
Erik Jakak eta Martxel Iztuetak Binakako Txapelketako hirugarren garaipena eskuratu dute astelehen honetan, Arrasateko Uarkapen pilotalekuan, azken txanpan 18-21ekoari buelta emanda oraindik punturik batu ez duten Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka (22-21).
Emozioz beteriko neurketa ikusi ahal izan dute Uarkapera gerturatu diren pilotazaleek, gehienbat azken txanpan, eta azken tantoa ere nahiko polemikoa izan da. Lehen bost jardunaldietan punturik bildu ez duen bikotea garaipenetik oso gertu zegoenean, gorriek markagailua irauli eta azkenean ezustekoa eman dute. Hori bai, azken tantoan, Iztuetari ihes egin dion pilotakada batean, Peio Etxeberria besagain bat ematera zihoanean, Jakak oztopo egin dio eta Rezustak ezin izan du pilotakada onera eraman.
Polemikak alde batera utzita, egia esateko, alde batera eta besterako partida izan da. Lehenengo tantoa urdinen aldekoa izan bada ere, gorriek segituan hartu dute aurre 5-3kora arte. Momentu horretan Zenotzeko aurrelariak eta Bergarako atzelariak markagailua iraultzea lortu dute eta bazirudien 7-10ekoarekin urdinek pixkanaka aurrera egin zezaketela.
Baina ez. Gorriek ez zuten hain goiz amore emateko gogorik eta 0-5eko beste partzial batekin erantzun dute (12-10). Hala, norgehiagoka nahiko berdinduta egon da tarte horretan, baina urdinek lau tanto egin dituzte jarraian 17-20koa ipintzeko, eta ondoren 18-21 ere aurreratzeko.
Garaipena inoiz baino gertuago zuten Peio Etxeberriak eta Rezustak aurtengo txapelketan, baina 0-4ko beste partzial batekin, lehenago aipaturiko jokaldi polemikoa tarteko, urdinen ilusio guztiak uxatu dituzte Jakak eta Iztuetak.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka-Iztueta: 22
Peio Etxeberria-Rezusta: 21
Pilotakadak: 621. Iraupena: 78 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 7-10, 12-10, 12-12, 15-12, 15-15, 16-15, 16-16, 17-16, 17-20, 18-20, 18-21 eta 22-21. Sakez egindako tantoak: 0 Jakak eta 3 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 12 Jakak, 1 Iztuetak, 8 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 1 Jakak, 8 Iztuetak, 3 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
