NAIZ

Izarran aurreikusita zegoen etxegabetzea bertan behera geratu da

Lau adin txikiko dituen Izarrako familia «migratu eta prekarizatu» baten etxegabetzea bertan behera geratu da «herritarren antolakuntza eta elkarlanari esker». Akordioa sinatu dute alokatzailearekin.

Etxegabetze baten aurkako protesta, Bilbon.
Etxegabetze baten aurkako protesta, Bilbon. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Lau adin txikiko dituen Izarrako familia «migratu eta prekarizatu» baten etxegabetzea zegoen aurreikusita ostegun honetarako, goizeko 9.30erako, eta mobilizazioa deitua zuten bertako bizilagunek.

Asteazken iluntzean jakinarazi dutenez, ordea, familia hori ez da kale gorrian geratuko, «herritarren antolakuntza eta elkarlanari esker» alokatzaile eta alokatuen arteko akordio bat sinatzea lortu baitute. «Argi dago herritarrok familiari babesa adierazteko antolatu garelako eta etxebizitzaren aldarria ozen aldarrikatu dugulako izan dela posible», nabarmendu dute.

Ohar batean adierazi dutenez, Izarran gertaturikoa bezalako «hainbat eta hainbat egoera larri daude milaka lekutan eta kezkatuta egoteko arrazoiak ere beste hainbeste dira; milioika pertsona deserrituak, kaleratuak, prekarizatuak, etxegabetuak, zapalduak eta sistema kapitalistaren atzaparren erruz bizitza duina izateko aukera gabeak».

Azken asteotako hainbat adibide aipatu dituzte, hala nola «Gasteizko Txikita kaleko aurreko asteko familia baten etxegabetzea, Salburuan kalean lo egiten ari diren dozenaka asilo eskatzaileen kasua, Donostian kale egoeran bizi ziren bi pertsonen heriotza, Burlatan Caixabankek etxegabetu nahi duen emakumea»...

Izarrako kasu honekin, landa eremuko etxebizitzaren inguruko problematikak ere «agerian geratu dira, hala nola, etxe huts andana dauden bitartean etxebizitzara sarbiderik ez dagoela askorentzat edota instituzioen eta zehazki Foru Aldundiaren baliabide sozial oso eskasak herrietan zein hauekiko utzikeria».

Horregatik, erantsi dute, «bide luzea dugu egiteko oraindik».

Izarrako herritarren iritziz, «etxebizitzaren auzia negozioa ekuaziotik ateratzea beharrezkoa da, eskubide unibertsal izan dadin borrokatzea. Gaurko gertaerek zerbait erakusten badute, zera da: soilik herriak salba dezake herria». Hala, «injustizien aurka» elkartasunaren balioa azpimarratu dute.