Ganadua, txerria eta artisauak, Arrasateko santamasetako protagonistak
Asteleheneko Santamas eguneko protagonistak, ohi bezala, ganadua, txerria eta artisauak izango dira, eta horiekin batera, ardi-moztaile eta zaldi-ferratzaileak. Aurten ez da inguruko baserrietako hegaztirik izango, baina jai giroa berotzeko ez dira faltako musika, dantza eta kirol ekitaldiak.

Arrasateko Santamas Komisiñuak, Udalak eta herriko hainbat kultur eragilek prest dute aurtengo Santamas jaietako egitaraua. Ekitaldi nagusiak, ohi bezala, abenduaren 22an izango badira ere, egitaraua joan den asteburuan abiatu zen hainbat kultur ekitaldirekin eta kuadrillen arteko herri krosarekin. Asteburu honen hasieran ere izan da hainbat ospakizun, hala nola AEDk antolatutako bertso saioa eta kantujira eta erromeria.
Domeka honetan ere egitarau zabala izango da; izan ere, goizeko 10.00etan Gabonetako artisautza azoka irekiko da, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik. Arratsalderako, santamasetako dantzaldia, erraldoi eta kilikien kalejira, “Meri Xendo” txerriaren aurkezpena, zezensuzkoa eta gaztetxeko kontzertuak daude iragarrita.
Santamas egun handia, ordea, astelehenean izango da aurten, baina horregatik ez da girorik faltako herriko bazter guztietan. Goiz osoan, ganadu feria, fruta, barazki postuen eta herriko saltokien azoka egongo da zabalik, baita artisau langintzen jardueren feria ere.
Aurtengo ganadu azokan ez da inguruko baserrietako hegaztirik erakusgai jarriko, hegazti gripeagatik debekatuta dagoelako. Hala ere, urtero bezala, ganadu erakusketa izango da Arizmendiarrieta plazan. Bertan ikusgai egongo dira behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak eta ardiak, herritar eta bisitari guztientzat inguruko abeltzaintzaren erakusleiho ezin hobea osatuz.
Animalia guztien artean, hala ere, aurten ere Aretxabaletako Zaloña Aurre baserritik ekarritako “Meri Xendo” txerria izango da protagonista nagusia, 180 kilo baino gehiago dituen animalia. Goizeko 10.00etan aurkeztuko dute Portaloian eta egun osoan zehar zozketarako txartelak salduko dira jaiaren antolaketak sortzen dituen gastuei aurre egin ahal izateko. Saria, urtero bezala, 500 eurokoa izango da eta zozketa iluntzeko 20.00etan egingo da herriko plazan. Antolatzaileek dei egin diete arrasatearrei zein kanpotarrei herriko plazara gerturatu, aberea ezagutu eta txartelak erosteko. Izan ere, ekimen honetatik ateratzen diren etekin ekonomikoak dira festaren prestaketarako sostengu ekonomiko nagusia.
BASERRIKO LANBIDEAK
Gainera, aurtengo azokan berrikuntza berezi batzuk ere izango dira: Mikel Velasko artzain arrasatearrak ardi-mozketa erakustaldia eskainiko du, bi saiotan (11.00etan eta 13.00ean) eta eguerdiko 12:00etan, zaldi-lanen erakustaldia ere izango da zuzenean: zaldiak ferratu egingo dituzte Juan Ignacio Regorigo ferratzailearen eskutik.
Zaldiak ferratzea animalien hanka-zaintzarako oinarrizko lana da: azkura eta zauriak saihesteko, ibileraren oreka mantentzeko eta zaldiaren osasun orokorra bermatzeko ezinbestekoa izaten da. Aldi berean, ardi-mozketak ere garrantzi handia izan du Euskal Herriko abeltzaintzan, ardiei udako beroa hobeto jasaten laguntzeaz gain, artilearen aprobetxamendua ahalbidetzen duelako.
Ganadu erakusketarekin batera, aurten ere forja erakustaldia eta larrugintza tailerra izango dira, goizeko 10.30etik eguerdiko 14.00etara. Iker Gabilondoren eskutik, metalaren formaren eraldatze prozesu desberdinak ikusteko aukera izango da, bertan forjaren oinarrizko teknikak garatuko direlarik. Eta Elisabeth Alberdiren eskutik, larrugintza tailerra izango da zuzenean.
JAI GIROA
Astelehen honetako jai giroa berotzeko ere ekitaldi ugari izango dira egun guztian zehar: Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeen emanaldiak, txistulari, gaitero, trikitilari eta albokarien kalejirak, Iturengo joaldunak, Incansables txaranga… Eta eguerdian ohiko txerri-dantza herrikoia egingo da plazan.
Kirol ekitaldiak ere ez dira faltako egun honetan. Horrela, eguerdiko 12.30ean Zaldibar frontoian aizkolarien arteko lehia izango da eta arratsaldeko 18.00etan, Uarkape Udal pilotalekuan, profesional mailako pilota partidak izango dira: Bakaikoa-Lizeaga Murua-Eskuzaren aurka, eta Jaka-Iztueta Peio Etxeberria-Rezustaren aurka.
Gastronomiak ere, nola ez, leku berezia izango du aurtengo santamasetan eta herriko plazan taloak salduko dituzte hainbat postutan, txistor, gazta edo hirugiharrez beteta. Eta eguerdian, herri bazkaria izango da Musakolako kiroldegian; izan ere, bertan dioten moduan, «Arrasaten ezta santamasik herri bazkai barik». Arratsaldean jai giroak jarraituko du dantza emanaldiekin, Mugi Panderoa taldearekin eta gaztetxeko DJ emanaldiarekin.
EGUBERRIAK, GAINEAN
Santamas egun honek jarraipena izango du datozen egunetan eta bat egingo du Eguberrietako ospakizunekin. Horrela, abenduaren 23an, martitzena, Gabonetako artisautza azokak zabalik jarraituko du Seber Altube plazan eta arratsalderako Maider Alcelayren ipuin kontaketa eta Ruper Ordorikaren kontzertua daude iragarrita.
Eguaztena, abenduak 24, gabon bezpera izango da eta egun horretan ere artisautza azoka zabalik egongo da; bertan enkoadernazio ikastaroa eskainiko dute. Egun guztian zehar, Olentzeroren gutunak jasoko dituzte eta arratsaldeko 18.30ean Olentzeroren etorrera ospatuko dute Monterronen.
Olentzerok eta bere laguntzaileek Otalora, Maalako errabala eta Erdiko Kalea zeharkatuko dituzte. Ibilbidea amaitzean, arratsaldeko 19:00ak aldera Olentzero herriko plazara iritsiko da eta Arrasateko haurrak agurtuko ditu. Jarraian, Goikobalu abesbatzak gabonetako kantaldia eskainiko du herriko kaleetan egunari amaiera emateko.

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

