatzen hasi nintzen, ze garrantzia duen jendearentzat nola ehortzi, ez dela gauza bera urperatzea edo lurperatzea», gogoetatu du. Zentzu antropologikoa duen testu honetan literaturako adibideak ere txertatu dituela aurreratu du, baita erritualetan izan diren aldaketei tartea eskani diela ere.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokek ere hartzen dute protagonismoa pare bat testutan. «Emakumezko abokatu asko dadue eta ez dakite debekatuta egon zela legeak ikastea, ez dituzte ezagutzen aitzindariak izan zirenak, eta horrek harrtiu egiten nau. Merezi dute zuzenbide ikasketetan aipatua izateak», aldarrikatu du autoreak, eta testuetako batean jaso duena kontatu du: «Suitzan eta alemanez hitz egiten den inguru osoan izan zen lehen [emakumezko] abokatuak 30 urte eman zituen eroetxe batean. Handik bidaltzen zituen eskutitzetan ikusten da oso ondo zegoela burutik, bestela ez zelako gai izango idazten zituenak idazteko, baina jendearengana jotzen zuen eta haiek eskutitzak bota egiten zituzten, edo gorde, eta ez ziren iristen iritsi behar zuten lekura. Eta hala hil zen, zorotzat hartuta», deitoratu du.

Artikulu bilduma honetako testuak independenteak badira ere ikuspegi orokor bat badagoela uste du egile bilbotarrak, munduari begiratzeko bere modua litzatekeena. Baina kasu guztietarako bibliografia eta datuen egiazkotasuna gakoak izan direla azaldu du, artikuluak «beti ondo oinarrituta» joan daitezela nahi izaten duelako. Eta, beti, jatorrizko argitalpenetara jotzen duela adierazi du: «Jatorrizkora jotzen dut eta hortik itzuli, fidagarriagoa iruditzen zaidalako. Dena egiaztatzen dut. Hizkuntza asko ikasi ditut bizitzan zehar eta erabiltzen ditut asko, gauza hauetarako», ziurtatu du.