NAIZ

Ligan ez bezala, Lointek Gernika Bizkaiak bide zuzenari eutsi gura dio Emakumeen Eurocupean

Malosten 19 puntuko aldeaz gailendu arren Universitas Pecs talde hungariarrari, irabaztera ateratzea komeni zaio Lucas Fernandezen taldeari, ezustekorik saihesteko. Gernikarrak 18.00etan hasiko dira jokatzen eta 19.00etan, berriz, Surne Bilbao Prievidza talde eslovakiarraren aurka neurtuko da.

Ane Olaeta, Universitas Pecs taldearen aurkako kanporaketako joaneko neurketan.
Ane Olaeta, Universitas Pecs taldearen aurkako kanporaketako joaneko neurketan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Emakumeen Endesa Ligan azken aldian ez dabil fin Lointek Gernika Bizkaia, etxean bereziki. Esaterako, pasa den igandean Leganes taldearen aurka 62-76 galdu zuten bizkaitarrek eta sailkapenean zortzi onenen artetik erori ziren, Koparako sailkapena dexente gaiztotu zaiolarik.

Alabaina, Emakumeen Eurocup-ean gauzak hobeto doazkio uneotan talde gernikarrari. Final-hamaseirenetako kanporaketa uste baino askoz hobeto hasi zuen joan zen astean, Universitas Pecs talde hungariarra ezustean jipoitzea lortu baitzuen, 62-43 irabaziz. Horrek ez du esan nahi asteazken honetan 18.00etan jokatu beharreko kanporaketaren itzulerako dema tramite hutsa denik. Lointek Gernika Bizkaia ez da talderik erregularrena eta gorabehera ugari izan ohi ditu, baita partida beraren barruan ere.

Hasteko eta bat, ez da erraza izango joan zen astean Malosten gertatu zen bezala, Julia Reisingerova pibot txekiarra geratzea. Masa Jankovicen lana ezinbestekoa izan zen joan zen asteko norgehiagokan, hegaleko serbiarraren abiaduraren ondorioz, Reisingerovak ohi baino falta gehiago egin zituen. Azkenerako, neurketaren nondik norakoaz haserre, txekiarrak bost faltarekin neurketa bertan ezin izan zuen amaitu eta bere taldekideak ez ziren gai izan hutsune hori betetzeko.

Hala, bizkaitarrek badakite ondo asko zer egin Malosten hain ederki bideratu zuten kanporaketa gainditzeko. Gernikarren eskarmentuak, nolanahi, larregizko konfiantzarik ez izatea aholkatzen du. Izan ere, alde handia hartu izan duen pare bat alditan, espero baino belarrondoko handiagoak hartu izan ditu bueltan, dela Galatasaray taldearen aurka, eta batez ere Mersin Çukurovaren aurkako «segada» onartezin hartan. Ñabardurak ñabardura, halako egoeretan, markagailuan atzetik aurrera egin beharreko taldeak oso indartsu ekin zien partidari eta bizkaitarrek askotan kikilduta erantzun izan dute, eta beranduegi izan da erreakzionatzen hasterako.

Ondorioz, 19 puntuko aldea euste hutsa ez da ideia ona bizkaitarrentzat, baizik eta irabaztera kantxaratu beharko lirateke. Universitas Pecs taldearen aurka oso emaitza estuak izan ditu orain arte –Malosteko azken norgehiagoka salbu–, beste ezeren gainetik bizkaitarrak garaipenaren bila atera direlako. Aldiz, Elitzur Ramlaren aurka nahitaez jokatu beharreko bigarren partidan bizkaitarren jarrera oso aldrebesa izan zen. Bi egun lehenago lorturiko 16 puntuko aldea zaintzeaz konformatu ziren Lucas Fernandezenak eta ondorioz, beren mailaz oso behetik jokatu zuten. Ahal dela, Universitas Pecs ondotxo taldea hobea delako, jarrera hori arbuiatu behar lukete bizkaitarrek, azken orduko ezustekorik bizi nahi ez badute.

Lagun zaharrak

Lointek Gernika Bizkaiak bere etxeko lanak ganoraz burutuz gero, urtarrilaren erdian jokatuko du final-zortzirenetako kanporaketa, UFAB49 edo Villeneuve d'Ascq talde frantsesen arteko demaren garailearen aurka. Egia esanda, Villeneuve d'Ascq, Flandriarekin muga egiten duen taldea izango litzateke gernikarren balizko aurkaria joaneko norgehiagokan 67-95 gailendu baitzen.

Markagailuak adierazten duen moduan, saskira begira arrisku handia duen taldea da Villeneuve. Joaneko partidan sei jokalarik lortu zuten 10 puntu edo gehiago sartzea, tartean Lointek Gernika Bizkaiako bi jokalari ohi: Marie Michelle-Milapie eta Ameryst Alston.

Milapie, 29 urte eta 1,92 metroko pibot frantsesa, 2023-24 denboraldian izan zen Gernikan. Orduko hartan partidako 7,8 puntu pilatzen zituen, uneotan pilatzen dituen antzera: 8 puntu eta 6 errebote, batez beste.

Alston 31 urte eta 1,75 metro neurtzen dituen eskolta da. Gernikan 2017/18 denboraldian izan zen, aurreko denboraldian Al-Qazeres taldean aritu eta gero. Batez beste 13,3 puntu sartu zituen, nahiz eta ez zuen denboraldia Gernikan amaitu nahi izan, WNBA-ra joateko eskaintza onartu baitzuen denboraldi hartako Emakumeen Ligako kanporaketak hasi bezperan. Kontratua eten aurretik giharretako arazoak izan zituen eta behin sendatu ostean, nahiago izan zuen AEBtara itzultzea.

Villeneuven 13,9, puntu, 3, asistentzia eta 2,9 errebote pilatzen ditu Alstonek. Nolanahi, hori urtarrileko kontua izango da, bitartean Universitas Pecs taldearen aurka duela astebete hasitako lana borobildu behar du Lointek Gernika Bizkaiak.

Surne Bilbaoren txanda

Surne Bilbaok ere FIBA Europe Cup-eko partida jokatu behar du. Jaume Ponsarnaurenek Portugalgo Sportingen aurka lan ona eginda irabazi zuten pasa den astean bigarren faseko ligaxka honi ekiteko, eta teorian, beren multzoko aurkari eskasena izango dute aurrean asteazken honetan 19.00etatik aurrera. Izan ere, Eslovakiako Prievidza taldeak PAOK Salonikaren etxean ez zuen inolako aukerarik izan eta 101-70 galdu zuen.

Aurre-kanporaketetan Cibona talde historikoak bota zuen berez, puntu bateko aldeaz nagusitu baitzen talde kroaziarra bi partida jokatu ostean. Hala ere, Eslovakiako taldeak «lucky loser» moduan pasa ahal izan zue eta aurreneko faseko ligaxkan ere maila duina eman duelako sailkatu da bigarren fase honetara. Nolanahi, gauzak ondo, beltzezko gizonek arazo handirik gabe irabazi beharko lukete Prievidzaren aurka.