
«Beste urte batez, bertan izango gara gu ere. Beste urte batez, langileok konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatuko gara Bilbon». Astearte honetan Hego Euskal Herriko hiribuetan egindako mobilizazioetan baieztatu duten moduan, euskal gehiengo sindikalak bat egin du Sarek urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duen mobilizazioarekin.
‘Ezin da gehiago luzatu’ lelopean egingo da urteroko mobilizazioa bizkaitar hiriburuan. Eta sindikatuek bere egin dituzte hitz hauek. «Gabonak ate joka ditugularik eta urtero egin ohi dugun moduan, aurtengoan ere, Euskal langilegoaren gehiengoa ordezkatzen dugun sindikatuok bat egiten dugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriarekin».
Bilboko elkarretaratzean, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak beharrezkotzat jo du «oztopoei muga jartzea». Era berean, «erreparazioa» eskatu du, «biktima guztiak berdin aitortzeko». «Anomalia demokratiko eta anakronikoa da gaur egun ere oztopo horiek izatea presoek, deportatuek eta errefuxiatuek etxera itzultzeko bide hori egin dezaten», esan du.
ELAtik, Leire Estevezek azpimarratu du beharrezkoa dela «euskal preso politikoek oraindik aurre egin behar dieten salbuespen legal eta politiko guztiak iraultzea, sufrimendu hori behingoz bertan behera uzteko».
«Indarrean jarraitzen du sufrimenduak»
Izan ere, sindikatuek nabarmendu dutenez, «urteak» daramatzate «norabide horretan lanean». Honela, «biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortza eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ardatz» mobilizatu dira astearte honetan.
Gogora ekarri dutenez, 2026an 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera eten zuenetik. «15 urte beteko dira biolentzia eten zenetik eta datak duen garrantzia aintzat hartuta, atzera begirako ariketa zintzoa egitea dagokie euskal gizarteari, instituzio, arduradun politiko eta alderdiei, baina baita ere noski sindikatuoi», adierazi dute.
Eta emandako pausoen aitorpen bat ere gin dute. «Ikusi ditugu konponbidearen eta bakearen logikan, baita biolentzia ezberdinen biktimen aitortzan eta zer esanik ez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean. Baina behin betiko konponbidea gehiegi luzatzen ari denaren eta beraz, dagoeneko gehiegi luzatu denaren adierazle garbiak dira 15 urte hauek. Mundu mailan gertaturiko beste zenbait gatazketan ez bezela, 15 urte ondoren, gurean, indarrean jarraitzen du sufrimenduak eta indarrean jarraitzen du salbuespenak».
Horregatik, «salbuespen lege eta politikarekin behin betiko amaitu behar dugula» aldarrikatzeko Bilboko deialdiarekin bat egingo dutela berretsi dute, «gatazkak utzitako ondorioek behin betiko konponbidea ezinbestekotzat dutela eskatzeko».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
