Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Lan Ikuskaritzak 93 kontratu mugabe egiteko eskatu dio Volkswageni LABen salaketa bat dela eta

Behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtu beharko ditu Volkswagen Navarrak LABek paraturiko salaketa baten ondoren Lan Ikuskaritzak harturiko erabakiaren arabera. Hamar eguneko epea du hori egiteko.

Asier Calderon eta Raul Portillo Iruñeko LABen egoitzen egin duten agerraldian.
Asier Calderon eta Raul Portillo Iruñeko LABen egoitzen egin duten agerraldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lan Ikuskaritzak, LABek aurkeztutako salaketa baten ondorioz, behin-behineko 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volksgawen Navarrari, sindikatuko Nafarroako Industria saileko arduradun Asier Calderonek eta Volkswagenen ordezkari Raul Portillok astelehen honetan jakitera eman dutenez. Horretarako hamar egunetako epea du eta agindutakoa ez badu betetzen enpresak zigor prozedura bati aurre egin beharko dio.

Agerraldian azaldu dutenez, eragindako langile bakoitzeko arau-hauste bat da eta, Ikuskaritzaren arabera, 239 kontratu identifikatu dira guztira bat ez datozenak indarrean dagoen araudiarekin. Gainera, enpresak 151 kontratazio zergatik gauzatu zituen justifikatu beharko du.

LAB: «Araudia sistematikoki urratzen dute»

LABek positibotzat jo du Ikuskaritzaren ebazpena. «Volkswagen Navarrak kontratazio arloko araudia sistematikoki urratzen du, helburu bakar batekin: langile prekarioak, baldintza ekonomiko okerrenak dituzten langileak, lan txanda okerrenak dituztenak, haien onura ekonomikoak handitzeko», salatu du.

LABeko kideek nabarmendu dutenez, «Volkswagen Navarrak behin-behineko langileak erabiltzen ditu plantillari ezartzen zaizkion lan baldintzek eragindako egiturazko absentismoa ordezkatzeko». Horrek esan nahi du hilean 600 euro baino gehiago aurrezten dituztela soldatako kontratu bakoitzeko, plusak eta beste faktore ekonomiko batzuk kontuan hartu gabe.

UGT eta CCOOrekin akordioa

Enpresak honek diru-laguntza publikoetan milioika euro jasotzen dituela kritikatu dute LABeko kideek. Kalitatezko enplegua sortu beharrean enplegu prekarioak izateko erabiltzen dituztela salatu dute. «Volkswagen Navarrak inpunitatez jokatzen du UGT eta CCOO sindikatuekin egindako enplegu akordioari esker, nahi duena egin dezakeelako enpresa batzordeari kontratazio arloko azalpenik eman gabe, eta uste du berdin joka dezakeela Administrazioarekin», gaineratu dute.

LABek ohartarazi duenez, «akordio opaku honek, enpresa batzordearen kontrolik gabekoak, aukera ematen dio konpainiari askatasunez erabakitzeko zer kontratu formalitzen dituen, bai mugabeak bai aldei baterakoak, gainbegiratze eta egiaztapenik gabe». Sindikatu honen arabera, ez dira ezagutzen ez hautaketa proben emaitzak, ez Giza Baliabideen balorazioak eta kontratazio behar errealak ere.

LABek gogorarazi du kontratuen kopiak Lan Ikuskaritzan hainbat erreklamazio egin ondoren soilik eman zirela, eta froga horiek ebazpena egin duen salaketarako baliogarriak izan direla. «Volkswagen Navarrak hitzarmen kolektiboa zein lan arloan indarrean dagoen araudia bete behar ditu», gaineratu du sindikatuak.