
Atzo abiatu zen Donostiako epaitegian Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa. Gizonezko baten integritate moralaren aurkako delitua egotzita ari dira epaitzen salatzailearen bikotekide ohia eta hura babestu zuten bost lagun. «Elkartasun feminista» adierazteagatik epaituko dituztela salatu dute epailearen aurrean eseri direnek eta Mugimendu Feministak.
Asteazken honetan Arartekoaren teknikari batek lekukotza eman du epailearen aurrean eta adierazi du Zestoako zerbitzu sozialek ez zutela «zuzen» jokatu. Egindako txostena «ez zen inpartziala eta objektiboa izan», esan du: «Ez zen bat etorri indarkeriazko testuinguru batean aplikatu beharreko estandar juridikoekin». Arartekoaren teknikariak azaldu duenez, emakumeak kexa bat aurkeztu zuen gizarte zerbitzuek egindako txostena «partziala» zelako, eta datu esanguratsu guztiak ez zituelako jasotzen.
Arartekoak Zestoako Udalari informazio guztia eskatu zion, eta ondorioztatu zuen informea ez zela «inpartziala» izan; gainera, gizonezkoa udal langilea dela kontuan hartu beharrekotzat jo du teknikariak. Salaketa jarri zuen gizonaren abokatuak gizarte zerbitzuak «aholkatu» zituela eta «informazioa trukatu» zutela ere salatu du. Testuinguru horretan, Arartekoaren ustez kasua Gipuzkoako edo Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetara bideratu behar zen, presazko prozedura baten bidez.
Epaiketak ostegunean jarraituko du, akusatuen deklarazioarekin.
Zestoako Udalaren adierazpena
Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eserita dauden Zestoako sei herritarrei babesa adierazteko Zestoako Mugimendu Feministak aurkeztutako adierazpenarekin bat egin du Zestoako Udalak. EAJk abstenitu egin da.
Astearte iluntzean onartu zuten adierazpena Zestoako Udalean, eta Garikoitz Mendizabal EAJko kideak zehaztu zuen bere alderdiak babesa adierazten diela akusatuei, baina ez datorrela bat adierazpenean jasotzen den guztiarekin, eta horregatik jo zutela abstentziora.
«Gizonen arteko konplizitate sareen eta anaidien funtzionamendua» eta «sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala» salatzen ditu aipaturiko adierazpenak, eta horregatik, ezinbestekotzat jotzen du «indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea eta epaituko dituzten sei herrikideen aldeko elkartasun feminista indartzea». EAJ baieztapen horrekin ez datorrela bat argitu zuen Mendizabalek.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai
