NAIZ

CAFek 1.700 milioi euroko kontratua itxi du Belgikan tren berriak egiteko

Belgikako trenbide-kudeatzaile publikoak erabaki du CAF enpresaren eskuetan uztea AM30 tren flota berria diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko ardura. Horrela, lehen eskaeran 1.700 milioi euro irabaziko ditu CAFek, gutxienez 1.800 tren eginez 2030erako.

Euskal Herrriko BDZk manifestazioa antolatu zuen ekainean salatzeko CAF tren enpresaren kontratuak Israelekin.
Euskal Herrriko BDZk manifestazioa antolatu zuen ekainean salatzeko CAF tren enpresaren kontratuak Israelekin. (Jon URBE | FOKU)

SNCBk (Société Nationale des Chemins de fer Belges) Belgikako enpresak iragarri du ostiral goizean CAF konpainiari esleitu diola egun kudeatzen duen unitateen parkea berrituko duen AM30 trenen flota berria diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko kontratua. 180 tren egiteko sinatu da kontratua, eta, horri esker, 1.700 milioi euro irabaziko ditu CAFek. Hori gutxi balitz, 380 unitate gehiago egiteko aukera izango du trengintzako enpresak, eta 3.400 milioi eurora iritsi daitezke etekinak.

Hasiera batean, akordio saiakerak hautsak harrotu zituen Belgikan, batez ere, herrialdeko sindikatuek eta alderdiek egindako presioen ondorioz. Izan ere, salatzen zuten CAFek parte hartzen zuela Israelek legez kanpo okupatutako Palestinako kontratu batean. Gainera, Belgikako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi zuen esleipena behin-behinekoz, CAFen hautaketa zehatzago justifikatzeko eskatu baitzuen.

Haatik, ziurgabetasunari amaiera eman diote CAFek eta SNCBk, lehen kontratua sinatuz. Hain zuzen ere, lehen trenak eskatu dizkio dagoeneko trengintzako enpresari. Lehen eskaera 1.700 milioi eurokoa da, 180 bagoirentzat, 54.000 plazarekin, eta 2030ean jarriko dira zerbitzuan. Horrez gain, CAFek jakinarazi duenez, etorkizunean gehienez beste 380 unitaterekin hornidura handitzeko aukerak aurreikusi dira (170.000 plaza).

Esperientzia 

SNCB Belgikako tren enpresa nazionala da, 1926an sortu zen, eta gaur egun 17.000 langile baino gehiago ditu. Urtero 250 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu 3.700 kilometroko trenbide sarean, eta InterCity eta eskualdeko tren lineak kudeatzen ditu. Hala, Belgikako hiri eta eskualde nagusiak lotzen ditu, eta herrialdearen mugikortasunean funtsezko rola betetzen du.

CAFek azken urteotan Belgikan, Herbehereetan eta Luxemburgon egin duen «ibilbide luzea» nabarmendu du SNCBk: «Kontratu garrantzitsuak lortu ditu besteak beste, Bruselarako metro unitateak, Amsterdamerako metro eta tranbia unitateak eta Luxenburgo, Utrecht, Anberes eta Lieja hirietarako tranbiak. Gainera, Herbehereetako NS (Nederlandse Spoorwegen) operadoreari 200 aldiriko tren baino gehiago hornitu dizkio, besteak beste».

Gasteizen ere bai

Aldi berean, Euskotrenek CAFi esleitu dio bederatzi tranbia fabrikazioa, Gasteizko tranbiaren Zabalganako adar proiektatua martxan jarri ondoren zerbitzua eskaini ahal izateko. 48.801.000 euroko inbertsioa izango da, eta 2028tik 2029ra bitartean pixkanaka entregatu beharko dira.

Tranbia berriek zazpi modulu dituzte, 44 metro luze dira eta 400 lagunentzako edukiera dute. Gaur egun zirkulazioan dauden zazpi tranbia eta une honetan egiten ari diren hiruren luzera bera izango dute, Lakuako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Bestalde, Euskotrenek parkeko piezen hornidura ere esleitu du, hau da, mantentze lanetarako beharrezkoak diren ordezko elementuak, 4 milioi euro inguruko inbertsioarekin.