
Hirugarren eguna izan du ostegun honetan Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketak. Fiskaltzak zein akusazio partikularrak lau eta bost urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituzten auzipetuentzat. Zehazki, bost urtekoa salaketa jarri zuen gizonaren bikotekide ohiarentzat eta Mikel Arregi alkatearentzat, eta lau urtekoa emakumeari babesa adierazi zioten gainerako laurentzat.
Gaurko saioan, ordea, akusatuen eta salatzailearen bikotekide ohiarn deklarazioak entzun ondoren, fiskalak erretiratu egin ditu espetxe zigor eskaera guztiak. Salatzailearen bikotekide ohiarentzat kargu guztiak kendu eta absoluzioa eskatu du, eta emakumeari babesa adierazi zioten bost herritarrentzat isuna galdegin du, baina hasieran eskatzen zituen 30.000 euroetatik 15.000ra jaitsi du, zortzi hilabetez eguneko sei euroko isuna, hain zuzen ere. Ministerio publikoaren iritziz, ez da izan integritate moralaren aurkako deliturik, akusatuei leporatzen zieten bezala, baina bai «hertsatze» delitua, horregatik eskatu ditu isunak.
Akusazio partikularrak, berriz, bost urteko kartzela zigor eskaerari eutsi dio. Defentsak, guztientzat absoluzioa.
Tratu txarren biktima izan zen
Salatzailearen bikotekideak bere deklarazioan esan duenez, tratu txarren biktima izan zen. Ez zuen gertatutakoa salatu, «beldurragatik», baina Donostiako Gizarte Zerbitzuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Genero Indarkeriaren Biktimen Arretaren eta Ertzaintzaren arreta jaso zuen.
Deklarazioan adierazi duenez, harremana hasi zenetik gizona «oso jeloskor» jartzen zen, eta, beraz, lagunekin irteteari utzi zion. «Kontrolatzailea» ere bazela azaldu du, telefono mugikorra utzi behar izaten baitzuen, hark mezuak berrikus zitzan.
Zehaztu duenez, haurdunaldia, 2015ean, «jauzi kualitatiboa» izan zen gizonak erabiltzen zuen indarkerian.
Hasiera batean ilusionatuta agertu bazen ere, haurraren aitak behin bakarrik lagundu zion medikuarenera, eta orduan ginekologoari bakarrik galdetu zion ea hormona bat eman ziezaiokeen «sexu-harremanak izateko gogoa izan zezan, baina ez zen haurraz interesatu».
Emakumeak adierazi duenez, telebistan genero indarkeriari buruzko informazioak agertzen zirenean, gizonaren erreakzioa zen «emakume guztiak putak eta manipulatzaileak» zirela.
Haurra hazterakoan «umearen zaintzarekin guztiz bateraezinak» diren «gertakariak» bizi izan zituela adierazi du.
Kontatu duenez, askotan, aita «goizeko bostetan» iristen zenean, «edanda eta bere onetik aterata», haurra esnatzen zuen eta haren negarraren aurrean «berak barre egiten zuen».
2016ko azaroan, harremana etetea eta amaren etxera bizitzera joatea erabaki zuen, eta egoera horri eutsi ahal izan zion familiaren eta lagunen laguntzari esker; hiru auzipetuta daude.
«Une horretan ez nintzen gai tratu txarrei buruz hitz egiteko, jokabide desegokiei buruz bakarrik», aitortu du emakumeak, eta gogoratu du bere ingurukoek salaketa bat jartzeko gomendatzen ziotela.
«Salaketarik gabe niri hori guztia egiteko gai bazen, zer ez ote zen gai egiteko izango salaketa batekin. Beldur handia nuen», nabarmendu du.
«Ez zen presio sozialik egon»
Mikel Arregi Zestoako alkate eta auzipetuak deklaratu duenez, gertakarien unean oposizioko zinegotzia zen; aitortu du 20 urtez salatzailearen laguna izan zela eta ezker abertzaleko militantzia partekatzen zuela harekin.
Kontatu duenez, bikotekideak laguna utzi zuela jakin zuenean eta haren egoera emozionala ikusita, adiskidetasunez proposatu zion haurra amarekin geratzea lehenengo hilabeteetan, kasua ez judizializatzeko, baina honek uko egin zion.
Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek idatzi zuten txostenari dagokionez, adierazi du Udaleko Gizarte Ongizateko batzordeak, une hartan EAJ buru zela, aho batez bozkatu zuela aldatu egin behar zela, «inpartzialtasun faltagatik»; izan ere, kereilagileak Udalean lan egiten zuen eta bere abokatua «15 urtez udal aholkularia izan zen».
Arregik ukatu egin du Zestoan salatzailearekiko presio sozialik egon zenik, eta «egiari muzin» egin zaiola ondorioztatu du
Ostiralean, ondorioak
Epaiketa ostiralean bukatuko da eta orduan azalduko dituzte alde guztiek beren ondorioak. Gainera, akusatuek azken hitza hartzeko aukera izango dute, epaiketa sententziaren zain geratu aurretik.
Asteazkeneko saioan, Arartekoaren teknikari batek deklaratu zuen eta Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek ez zutela zuzen jokatu adierazi zuen.

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai
