«Santamasetako azokan, eramandako guztia saltzen dugu»
Arrasateko santamasetako azokan ez da faltako aurten ere Errastiko Ogiaren postua. Osagai ekologikoekin eta egur labean egindako ogiak eta gozoak prestatzen dituzte Naiara Uriartek eta Xabi Abasolok, azken honen amonaren baserrian bertan eta hark irakatsitakoari jarraituz.

Errastiko Ogia orain dela bost urte Bedoña auzoan sortutako proiektua da eta, denbora horretan egin duen ibilbidean, sekulako estimazioa lortu du ez bakarrik bailarako biztanleen artean, baita Euskal Herri osoan ere. Naiara Uriarterekin hitz egin dugu santamasetako azokaren inguruan.
Zer da zuentzat santamasetako azoka?
Gu bertakoak gara eta guretzako urteko azokarik garrantzitsuena da. Biltzen den jendea ikaragarria da.
Gaur egun, azokak festa egiteko aitzakia direla diote...
Ez, Arrasatekoa ez da jendea begiratzera joaten den azoka bat, baizik eta erostera joaten dena. Gure kasuan, gainera, ezagunak gara eta asko saltzen dugu. Gehiago eramango bagenu, dena salduko genuke.
Zergatik da garrantzitsua azoketan parte hartzea?
Guretzat hurbiltasuna da garrantzitsuena. Jendeak ogia nork egiten duen jakin nahi du, hitz egin... Gaur egun bezeroak ez du hitz egiten ekoizlearekin. Azokek azalpenak emateko aukera hori ematen digute.
Santamasetatik aparte, zer azoka gehiagotan parte hartzen duzue?
Arrasaten bertan, urtean zehar hiru hiletik behin bertako produktuen azoka egiten da eta hor beti egoten gara. Eskualdeko azoketara joatea ere gustatzen zaigu, adibidez, Aretxabaletan egiten direnetara, ezaguna zaren herrietan hobeto saltzen baita. Eta, horretaz gain, azoka berezietara ere joaten gara, hala nola Gernikan urriko azken astelehenean egiten denera.
Errastiko labean mota askotako ogiak eta gozoak egiten dituzue. Zeintzuk dira gehien saltzen direnak santamasetan?
Kontuan hartuta urte amaierako azoka dela, Gabonetarako produktuak saltzen ditugu. Adibidez, gabonetako galleta bereziak, espeziekin egindako bizkotxoak, turroi tartaleta, almendrazko pastelak eta polboroiak... Txoripanak eta momentuan jateko mokaduak ere asko saltzen dira.
Hala ere, zuen produkziorik handiena ogia da ezta? Zein da zuen ogiaren berezitasun nagusia?
Bai, egun berezi hauetan gozo asko saltzen dira, baina urtean zehar gure lanik handiena ogia egitea da. Guk irin ekologikoak erabiltzen ditugu, pestizidarik eta produktu kimikorik gabekoak, harrizko errotan ehotakoak, astiro, bere zapore bereziarekin. Eta gure ogiak egur labean erretzen ditugu, horrela egindako ogiak ez dauka zerikusirik merkatuan dauden beste ogiekin.
Zuen postura hurbiltzen denak, zer ogi mota aurkituko ditu?
Gehien saltzen dena gari integrala erabiliz egindako ogia da. Eta horrekin batera, espeltazkoa, zekalezkoa, sesamoduna eta haziduna, guztiak integralak. Gari zuriarekin kurkuma, mahaspasak eta intxaurrak dituen ogia ere egiten dugu, baita baserriko ogia eta txapata ere, azken hori zekale eta zuriaren arteko nahasketa. Azoketan asko eskatzen dute kurkumarekin, mahaspasarekin eta intxaurrekin egindako ogia, kolore hori deigarria duelako eta jendeak arto irinarekin lotzen duelako.

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

