
NAIZek eta GARAk larunbatean Aitor Kerejeta Hondarribiko alkate ohiak Zaldunbordako aferarekin lotura duen enpresa batek kontratu zuela argitarturiko berriak «EAJren enpresa sarea argitara» atera duela nabarmendu Abotsanitz taldeak.
EH Bildurekin batera Hondarribiko Udala kudeatzen duen eta alkatetza duen talde honentzat larunbatean argitaraturikoa ez da «harritzekoa». Izan ere, gogoratu duenez, duela sei urte ohartarazi zuten lehen aldiz proiektuaren atzean zegoen «sare politiko enpresariala, EAJren modus operandia agitara ateraz: erakunde publikoak erabili interez pribatuak bultzatzeko eta horrelako hirigintza pelotazoekin poltsikoak bete, betiere interes orokorraren kontura».
Duela sei urte
«Duela sei urte adierazi genuen ere, orduan, ‘putreak Zaldunborda gainean hegan zebiltzatela, diru goseak mugituta’», gaineratu du Abotsanitzek ohar batean.
Larunbatean GARAn eta NAIZen argitaraturikoak duela sei urte salaturikoa baieztatzen duela nabarmendu du Abotsanitzek, «nahiz eta orduan gezurtitzat eta kaleko zurrumurruak besterik ez zirela esan EAJko kideek».
«Hondarribiarrek bazuten susmoa Zaldunbordako makro outleta EAJko kargu publiko eta enpresa sareak bultzaturiko pelotazo bat zela. Eta orain, susmo horiek berretsi egin dira», gaineratu du.
Herritarren nahiaren aurka
«Zaldunbordako makro outleta herriaren gehiengo eta Udaleko oposizio osoaren nahiaren aurka egin nahi izan zuten hirigintza operazioa izan zen, EAJko gobernu taldeak bakarrik babesten zuelarik proiektua. 2019ko irailean, EAJk komunikatu bat plazaratu zuen Zaldunbordako pelotazoa sutsuki defendatuz. Ohartarazpenak, zalantza legalak eta gizartearen aurkako jarreraren gainetik, proiektuak aurrera jarraitu zuen. Azkenean, 2020an, justiziak HAPOa bertan behera utzi zuen, eta horrek makro outletaren bideragarritasuna behin-betiko deuseztatu zuen», gogoratu du Abotsanitzek.
«Izan ere, orain, enpresa sare horrek –betidanik salatu izan dugun horiek– ia hamalau milioi euroko demanda jarri du Hondarribiko Udalaren aurka, proiektua ezin izan dutelako aurrera eraman. Esan bezala, lehen Zaldunborda gainean hegan egiten zeuden putre horiek, orain Udal gainean dabiltza hegan, guztion diru publikoa den milioika euroren bila. Izan ere, garbiak izan gaitezen: enpresa sare honi interesatzen zaion gauza bakarra dirua da, eta kasu honetan, hondarribiarrena den diru publikoa. Zaila da geure buruei ez galdetzea nolako itxuragabekeria eta eskrupulorik ez edukitzea, pelotazo bat eman nahi ostean, orain, hondarribiarrak izatea kudeaketa txar horren ondorioak ordainduko dituztenak pentsaraztea», gaineratu du.
«EAJren erreakzio harrigarria»
«EAJk salaketaren aurrean izan duen erreakzioa harrigarria izan da, bederen. Eskandalu honetan duten erantzukizun politikoa onartu ez ezik, errealitatea manipulatu, Abotsanitz seinalatu eta fikziozko kontakizun edo errelato bat sortu dute. Haiek izan zirenean proiektuaren bultzatzaile eta azken egunera arte haren defentsa amorratua egin dutenak», azpimarratu du Abotsanitzek.
«Zur eta lur geratu gara EAJk izan duen jarreraren aurrean. Bere jokabideak marra gorri guztiak zeharkatu ditu, administrazio publiko, instituzio eta herritar guztion diruari dagokionez», gaineratu du.
Abotsanitzen iritziz, kasu hau «ez da gertakari isolatu bat, Euskal Herrian azkenaldian bizitzen ari garen beste askori gehituko baitzaie (De Miguel, Koldo auzia, Glefaran, Guggenheim-Urdaibai, etab.), klientelismoaren, entxufismoaren eta ustelkeria sistematikoaren adibide garbiak, EAJ alderdiak berak antolatuak. Eta bai, EAJri azala ikusten ari zaio».
Abotsanitzek «argi» dauka: «Zaldunbordako makro outleta pelotazo bat zen, da eta izaten jarraituko du, eta orain, inoiz baino argiago frogatuta geratu da zein den EAJren modus operandia: haiek sustatu, haiek defendatu, baina orain, pikutara joan denean, Hondarribiko hiriak ordain dezala gutxi batzuen diru gosea eta hankasartzea», laburbildu du taldeak.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

